Pasai Antxo. “Saiatu dira gaztetxea ixten, eta guk aukera bat ikusi dugu”

Olatz Mitxelena

Pasai Antxoko gaztetxeak 30. urteurrena ospatu zuen lehengo azaroan. Ia sorreratik Axular plazan izan du egoitza Pasai Antxoko Gazte Asanbladak, udalak utzita. Baina, dirudienez, litekeena da luze gabe egoitza galtzea. Azaroaren 23an bi hilabeteko epea eman zien udalak “gaztetxearen jarduna legeztatzeko” eta beste hainbat baldintza betetzeko. Horiek bete ezean, kanporatuak izan daitezke. Epea urtarrilaren 23an amaituko da, bihar zortzi. Asier Linazasoro Gazte Asanbladako kideak eman dio egoeraren berri Gipuzkoako Hitza-ri.

Iazko azaroaren 7an gaztetxearen 30. urteurrena ospatu zenuten, eta 200dik gora lagun bildu zineten herri bazkarian. Gazte Asanbladak zer balorazio egin du urteurrenaren ospakizunen inguruan?

Eguna oso ondo atera zen, hasieratik pentsatu bezala. Jende heldu asko bildu izanak harritu gintuen gehien. Oso pozik gaude egun hartako festarekin. Antolatu genituen kontzertuetan ere jende asko bildu zen, eta herritarrek primeran erantzun zuten. Lan txandak-eta antolatzeko ez genuen batere arazorik izan. Parte hartzea handia izan zen.

Handik gutxira Loreak filmaren proiekzioa bertan behera utzi behar izan zenuten, udalaren debeku bat zela medio. Oraintxe zertan da gaztetxearen eta udalaren arteko harremana?

30. urteurrenaren ondoren hausnarketa bat abiatu nahi genuen. Jende gaztea erakarri nahi genuen gaztetxera, proiektua berritu. Loreak filmaren proiekzioak proiektu horren hasiera izan behar zuen. Jarduera batzuk prestatuak genituen, pixkanaka-pixkanaka jendea gaztetxera hurbiltzeko, eta hurbiltze horretan jende gehiagorengana iristeko; baina proiektu hori hasieratik ukatu zitzaigun. Udaltzainak etorri ziren gaztetxera, esanez inongo jarduerarik ezin genuela egin. Orri bat erakutsi ziguten, eta ez ziguten bestelako azalpenik eman.

Azkenean, filma ez ematea erabaki genuen egun hartan. Edonola ere, gaztetxeari ez zaio oraindik ofizialki jakinarazpenik iritsi. Badakigu, bizilagunen salaketa batzuk direla medio, udalak eskatzen digula baldintza batzuk bete behar ditugula jarduerak egiteko orduan. Gaur egun ezin dugu ez aparatu elektronikorik jarri, ez filmik eman, ez musikarik jarri… oso mugatuak gaude.

Baina taldearen jarduna ez da eten. Nola erantzungo diozue egoera honi?

Aurrez bagenekien arazo bat bazela, eta saiatu ginen bai bizilagunekin, baita udalarekin ere hitz egiten. Bizilagunen salaketak egun oso zehatzetan jarritakoak dira; Sagardo Egunean, sanferminetan, San Fermin Txiki jaietan… Udalak eskatu digu gure jarduera legeztatzeko, baina taldeak erabaki du bide hori ez egitea. Proiektu berri batekin hasi gara, eta herriari gehiago zabaldu diogu asmoa. Momentu honetan horretan gaude. Oraingoz, dena dago zuri.

Udalarekin elkartzeko zain gaude, baita bizilagunekin ere, gauza batzuk ezin ditugulako egin, eta ez gaudelako prest beste batzuk egiteko. Hala ere, akordio bat egiteko prest gaude.

Udalera jo duzuenean zein izan da erantzuna?

Izaskun Gomez alkatearengana [PSE-EE] joan ginen, eta berak Nahikari Oterminekin [Hirigintza zinegotzia, EAJ] bildu behar genuela esan zigun. Hala ere, zein baldintza bete behar ditugun azaltzeko oporren ondotik gutun bat bidaliko zigutela agindu zigun alkateak. Oraindik itxaroten gaude.

Bien bitartean proiektu berria eraikitzeari ekin diozue, ezta?

Berrogei bat lagun elkartu gara, eta hiru batzar egin ditugu. Erabaki dugu hutsetik hastea, eta beharrak aztertzen hasi gara, bai gaztetxe barruan, bai gaztetxetik kanpo. Saiatu dira guri gaztetxea ixten, eta guk aukera bat ikusi dugu. Proiektu berri bat abiatuko dugu. Edonola ere, akordio bat lortu nahi dugu udalarekin, eta ezarri zaigun epea luzatzeko eskatuko diogu, erabilera arauak negoziatzeko. Badakigu lokal hau, berez, dituen baldintzengatik mugatua dagoela —etxebizitzak daude goialdean—, baina akordioa lor daiteke.

Gaztetxearen urteroko zita garrantzitsuenetakoa bertan da. Inauterietarako deialdiari eustea erabaki duzue.

Planteatu zen ez egitea, baina jendeak berehala erreakzionatu zuen, eta gure ohiko jarduerekin are eta indartsuago jarraitzea erabaki genuen. Horregatik saiatu gara gaztetxeari lotutako gai bat plazaratzen. Gaztetxearen logoa erlea denez, horixe hautatu dugu. Jendea erlez mozorrotzea lortu nahi dugu, baina erlea gaztetxearen gaia plazaratzeko baliatuta. Erleak, baina bestelako zerbaitez mozorrotutako erleak: erle langileak, erle kirolaria, musikariak… Beti bezala, tabernariei ere egingo diegu parte hartzeko gonbidapena, eta herritarrei inoiz baino gehiago parte hartzeko eskatuko diegu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.