[Museora] Oiasso. Irungo Erroma txikia

[Museora] Oiasso. Irungo Erroma txikia

Eider Goenaga Lizaso

Europan, Afrikan eta Asian hedatu zen erromatar inperioa. Euskal Herrian ere bai. “Euskal Herriko kostaldean, erromatar garaiko arkeologiarik ez zegoen, eta historiografian ere beti zabaldu izan da erromatarrak ez zirela hemendik igaro. Argi genuen Iruñean baietz, Pompeyopolis deitu zioten; Iruña-Veleian ere bai, Araban; baina hemen hutsune handi bat zegoen. Noski, arkeologian gauzak ez dira agertzen bilatzen dituzun arte”, azaldu du Maria Jose Noainek, Irungo Oiasso museoko jardueren arduradunak.

Eta bilatu zuten. Eta aurkitu zituzten aztarnak. Oiasso museoak 10 urte bete zituen uztailean. Baina, museoaren sorburua azaltzeko, 1960ko hamarkadara jo du Noainek. “Oiassoren aurkikuntza Jaime Rodriguez Salisena da, Irungo arkeologiaren aita deitzen diogu. Higer lurmuturrean, urpeko prospekzio arkeologikoak egin zituzten, Junkaleko parrokian ere bai; Ama Xantalen ermitan, erromatar garaiko nekropolia aurkitu zuten, eta, 1990ean, Santiago kalean, erromatar portu bat topatu zuten. Orduan lortu zen ikerlarien arteko adostasuna, eta bat etorri ziren Irunen erromatarren polis bat egon zela. Estrabon geografoaren idatzietan bazegoen Oiassoren aipamena, Pirinioen magalean eta itsaso ondoan kokatzen zuen; aztarnek frogatu dute Oiasso Irun zela”.

Arkeologoek gero eta aztarna gehiago aurkitu zituzten: Junkaleko parrokiaren ondoan termak agertu ziren, portuan pieza ugari atzeman zituzten… “Une horretan, esku artean bilduma arkeologiko nahikoa genuen, eta pentsatu zen merezi zuela museo arkeologiko monografiko bat sortzea. Irunen topatutako aztarna arkeologikoak daude Oiasson”.

Noainen arabera, erromatarrak 0. urtearen inguruan iritsi ziren Oiassora, eta II. mendera bitartean bizi izan ziren han. “Ez dakigu Oiassok civitas estatusik bazuen, eta, ondorioz, ez dugu esango hiri bat zenik; baina, edonola ere, hiri kokagune bat zen. Meategien ustiaketa Aiako Harrian egiten zuten, eta jarduera ekonomiko oso inportantea zen; portu garrantzitsu bat zuen, non Kantauri itsasoan nabigatzen zuten ontziak babestuta gelditzen ziren; eta, gainera, erromatarren Hispania eta Galia probintziak lotzen zituen puntuetako bat zen”.

Elementu organikoak

Oiasson ez dago erromatar garaiko eskultura ikusgarririk; bai, ordea, 2.000 urteko antzinatasuna duten pieza bitxiak. “Portuan baldintza oso bereziak zeuden arkeologiarako. Lokatza da, ur askokoa, eta batere oxigenorik gabea; ondorioz, ohiko indusketetan deseginda egoten den materia organikoa topatu ahal izan da”. Egurra, soka, larrua eta, bitxia badirudi ere, melokotoi hezurrak ere bai. “Arkeologiaren ikuspegitik, aurkikuntza garrantzitsua da, erromatarren ohiko bizimoduaz informazio ugari ematen baitute”, dio Noainek. “Erromatar arkeologia entzutean, eskulturak, epigrafia, mosaikoak eta abar etortzen zaizkigu burua. Hemen halakorik ez dago, nahiz eta horiek ere izango genituzkeen gustura; baina, Oiasson aurkitutakoak balio handiagoa du erromatarren garaia ulertzeko. Elementu horiek, gainera, erabat ezohikoak dira, ez dituzu aurkituko Europako erromatarren arkeologia museo bakar batean ere”.

Hiru zati ditu Oiassoko erakusketa finkoak: Erromatarren Eragina gelan, tokiko biztanleen eta erromatarren arteko harremanaren errepresentazio bat aurkituko du bisitariak; Portua gelan, berriz, portuko indusketetan aurkitutako aztarnak daude —anforak, arrantzarako tresnak, portuaren egitura osatzen zuten egurrezko zutoinak…—; eta Oiasso gelan, kokalekuaren izaera urbanoa islatzen duten elementuak. Horrez gain, Portua gelan, 15 minutuko ikus-entzunezko bat ere bada, erromatarren presentzia ulertzen laguntzeko.

Erakusketa egonkorra, ordea, jarduera ugarirekin osatzen dute. “Inguruko jendeak jada ezagutzen du museoa, eta gure erronka da museora itzultzeko arrazoiak ematea, egitarau ahalik eta interesgarriena osatuz”. Uda osoan ikusgai egon den Sexua erromatarren garaian erakusketa da horren adierazle. “Irailaren 18ra arte egongo da zabalik, eta jende asko erakarri duen gaia da”, azaldu du Noainek. Ikastaroak ere antolatzen dituzte —udazken honetan, Ekialde Hurbileko Arkeologia—, eta urteko egitarauan bi ekitaldi garrantzitsu nabarmendu ditu Noainek: batetik, FICAB arkeologia zinemaldia —azaroaren 16tik 29ra da izango da—, eta, bestetik, uztailean egiten duten Dies Oiassonis Irungo Erromatar Jaialdia. “Eskaintza zabala da, eta denak zaudete gonbidatuta”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.