Etxerako buelta, beldurrik gabe

Etxerako buelta, beldurrik gabe

Olatz Mitxelena

Emakume askorentzat kezka iturri izaten da jaietan gauez irten eta etxera buelta nola egingo duten erabakitzea. Tamalez, beldurrez etxeratzen dira asko jaietatik itzultzean, eta gaiari lotutako azken albisteek, gainera, ez dute batere laguntzen. Are gehiago, alarma piztu eta emakumeen askatasuna mugatzen dute. Egoera horri erantzun kolektiboa eman nahian, Brigada Moreak antolatzen ari dira hainbat herritan, hain justu, jendea elkartu eta etxera buelta lagunduta egiteko. Gaueko ordu txikietan etxera bakarrik ez joateko talde laguntza da, azken finean, brigadek eskaintzen dutena.

Lasarteko Sorgin Jaietan izan dira Brigada Moreak, baita lehengo asteburuan ere Pasai Antxoko sanferminetan. Pasaian, Topagunea izan da egitasmoaren bultzatzailea. Antxoko sanferminetako ostiralean eta larunbatean irten ziren Brigada Moreak. Bi brigada gau bakoitzeko: lehenengoa, 02:00etan, eta bigarrena, 04:00etan. Herriko zumardian, herriko hainbat eragilek jaietarako atondutako Topagunearen bueltan bildu, eta aldarri moreak eta musikak lagunduta herriari bira ematen zioten, etxera joan nahi zutenei atariraino lagunduz.

Antxoko sanferminak bukatu berri, balorazioa egin dute Topaguneko kideek. “Oro har, balorazioa positiboa izan da”, adierazi du Ane Etxeberriak. Harremantxo talde feministako kidea da Etxeberria, eta, taldearen bitartez, Topaguneko partaide. Zehaztu duenez, Pasaian “mezuari garrantzia” eman nahi izan diote: “Etxera joateko orduan beldurra pasatzera ohituta gaude, eta ez genuen beldur hori gehiago elikatu nahi. Horregatik erabaki genuen honi buelta ematea. Hori dela eta, banderola moreak ateratzen genituen; baita soinua egiteko tronpetak, panderoak eta abar ere”.

Egitasmoak herrian oso harrera ona izan duela nabarmendu du Etxeberriak, nahiz eta etxera jende gehiegi ez dutela lagundu aitortu: “Batez ere, jende gaztea biltzea nahi genuen, eta, horregatik, haiek etxera joan zitezkeen orduak jartzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu jende hori biltzea”. Horregatik, hurrengo urtean 14-16 urte bitarteko gazteekin elkarlanean landuko dute gaia. Edonola ere, iritzi diote “presentzia hutsa” garrantzitsua izan dela, eta jende asko batu zaiela brigadara herriari bira eman bitartean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.