“Txorien mundua orkestra batera hurbildu dugu”

“Txorien mundua orkestra batera hurbildu dugu”

Iñigo Terradillos

Txorien mundura darama entzulea Et Incarnatus orkestraren proiektu berriak. Txorieri izenburupean, François Rosse eta Mixel Etxekoparren parte hartzea izan du, eta datorren astean azken grabazioak egin ostean argitaratuko dute. Migel Zeberio (Tolosa, 1966) orkestraren zuzendariaren esanetan, “guztioi hurbilekoak zaizkigun soinuak doinu berriekin uztartzen dira”. Urtero orkestrak eskaintzen duen solstizio kontzertua izango da lan berria ezagutzeko lehen aukera.

Nondik dator txorien doinuekin jolas egiteko ideia?

Ez da ideia berria. XX. mendean izan zen horrelako gauzak egiteko joera, musikaren munduan, bereziki frantziar musikan. Olivier Messiaen frantziar konpositorea, esaterako, musikagilea izateaz gain, ornitologoa ere bazen.

Zuek gisa bereko laguntzarik ere izan duzue proiektua gauzatzeko.

Ideia garatzen hasi ginenean, gure artean ornitologoak ere badirela pentsatu nuen, eta Tolosako elosegitarrak etorri zitzaizkidan burura: Jesus Elosegi eta Ramon Elosegi. Ornitologian aitzindari izan dira XX. mendean. Pentsatu genuen polita izan zitekeela proiektua beraien esperientzia eta ekarpenarekin lotzea. Lotura hori egiteko, haien iloba Migel Mari Elosegi Luze-rengana jo genuen. Basozaina eta bertsolaria da, eta bere bertsoekin parte hartzen du, besteak beste.

Nola deskribatuko zenuke Txorieri proiektua?

Zaila da egiten dugun musika deskribatzea. Txorien mundua orkestra batera hurbildu dugu, hizkuntza oso desberdinak uztartuz. Batetik, herri musika, Mixel Etxekoparren eskutik, nagusiki; bestetik, musika garaikideetan garaikideena izan daitekeena, aurrez grabatutako soinuekin eta; eta, azkenik, orkestra. Horrek guztiak oso giro berezia sortzen du, jendearentzat erabat ezezaguna. Oso erakargarria da. Txorien mundua hain da hurbilekoa denontzat, non emaitza zerbait berria nahiz gertukoaren uztarketa den.

Orkestrarekin batera nortzuk ari zarete?

Olivier Messiaenen ikasle izandako François Rosse piano jotzaile eta konpositorearekin lan egin dugu, eta harekin Mixel Etxekopar txirulan eta kantuan. Horiez gain, Migel Mari Elosegiren bertsoak ere izango dira.

Noizko izango da prest lana?

Maiatzaren bukaeran egin genuen lehen grabazio saioa, orkestrak, eta datorren astean egingo dugun bigarren grabazio saioan geratzen den guztia grabatu asmo dugu.

Dena den, dagoeneko erakutsi dituzue abesti batzuk.

Joan den urtean, Zuberoako Xiru jaialdian eskaini genituen proiektu honetako kantuak, eta Hondarribian ere izanak gara.

Nolako harrera izan zenuten?

Oso ona, eta oso pozik gaude jasotakoarekin. Lan oso interesgarria iruditzen zaigu, eta ilusio handiz ari gara lanean.

Hurrengo jendaurrekoa datorren astean egingo duzue.

Solstizio kontzertuaren bezperara arte Françoise eta Mixel bertan izango ditugu grabaketetan. Et Incarnatus orkestrarentzat urteko kontzerturik hunkigarri eta intentsoena denez, interesgarria iruditzen zitzaigun bi musikari handi horiek gure artean zirela baliatzea, eta grabatu berri izango dugun diskoko kantuak aurkeztea. Gonbidatu gehiago ere espero ditugu, Leire Berasaluze kantuan eta Anjel Unzu perkusioan, esaterako.

Zenbatgarren urtea du emanaldi berezi honek?

Hamazazpigarrena. Lehen lau urteak Uzturre mendiaren gailurrean egin genituen, eta gero kokagune honetara aldatu genuen.

Nondik sortu zen naturak inguratuta kontzertu bat eskaintzeko ideia?

Naturarekin guztiok daukagu harreman handia. Urterokotasunean gizakiok baditugu erreferentzia batzuk, eta horietako bat solstizioa da. Udaren hasiera eta egunik luzeena adierazten du, eta zerbait berezia egiteko egun polita izan zitekeela pentsatu genuen. Barru-barrutik sortzen den behar baten moduan jaio zen.

Gisa honetako emanaldiez gozatzeko aukera handirik ez dago inguruan.

Gure mugetatik at badira naturan ospatzen diren jaialdiak, baina gurean ez dira ohikoak. Beraz, herritar oro gonbidatzen dugu, bai lekuaren berezitasunagatik, bai eta kantuen berritasunagatik.

Aurkezpen gehiago ba al dauzkazue aurreikusita?

Oso zaila da. Ez dago oparotasun handirik gisa honetako emanaldiak egiteko. Uztaritzen, Herri Uzta jaialdian, diskoaren aurkezpena egin asmo dugu, urriaren 7an, eta Danimarkan ere zintzilik dugu emanaldi bat. Baina, horiez gain, ez dugu beste ezer. Donostian mugimendu handia omen dago 2016 potoloarekin, baina nonbait gure proiektuek ez dute pizten beharko luketen zirrara, eta Tolosan ere ez dago inolako interesik. Hala ere, asmatuko dugu zerbait, gure bidea egingo dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.