Giza Eskubideen Zinemaldia. Jarraitzen du eta hasi da

M. Alustiza

Gaur hasi da ofizialki Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia, baina egunak daramatza martxan. Ez bakarrik jaialdiaren bueltan antolatu dituzten erakusketak zabalik daudelako, baita ikus-entzunezkoen arloan ere. Hilaren 7an hasi zen Donostiako kultur etxeetako zinema zikloa, eta zinemaldia bukatu arte iraungo du. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

Astelehenean Beñat Fontaneda zinemagile gasteiztarraren Gora Gasteiz: izan kolore (2016) emango dute, Aieteko kultur etxean. 2014ko uda ondoren hirian sortutako herri mugimendua lantzen du dokumentalak; testigantzekin eta artxibo irudiekin osatu dute.

Asteartean, berriz, Miele (Italia-Frantzia, 2013) ikusi ahal izango da, Intxaurrondoko kultur etxean. Valeria Golino zuzendariak Ireneren bizitza kontatu du; 32 urte ditu, eta bakarrik bizi da. Irenek denbora luzea darama gaixo terminalei eta hiltzeko nahia agertzen dutenei laguntzen. Filmazpit programaren barruan sartu dute filma; italieraz eskainiko dute, euskarazko azpidatziekin.

Asteazkenean, Ander Salsamendik zuzendutako Energia trantsizioak, piztu aldaketa! dokumentala (2016) emango dute Okendon. Egungo energia ereduaren aurrean, alternatibak badaudela azalduko du lanak, munduko hainbat eredu baliatuta.

Hilaren 21ean, ostegunarekin, immigrazioaren inguruko film laburren bilduma eskainiko dute Tomasenen: Aïssa (2014), Bahar in Wonderland (2014), Einspruch IV (2012), Rétention (2013) eta Se taire (2013). Jatorrizko hizkuntzan izango dira denak.

Kultur etxeetako zikloko azkena Zeresenay Berhane Mehariren Difret (Etiopia-AEB, 2014) izango da. Aieteko kultur etxean ikusi ahalko da hilaren 22an, ostiralarekin —amhareraz, euskarazko azpidatziekin—. Addis Abeban dago girotuta lana. Meaza Ashenafi abokatuak laguntza behar duten emakume eta haur txiroei laguntzeko sare bat sortuko du, eta Poliziaren eta gobernuaren etengabeko jazarpenari aurre egin beharko dio.

Leave a Reply

Your email address will not be published.