Irailarekin barealdia heldu da

Irailarekin barealdia heldu da

Eider Goenaga Lizaso

Uda luze joan zaie Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituen Biriatuko ordainlekutik egunero pasatu behar izaten duten auto zein kamioi gidariei. Etxetik irtetean ezin jakin helmugara noiz iritsiko. Egun batean bai, hurrengoan ere bai, auto ilarak izan dira bertan. Motzagoak batzuetan eta oso luzeak zenbaitzuetan. Abuztuaren 18an hautsi zen udako marka, hemezortzi kilometroko ilarekin.

Irailarekin batera, oporren amaierarekin batera, A-8 autobideko zirkulazioa asko arindu da, eta ilarak ia desagertu dira. Gipuzkoako Foru Aldundia, ordea, beldur da edozein unetan berriro ere ilarak izan daitezkeelako, batez ere zirkulazio handiko egunetan. “Frantziako Gobernuak larrialdi egoera mantentzen duen bitartean, zenbait egunetan auto ilarak gerta daitezke. Ikusiko dugu udazkenean Frantziak neurri bereziekin jarraitzen duen, hori baita ilaren arrazoia”, esan dio Hitza-ri Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

Esteban Murumendiaraz Hiru sindikatuko idazkari teknikoak ere beldur bera du. “Guk ez dugu aldaketa handirik espero udazkenerako. Turismoen joan-etorria jaitsi den neurrian, zertxobait arinduko da, baina kontrolak jartzen badituzte, arazoak jarraitu egingo du”. Garraiolarien sindikatuko ordezkariak nabarmendu du, gainera, auto ilarak udan “ikusgarriagoak” izan diren arren eta jende gehiagori eragin dioten arren, arazoa lehenagotik datorrela, eta garraiolariek hilabeteak daramatzatela Biriatuko ordainlekuan ilaran “orduak galtzen”.

Ordainlekuan muga

Azaroaren 14an, Parisko Bataclan aretoan zein hiriburuko hainbat kaletan izandako atentatuen biharamunean ezarri zuen François Hollande presidenteak larrialdi egoera. Mugak itxiko zituela iragarri zuen, eta ordutik polizien presentzia ia etengabea izan da Biriatuko ordainlekuan, Baionarako bidean. Ekain amaiera bitartean, ordainlekuak dituen hamar kabinetatik bi bakarrik irekitzen zituzten: bat turismoentzat eta bestea kamioientzat.

Garraiolariek hilabeteak zeramatzaten ilarak pairatzen, ekainaren 20an afera lehertu zenean. Frantzian Eurokopa jokatzen ari zirela eta, Jendarmeriak ia erabat itxi zuen kamioientzako ordainlekua, eta egun horretan hogei kilometroko kamioi ilarak sortu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera “eutsiezina” zela adierazi zuen, eta bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta bai Bide Azpiegituretako diputatuak Frantziako agintariekin eta autobideko arduradunekin bilerak eskatu zituztela jakinarazi zuten. Kontaktuek izan zuten emaitzarik; ekain amaieran hasi baitziren Biriatuko ordainlekuan kabina gehiago irekitzen (bi turismoentzat eta hiru kamioientzat). Baina aldi berean hasi zen udako oporraldia, eta ibilgailuen joan-etorria handitzearekin, ezin ilarak murriztu.

“Frantziako agintariak jakitun dira hartu dituzten neurriek zer eragin duten alde honetan. Elkarlanerako borondatea badago. Horren adierazgarri da itzulera operaziorako bederatzi kabina zabalik izan zituztela, baina beti muga efektuarekin; hau da, ibilgailu guztiak, segundo batzuetan bada ere, geldiaraziz eta, ondorioz, auto ilarak sortuz”, azaldu du Oiarbidek.

Murumendiarazek argitu du kamioi gehienek, T Bidea sistema dutenez, ordainlekuetan ez dutela gelditu behar izaten. “Baina Biriatun sistema hori desaktibatu egin dute, eta kamioia erabat gelditu behar izaten da. Gainera, hainbatetan, itxi ere egin dute kamioien bidea, inori pasatzen utzi gabe, edo oso tantaka pasatzen utziz”. Garraiolariei ordainlekuan sortutako ilarek sekulako galera eragiten dietela nabarmendu du Hiruko ordezkariak. “Egunero joan-etorrian ibiltzen den garraiolariak batez beste 2-3 ordu gal ditzake ilaretan. Gainera, turismo bateko gidariak, bi ordu ilaran egon ondoren, nahi adina jarrai dezake aurrera, gogoa baldin badu. Guri, berriz, takografoak mugatu egiten digu denbora, eta ilaran gauden denbora hori galdutako denbora da. Nazioartekoa egiten duten garraiolariei mugako gorabeherek asteburua etxean igarotzea baldintza diezaiekete”.

Hiruk ordainlekuko kabina guztiak irekitzeko eskaera egina du aspalditik, baina zail ikusten du Murumendiarazek hori baino gehiago egitea. “Oso nekeza da horren kontra ezer esatea. ‘La sécurité, la sécurité’ esaten dute, eta zer esango duzu zuk horren aurrean? Benetako arriskua dagoela esaten badute… Ez zait iruditzen Biriatun egiten dutenak Frantziak duen arazoa konpontzeko balioko duenik, baina guk ezin dugu horren kontra egin”.

Kontrola egiteko moduarekin ere ez dago konforme Hiru sindikatua. “Ez dute egiten kontrol batean egin ohi dena; alegia, ez dute kamioi bat edo ibilgailu bat baztertu, eta hura miatzen duten bitartean gainerakoei pasatzen utzi. Ez, kamioiak ordainlekuan geldiarazi, ordainlekua ia erabat itxi, eta kito, miaketak apenas egiten dituzten. Oso noizean behin irekitzen dute kamioiren baten ate bat, eta gainetik begiratzen dute; baina, bitartean, sekulako ilara sortzen dute”.

Hiru sindikatuko kidearen ustez, Biriatun egiten dutenak beste azalpen bat ere badu. “Segurtasuna aipatzen dute, baina badakigu Jonqueran ez dituztela horrelako mozketak egiten; eta ezta Frantziara Italiatik zein beste herrialdeetatik sartzeko bideetan ere. Gure susmoa da, autobidean hirugarren bidea irekitzeko obrak egiten ari direnez, ordainlekua erabiltzen dutela zirkulazioa arintzeko. Ez dute nahi kolapsatzerik, eta ordainlekuak itxiz lortzen dute zirkulazio lasaiago eta orekatuagoa, kamioiak tantaka pasatzen utzita”. Muruamendiarazen ustez, A-63 autobideko lanek iraun bitartean jarraituko du arazoak.

Oiarbidek Gipuzkoako Foru Aldundia gaiaren gainean dagoela eta Frantziako agintariekin kontaktuan daudela azaldu du. “Beti gaude harremanetan, eta guztiok gara bestearen errealitatearen jakitun. Gure helburua atentatuen aurreko egoera berreskuratzea litzateke, mugarik gabeko egoera, baina hori Frantziako Gobernuaren esku dago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.