“Alegian denetatik duzu, eta herriko jendea oso atsegina da”

I. G. L.

Hernialden jaio zen Mari Jose Leunda Imaz, eta orain 30 urte inguru bizi da Alegian. “Ezkondu, eta hemen bizitzen jarri nintzen”. Ezkondu aurretik ere ostalaritzan jarduten zuen, eta ondoren ere lan horretan aritu da. Egun, herriko plazan bertan dagoen erretirodunen tabernaren ardura du.

Zenbat denbora daramazu erretirodunen tabernan?

Aurretik, hamalau urtez, lagun batekin Guria taberna izan nuen, eta gero taberna hau hartu nuen. Hamahiru urte daramatzat hemen.

Nolakoa da ostalaritzaren lanbidea?

Gustatzen zaidan lanbidea da, jendearekin hartu-emana izatea gustatzen zait eta. Gogorra ere bada, ordu asko egin behar direlako, egunean 10-12 ordu inguru, eta asteburuetan ere lana tokatzen delako. Eta zenbaitetan jendearen umore aldarteak ere kudeatu behar dituzu; esan ohi den moduan, psikologia ikasten duzu ostalaritzan aritzen zarenean.

Ostalariek herriko kontu askoren berri jasotzen duzue, batetik eta bestetik, ezta?

Bai, kontu asko jasotzen dira. Horrelako lekuetan kontu eta albiste asko esan eta komentatzen dira.

Zer gustatzen zaizu gehien Alegiatik?

Jendea gustatzen zait. Gertukoa sentitzen duzu jendea. Ez da herri handia, eta gutxiago edo gehiago, denak ezagutzen dugu elkar.

Asko aldatu da herria eta giroa, Alegiara bizitzera etorri zinenetik?

Niretzako asko aldatu da. Jende asko merkataritza guneetara joaten da. Nik gogoan dut, aurreko taberna genuenean, Amezketarako bidea egin aurretik, larunbatetan Tolosako azokatik bueltan, amezketar asko geratzen zela hamaiketakoa egitera. Amezketarako errepidea egin zenean, jende asko zuzenean joaten zen herrira, eta lehenago Alegiako herrigunetik pasa eta bertan geratzen ziren. Beste ohitura batzuk ere hartzen joan da jendea. Lehen, ohikoa zen asteburuan mendi buelta bat eginez gero, etxera joan eta gero kalera jaistea lagunekin egotera. Orain hori ez du egiten jendeak, etxean geratzen da. Gaur egun, taberna gutxiago daude. Hemen, plazan, ostiral arratsaldean giro polita izaten da, guraso gazte dezente elkartzen dira.

Herriko txokoren bat aholkatuko zenuke bereziki?

Langaurre leku polita da. Atsedenleku bat dago han.

Nola konbentzituko zenuke norbait Alegiara bizitzera joateko?

Ni oso gustura bizi naiz hemen. Herri txikia da, denetatik duzu, oso erosoa da, eta herriko jendea oso atsegina da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.