“Amuarrainak askatu eta nola joaten diren: hori gustatzen zaie umeei gehien”

A. Maiz

Arrantza intentsiboko barrutien balioa nabarmendu du Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lehendakari Martin Lasak. Haurrei gehiena gustatzen zaiena, jaregin eta amuarraina uretan atzera nola joaten den ikustea dela dio.

 

Zer moduz funtzionatzen dute Gipuzkoako hiru barrutiek?

Araxes eta Leitzaran betikoak dira. Leitzaran askozaz nahiago du jendeak, erreka handixeagoa delako eta beste inguru bat delako. Araxes oso ondo dago orain, egunetik egunera enpresak ere txukunago ari dira eta; dezente jende dabil. Agauntza lehengo urtean jarri genuen, eta nahiko poliki funtzionatu du. Aurten beste aukera bat eman diogu, segitzeko. Nik uste pixkanaka sartuko dela hirugarren barruti moduan.

Amuarraina hil gabeko arrantza egiten da. Kontzientzia aldatzeko garrantzitsua da hori, ezta?

Arrantza kirol moduan ulertzen dugu guk. Federazioa ere kirol arlokoa da. Orduan, kirol gisa, ezin dugu hiltzea barneratu. Arraina hil daitekeen tokietan ere gu normalean hil gabe aritzen gara. Umeei ere txikitatik hil gabe ari gara erakusten. Eta ikusten da aldaketa: behin ere arrantzan egin ez duten umeekin ari zarela, askatzen erakusten diezu, eta gehien zer gustatu zaien galdetuta erantzuten dute askatu eta nola joaten diren ikustea. Umeari ilusio handiena horrek egiten dio.

Urte guztian ibil daiteke. Arrantzaleek eskertuko dute hori ere.

Bai, noski. Zenbat eta amuarrain gutxiago hil, urte guztirako orduan eta amuarrain gehiago. Jendeak gehiago gozatzen du.

Errekak nola daude Gipuzkoan?

Kutsadura aldetik, asko ari dira lehengoratzen. Kanalizazioak-eta egin dira. Baina toki guztietan zikinkeria asko dago. Jendeak oraindik dena errekara kultura dauka. Kontzientzia hartu behar da erreka ez dela zabortegia. Arazo handiak dauzkagu horrekin. Itsusi egiten du, eta, gainera, ez da batere ekologikoa.

Beste arazo handi bat presekin dago: eskalarik gabe daude. Pena da, zeren izokinak Villabonaraino igotzen baitira, baina ezin dira gorago igo presagatik. Bestela, Tolosaraino igoko lirateke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.