“Osasun arloaren aldetik, ezti hobeagoa egitea lortu dugu”

L. A.

Urte askoan Gipuzkoako Erlezain Elkartearen batzordeko kidea eta lau urtean lehendakaria izateagatik omenaldia jasoko du igandean Julian Urkiola usurbildarrak, Maria Iraola emaztearekin eta Jaione Karrerarekin batera.

Igandeko Erlezain Eguna berezia izango da zuretzat. Omenaldia jasoko duzu Zegaman.

Ez dut merezi nik omenaldi hori. Nik ez dut lanik egin Erlezain Elkartean Zegaman ni omentzeko. Baina, azken finean, eskertzen da.

Erlezain Elkartean urte askoan lan asko egindakoa zara.

Lehendakari bezala lau bat urte; batzordean 30 bat urte bai. 17 urte daramagu eskualdeko lehiaketak antolatzen. Zegaman Gipuzkoako txapelketa egiten da, baina aurretik eskualdeetako lehiaketak egiten dira. Eskualde bakoitzeko hiru onenak eramaten ditugu Gipuzkoako lehiaketara.

Zer lortu du Erlezain Elkarteak urte hauetan guztietan?

Geure artean esperientziak trukatzeko balio izan digu, eta hori oso ona da. Elkartzea ona da, bakoitza bere buruari begira egon beharrean bakarrik. Elkartuta beti ateratzen da zerbait. Hobekuntzaren bat etortzen da. Bestetik, osasun arloaren aldetik, ezti hobeagoa egitea lortu dugu.

Eztiaren onurak gizarteratzen ere lan asko egin duzue.

Ez eztiarenak bakarrik, erlauntzaren barruan dauden produktu guztiak sendagai bezala erabiltzea defendatzen dugu. Eztia ez da jateko gozoa bakarrik. Osasun onurak ere asko ditu. Zalantzarik gabe, antibiotiko naturalik onena da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.