“Asilo ematea zure esku ez dagoenean, besteen baitan zaude”

“Asilo ematea zure esku ez dagoenean, besteen baitan zaude”

A. Perez-Karkamo

Tantaka, oso poliki ari dira errefuxiatuak Gipuzkoara iristen, espero baino mantsoago. Maribel Bakero aldundiko Giza Eskubideen zuzendariak (Urnieta, 1970) azaldu duenez, euskal erakundeak aspaldi koordinatu ziren, eta Madrilen zain daude. Gipuzkoan, 330 errefuxiatu inguru jasotzeko baliabideak jarri zituzten, baina hogei baino ez dira iritsi.

Errefuxiatuak iristen ez direla ikusita, zer ari da Gipuzkoako Foru Aldundia?

Nik esango nuke galdera gehiago dela Gipuzkoa Foru Aldunditik zer egin genezakeen. Batetik, migrazio eskumenik ez dugu; beraz, ez aldundiak, ez udalek, ezta Jaurlaritzak ere ezin dugu gauza handirik egin. Egin genuena da erakundeen arteko mahaia sortu, gaia nola bideratu jakiteko. Hasieran pentsatzen genuen “gu prest gaude” esan eta denak ekarriko zituztela, kolpe handiarekin etorriko zitzaizkigula. Gero ikusi genuen ez zela horrela, eta ikasi behar izan genuen Espainiako Estatuak nola funtzionatzen duen asiloko eta migrazioaren legearekin. Eta egia esan Espainiakoa ez da asiloko eskaera asko bideratu dituen estatu bat.

Zeintzuek osatzen duzue erakundeen arteko mahai hori?

Erakunde bakoitzak funtzio batzuk ditu, eta guk, mahai horretan, bakoitzak bere ahalmenetatik abiatuta, baliabideak prestatu ditugu. Batzordeetan, Jaurlaritzaz eta diputazioez gain, CEAR Euskadi, Gurutze Gorria eta Caritas ere egon dira. CEAR eta Gurutze Gorria dira estatuak hitzartuta dauzkan erakundeak errefuxiatuen harrera egiteko; horregatik, prozesu horretan beraiekin egiten ari gara bidea. Etxebizitzak ipini egin dira, Osakidetza txartela, erroldatzea… Horiek dira prestatu ditugun baliabideak. Lehen fasean asiloa CEAR eta Gurutze Gorriaren bitartez egiten da, baina protokolo bat ezarri da, eta erakundeek badakigu ze pertsona etorri diren, orain horien esku daudelako. Etorkizunean ez dira egongo, babes hori gabe geratuko dira, eta erakundeek jakin behar dugu zein behar izango dituzten, gure sisteman barneratu.

Estatuek onartutako kuotaren arabera, zenbat dira Gipuzkoara iritsiko diren errefuxiatuak?

Espainiak Siriako gatazkaren inguruan harrera kuota bat ezarri zuen, gutxi gorabehera 18.000 pertsona ingurukoa. Erakundeen arteko mahaian kalkuluak egin genituen: mila pertsona etorriko zirela kalkulatu genuen. Gipuzkoarako beti herena da, hau da, uste genuen Gipuzkoara 300etik gora etorriko zirela. Horiek etorriko zirelakoan prestatu ziren baliabideak. Egia da ia urtebete geldirik egon dela, eta etorri direnean broma zirudiela, “hiru eritrear etorriko dira”… Hiru, gero bederatzi, gero zortzi… Une honetan Euskadin 250 errefuxiatu daude, baina horrek ez du esan nahi justu guk ikusten ditugun krisialdietakoak direnik, Grezia edo Italiakoak direnik, Melillatik iritsitako jendea ere badago, eta baita beste gatazketatik iritsitakoak ere.

Zenbat dira Gipuzkoara Greziatik iritsi diren errefuxiatuak?

Gatazka honen barruan, birkokatzearen inguruan, hogei bat izango dira Gipuzkoan. Baina bada jende gehiago Siriako gatazkatik ihesi etorri dena, bere medioen bidez iritsi dena eta CEAR eta Gurutze Gorriarekin daudenak.

Baina argi dago traba bat dagoela…

Jendea etortzen ari da, baina bai, traba bat dago, eta penagarria da aukera dagoenean, hemengo erakundeak prest daudenean, errefuxiatuek hainbeste denboran egon behar izatea leku horietan, bizi baldintza horietan. Hori da ulertzen ez duguna, nola ez diren tramiteak arintzen.

Orain bi aste Batzar Orokorretan agerraldia izan zuten Hondarribitik Katsikasera joandako boluntarioek. Gaixo larriak dituzten hamabost familiaren zerrenda bat aurkeztu zuten, eta eskaera egin zizueten, familia horiek ekartzeko. Zer bide egin dezake horrek?

Zailtasun gehiagotan dauden familiei lehentasuna eman behar zaie. Hondarribiko boluntarioek prestaturiko txostena Madrilera bideratuko dugu, birkokatze prozesuetan familia horiek lehenago ekartzeko. Justu Euskadira etorriko direla, Gipuzkoara etorriko direla, hori ez dakit. Baina eskatzen diegu lehenago horietan arreta jartzeko, eta fitxa bete ahala, horiek ekartzeko.

Zer sentitu duzue zuek, erakundeetatik, gaia mugitzen ez zela ikusita?

Izan dira momentu batzuk ikusten genuela ez zela ezer mugitzen. Euskal instituzioek asilo eta migrazio eskumenak izango bagenitu, beste era batean hitz egingo nuke. Erabakitzeko aukera baduzu, asmatzen duzu edo hanka sartzen duzu, zure esku dago. Baina asilo ematea zure esku ez dagoenean, besteen baitan zaude. Ez dizut esango momentu batzuk etsipenezkoak ez ditugunik izan, gehienbat ez genuelako ulertzen instituzio batzuk prest daudenean nola ez zen bide hori irekitzen, nola ez zen gertatzen. Frustrazioa, etsipena… bai, nik uste inpotentzia pixka bat izan dugula.

Zer esango zenioke bere etxean errefuxiatuak jasotzeko prest dagoenari?

Erakundeek ere izan genuen eztabaida hori errefuxiatuak multzoka etorri behar zirela uste genuenean, eta herritarrei deia egin genien, laguntza beharko genuela uste baikenuen. Baina gero adituekin hitz egiten duzunean, CEAR eta Gurutze Gorriarekin egoten zarenean, etxebizitzetan sartzeko aukera hori berehala baztertzen dute, beraiengatik, ez datozelako egoera erraz batetik. Ez da egokiena, eta guk aukera dugun bitartean etxeetan egoteko, askoz bideragarriagoa da.

Baina badaude modu asko laguntzeko, kanpalekuetan lan egiten ari diren gobernuz kanpoko erakundeei lagunduz, hara joaten diren boluntarioei lagunduz, hemen daudenei, eta, ibilbide horretan, iristen ari diren errefuxiatuak denbora batez hemen geratuko baitira, beraiei erreparatuz eta laguntza eskainiz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.