Ahal Dugu-ren kolore moreak tindatu du Gipuzkoa, ustekabean

Eider Goenaga

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan ziren igandean, eta maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak ez ziren izan gertatuko zenaren adierazle. Izan ere, ustekabean Ahal Dugu alderdiak irabazi zituen hauteskundeak Gipuzkoan. 97.664 botorekin, lehen indarra izan da Ahal Dugu, eta haren atzetik gelditu dira EAJ (90.877 botorekin) eta EH Bildu (80.773 botorekin).

Ahal Dugu-k errekor guztiak hautsi ditu Gipuzkoan. Hirugarren aldia da Pablo Iglesiasen alderdia hauteskundeetara aurkezten dena, eta igoera ikusgarria izan du batetik bestera. Iaz, Europako hauteskundeetan, 15.179 boto eskuratu zituen; maiatzean, foru hauteskundeetan, 43.126 boto izan zituen. Oraingoan, babesa bikoiztu baino gehiago egin du.

EH Bilduri egin dio kalte gehien alderdi berriaren presentziak, bai boto kopuruan eta baita eserlekuen banaketan ere. Izan ere, aurreko legealdian Amaiurrek hiru eserleku izan zituen Espainiako Kongresuan, eta oraingoan bakarra eskuratu du —duela lau urte baino 49.282 boto gutxiagorekin—. Gipuzkoan banatzen diren sei eserlekuetatik bi lortu ditu Ahal Dugu-k, eta beste bi EAJk. PSE-EEk aurreko legealdian lortutako eserlekuari eustea lortu du, eta PPk ez du lortu diputaturik —lehen, bakarra zuen—.

Senatuan, berriz, banaketak EAJri egin dio mesede. Hiru ordezkari izango ditu Senatuan, eta Ahal Dugu-rena izango da laugarrena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.