“Makinak naturan zer egin eta zer ez erakusteko balio du”

“Makinak naturan zer egin eta zer ez erakusteko balio du”

Asier Zaldua

Victor Barahona (Eibar, 1966) ingeniaria da, eta bere bi jarduera nagusiak permakultura eta Ar Sandbox makinaren garapena dira. Mundu horretan murgildu aurretik, telefonia alorrean eta Mondragon taldeko enpresatan lan egin zuen: automozioan eta irakasle gisa, hain zuzen ere. Bestalde, azken bizpahiru urteetan 3D inprimagailuekin lan egin du. “Goraka doazen teknologietan lan egitea betidanik gustatu izan zait”. Ingurumenak asko kezkatu du umetatik, eta beti haren alde lan egiten saiatu da.

Noiz piztu zitzaizun naturarekiko interesa?

Greenpeace erakundea jaio zenean haur bat nintzen, eta horrek markatu egin ninduen. Hondartzara joaten nintzen, eta gure planetak mugak zituela konturatu nintzen. Ekoizpenari eta kutsadurari mugak jarri behar genizkiela, alegia.

Urte asko daramatzazu ingurumenaren alde lanean.

Ingurumenarekiko nuen kezkak baldintzatu egin ditu nire bizitzan hartu ditudan erabakiak. Ingeniaritza ikasi nuen, eta nire ingeniari jarduna naturaren zerbitzura jarri dut. Ikasketa amaierako proiekturako, uraren kutsadura neurtzen zuen makina bat egin nuen. Hori 1990eko hamarkada hasieran izan zen. Nire lagun batek permaingeniaritza egiten dudala esaten dit.

Zure bi jarduera nagusiak permakultura eta Ar Sandbox makina direla esan duzu. Zer da permakultura?

Permakultura ekosistema naturalak aztertzea eta nekazaritza eta gizartea horiek bezala antolatzea da. Nekazaritzak eta gizarteak ekosistema naturalek funtzionatzen duten moduan funtzionatu behar dutela uste dugu. Bai permakulturak eta bai nekazaritza onbideratzaileak lurra sendatzeko balio dute, emankorragoa egiteko. Bai bata eta bai bestea elikadura subiranotasunarekin lotuta daude.

Zer diozu Ar Sandbox makinari buruz?

Duela urte batzuk ekin nion makina hau egiteari. Nire helburua jendea kontzientziatzea zen. Hardware libreko makina bat da. Hardware libreko makina ezagunenak 3D inprimagailuak dira. Hardware librearen helburua jendeak bere ezagutza partekatzea da. Ar Sandbox makinari dagokionez, Kaliforniako Unibertsitateko irakasle batek egin zuen. Ez dago informazio askorik, eta norberaren talentua oso garrantzitsua da makina hau garatzeko orduan. Honetan hasi nintzenean, zenbat denbora eta diru beharko nuen kalkulatu eta egitea erabaki nuen.

Zure makinak ba al du berrikuntzarik orain arte egin direnen aldean?

Orain arteko makinetan harea erabili dute paisaiak zizelkatzeko. Nik, ordea, arroza erabili dut. Makina egurrezkoa da, eta barruan arroza du. Erabaki horiek iraunkortasunarekin eta elikadurarekin dute zerikusia.

Nola funtzionatzen du Ar Sandbox makinak?

Makinari esker paisaia ezberdinak zizelka daitezke. Hala, euria egiten duenean paisaia horietako bakoitzean zer gertatzen den ikus dezakegu: ura nola mugitzen den, non pilatzen den, uholdeak nola sortzen diren… Haurrei tsunamiak egitea gustatzen zaie gehien.

Munduan halako makina asko al daude?

Mundu osoan ehun bat daude. Nirea Euskadiko lehenengoa da, eta Espainiako Estatuko bigarrena. Makina gehienak oso handiak dira, eta museoetan daude. Nik, ordea, alde batetik bestera eramateko eta erakusteko modukoa nahi nuen. Nire helburua adin guztiko jendeak ezagutzea da. Hori dela eta, bi altueratan jar daiteke: helduentzat eta haurrentzat.

Garestia al da?

Garestia da, bai. Alokatzeko asmoa nuen, baina aldundiarekin hitzarmen bat sinatu nuen eskoletara eta erakusketa aretoetara eramateko. Horri esker, gipuzkoar guztiek makina hau ezagutzeko aukera dute. Dagoeneko 1.200 lagun inguruk ikusi dute. Horietako mila haurrak dira, eta berrehun, helduak. Guztiei asko gustatu zaie. Haurrei eskuak arrozetan sartzea gustatzen zaie, batez ere.

Ar Sandbox makinak erabilgarritasun handia al du?

Bai. Jendeari naturak nola funtzionatzen duen eta zer egin behar den eta zer ez den egin behar erakusteko balio du. Horretaz gain, topografian, hidrologian… oso erabilgarria da. Suhiltzaileek, adibidez, suteen simulazioak egiteko erabiltzen dute. Sute baten agertokia zizelka daiteke (mendiak, haitzarteak…), eta, hala, suhiltzaileek paisaia zehatz batean nola mugitu behar duten ikas dezakete. Nekazaritzarekin lotutako erabakiak hartzeko ere balio du: zuhaitzak non landatu, ur biltegiak non jarri… Askotan erabaki txarrak hartzen ditugu gure lursaila zerutik ikusteko aukerarik ez dugulako. Eta erabaki txarrak hartzen direnean, dirua eta denbora galtzen dira. Nire makinak hektarea bateko lursaila irudikatzeko balio du.

Makina hauek munduan geroz eta hedatuago al daude?

Bai, baina, hardware librea denez, enpresa handiek kopiak egin ditzakete negozioa egiteko. Hori ez da egitasmo honen izpiritua, baina… 3D inprimagailuekin hori gertatu da, hain zuzen ere. 3D inprimagailuak 2009an sortu ziren, baina 2012an hartu zuten indarra. Hasieran, inprimagailuak garatzen lan egiten zuten guztien artean lagun giroa zegoen. Baina, ondoren, enpresa handiak ere 3D inprimagailuak egiten hasi ziren, eta jakinduria osoa bereganatu zuten. Horretaz gain, aitzindariak ito dituzte. 3D inprimagailuak egin zituen lehen enpresak ateak itxi behar izan ditu, enpresa handien presioa jasan ezin izan duelako.

Ar Sandbox makinak egiten dituzuenek ere enpresa handien presioa jasaten al duzue?

Oraindik Ar Sandbox makina gutxi daude, garestiak baitira. Dena den, duela gutxi Errusiako enpresa bat nirekin harremanetan jarri zen: beraien makina eta softwarea saldu nahi zizkidaten. Grazia egin zidan.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure asmoak?

Makina ikastetxeetara eta erakusketa aretoetara eramaten jarraituko dut. Nahi duten guztiek nola funtzionatzen duen ikusi eta saltsan ibil daitezke. Egitasmo honetan bakarrik nagoenez, makina dagoen tokian egon beharra daukat. Etorkizunean, ni bertan egotea behar ez duen makina bat egiteko asmoa dut. Bestalde, bi makina gehiago egin nahi ditut, museoetara eramateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.