“Egiten dugun lana aitortza ari da izaten hemendik kanpo ere”

Eider Goenaga Lizaso

Astigarragako sagardoa munduan ezagutarazteko lanean buru-belarri dabiltza sagardogileak, arrakasta handiarekin. Michigandik (AEBak) itzuli berria da Aitor Bereziartua (Astigarraga, 1983); han sari bana jaso dute Bereziartua sagardotegiak aurkeztutako hiru sagardoek: urrea, zilarra eta brontzea. Apirilean, Frankfurten (Alemania) izan zen, Apfelwein Weltweit sagardo ferian, eta handik Pomme D’Or sariarekin itzuli zen.

1870ean sortu zen Bereziartua sagardotegia; zenbatgarren belaunaldia zarete?

Hirugarrena eta laugarrena ari gara lanean; aita, anaia eta ni.

Astigarragako mugak gainditzen ari zarete, ordea. Nazioarteko lehiaketetatik sariarekin itzultzen zarete beti.

Frankfurtera sagardo batekin aurkeztu ginen, eta Urrezko Sagarra eman ziguten. Michiganen hiru sagardo aurkeztu genituen, eta hiru sari irabazi.

Frankfurten Astigarragako hiru sagardotegik eraman zenuten saria. Zer esan nahi du horrek?

Bai, Astarbek, Zapiainen eta guk. Bakoitzak bere modalitatean eraman zuen saria. Horrek esan nahi du gauzak ondo ari garela egiten, eta egiten dugun lana aitortza ari dela izaten kanpoan ere. Hemen inguruan ezaguna da gure produktua, eta kanpoan ere ari dira pixkanaka ezagutzen, eta hori inportantea da. Sagardoa ari da bere lekua egiten, baina kultura falta da; naturala den kontu horrekin, baina, ari gara ateak irekitzen.

Zer eman dio sagardoak Astigarragari?

Sagardoa eta Astigarraga batuta joan dira aspalditik; herria sagardotegiengatik ezagutzen da, eta nik uste dut asko lagundu diogula batak besteari.

Zergatik hainbeste sagardotegi Astigarragan?

Hori ez dakit. Lehen, Gipuzkoako bazter guztietan zeuden; orain inguru honetan gelditu gara gehienak, baina nik ez dakit zergatik.

Zuk imajina dezakezu sagardorik gabeko Astigarraga bat?

Nik ez. Orain kalean bizi naiz, baina ni sagardotegian bizi izan naiz beti, sagar, botila eta upel artean.

Astigarragan leku kuttunik bai?

Astigarragan denetik daukazu. Donostia gertu dago, mendia daukazu, sagardoa ere bai… Txoko bat aukeratzekotan… sagastiak, edo Santiagomendi, oso leku ederra da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.