[Museora] San Telmo. Gizartea erdigunean

[Museora] San Telmo. Gizartea erdigunean

Gipuzkoako museoetatik ibilbidea egingo du Gipuzkoako Hitza-k Museora atalean. Astero, lurraldeko museo baten berri emango du. Gaur da lehena: San Telmo museoa.

Olaia Iraola

XVI. mendean eraiki zuten San Telmo museoa, Urgull mendiaren magalean. “1813an Donostia erre zuten, eta bere arkitekturaren zati gehiena erre egin zen. San Bizente eliza eta San Telmo dira ordutik gelditzen diren eraikin nagusiak”, azaldu du Susana Soto San Telmo museoko zuzendariak. 2011n, Nieto Sobejano arkitektoek zaharberritu egin zuten, eta eraikin berri batekin handitu. Ehun urte baino gehiago iraun duten piezak dauzkate museoan: armak, pintura, arkeologiari lotutakoak… Egun, 26.000 pieza baino gehiago dauzkate inbentariatuta.

Zerbaitetan bereiztekotan, San Telmo “hiriko museo sozial bakarra” dela dio Sotok: “Museoak euskal gizartea du muin nagusia, eta, hortik abiatuta, otsoen lepokoetatik [Ignacio] Zuloagaren obra batera arteko aukera dago. Abaniko zabala daukagu, eta guztiek islatzen dute gure gizartea”.

Bi modutan ezagut daiteke “gizarte euskalduna nola aldatzen joan den”. Alde batetik, aldi baterako erakusketak dituzte; eta, bestetik, iraunkorrak. Aldi baterakoen artean, urriaren 2ra arte zabalik egongo da 1516-2016. Bake itunak erakusketa. Ibilbide zabala egiten du bakeak artean duen irudikapen formetatik. 400 pieza baino gehiago biltzen ditu; tartean, Pablo Picasso, Francisco Goya, Charles Edouard Le Corbusier, Peter Paul Rubens, Maruja Mallo, Elena Asins, Nancy Spero, Alice Creischer eta Sophie Ristelhueber artisten lanak.

Aldi baterako dagoen beste erakusketa bat Jokoak. Materia eta Erronka da. Urriaren 12ra arte bisitatu ahal izango da, eta Euskal Herriko kirolak hobeto ezagutzeko aukera ematen du. Sei jokoren bidez murgiltzen da mundu horretan: pilota, arrauna, harri-jasotzea, aizkora, sega eta idi eta giza probak.

Erakusketa iraunkorretan, berriz, eraikinaren historia, gizartearen erronkak, oroimeneko arrastoak, modernitatearen hasiera eta beste hainbat atal landu dituzte. “Museoa arlo anitzek osatzen dute, eta baita erakusketek ere; denetarik aurki dezakegu. Adibidez, Murillo nahiz Picasso bezalako artista ezagunen lanak. Etortzen zaren egunean zerbait aurkituko duzu, eta, hurrengo urtean, guztiz ezberdina den zerbait”. Ana Santo Domingo museoko zaharberritzailearen arabera, Josep M. Serten mihiseak dira museoko “altxor nagusietako bat”: “Elizako horma guztiak hartzen ditu, eta horrek jende asko erakartzen du”. Museoa eraberritzen hasi zirenean, pintzelkadak agertu ziren elizako aldarean: “XVI. mendeko horrelako aztarna piktoriko gutxi daude Euskal Herrian”.

Turistak eta tokikoak

San Telmotik irtetean, bisitariek eskura daukate liburu bat, euren iritzia azal dezaten, eta, Sotok adierazi duenez, gehienek euskal gizarteagatik gehiago ikasita irteten direla diote. Askotariko publikoa dutela gaineratu du: “Ezberdintasunak daude urtarotik urtarora. Aste Santuan, udan eta Gabonetan asko nabaritzen dugu publikoaren gorakada, batik bat udan. Turista asko etortzen dira; aurten, esaterako, frantses ugari ari gara izaten”.

Urritik aurrera, berriz, gehienbat bertako jendea joaten dela dio. “Orain museoan daukagun 1516-2016 Bake itunak erakusketara batik bat publiko lokala ari da etortzen. Duela urtebete Passolini artistaren erakusketara, berriz, turista asko etorri zen. Jende gutxien urtarrilean eta otsailean etortzen da”.

Aurrera begira barneko “lan ikaragarria” dagoela dio Santo Domingok. Izan ere, gaur egungoaz gain, etorkizunerako beti dago zer pentsatua. San Telmo museoan arte bilduma asko jasotzen dituzten arren, Irunen bildumen depositu bat dute, Santo Domingok azaldu duenez: “Museoan onena daukagu erakutsita. Gordailuan biltegi erraldoi bat daukagu. Gipuzkoako Diputazioarekin eta Donostiako Udalarekin hitzarmen bat egin genuen, eta bertan jasotzen ditugu, bai guk eta baita foru aldundiko museoek ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.