Futbolaren albo-kalteak

Leire Narbaiza

Aitorpen bat egin behar dizuet: gaztetan oso futbolzalea izan nintzen. Oso! Igandero joaten nintzen Ipuruara Eibar ikustera. Ederki pasatzen genuen, eta gustura ibili nintzen. Gero ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina poliki-poliki joateari laga nion; bizitzaren beste arlo batzuetan murgildu nintzen. Eta jakin barik zelan, gorrotatzen amaitu nuen; erretzaile amorratuak tabakoa lagatzen duenean bezala, gero ezin duela usaindu ere egin zigarroaren kea, eta tabakoaren aurkako zorrotzena bihurtu. Pasio zuena, gorroto bilakatuta. Tabakoaren lekuan jarri futbola, eta hori izan zen pasatu zitzaidana. Ez dakit nola. Askotan hausnartu dut zer dela-eta izan nuen aldaketa hura. Ez dut emaitza garbirik aurkitu. Baina esan nezake dena hasi zela kontratu handi eta diru askokoak egiteari ekin ziotenean, Reala euskal herritarrak ez zirenak kontratatzen hasi zenean. Gugandik urrundu zenean astiro-astiro, berba baten. Hor hasi zen nire ziaboga, aldaketa osoa.

Egia esatera, gogo-hoztasun horrek oinarri sendoa zuen. Orduan konturatu ez banintzen ere, hemendik, denboraren distantziak ematen duen perspektibarekin, berrets nezake motibo askotxo neuzkala. Orain argi eta garbi ikusten ditut.

Futbola ez da alferrik herriaren opioa. Hala erabiltzen dute gobernuek. Bestela, nola azaldu partidu zaparrada etengabea? Zelan ulertu astean zazpi egunetan jokatzen dutela futbolariek, ia edozein ordutan, astelehen buruzuri bateko gaueko hamarretan, adibidez? Bai, telebista pribatuak, Txinako zaleak… esadazue gura duzuena, baina atertu gabeko eraso horrek planifikatua dirudi.

Bestetik, aitatu behar dut futbolak eta bere inguruan mugitzen den parafernalia horrek zein errespetu gutxi duen beste kolektiboekiko. Eibarren ondotxo dakigu hori! Egon zintezke urte osoan dantza taldearen emanaldia prestatzen egun zehatz batean herriko plazan jende guztiaren aurrean aurkezteko, baina futbol taldea beste dibisio batera igotzear dagoenez eta hori ospatu behar denez, dantza taldeak aldatu behar du eguna, astebeteko epean! Gero, gainera, ez igotzeko eta ospakizuna (eta dantza emanaldia) bertan behera lagatzeko!

Jarraitu nahi nuke Gipuzkoa-Bizkaiaren arteko ikusezinaz. Gauza asko daude horren atzean —batez ere egunkari talde ezagun bat, gorrotoa hauspotzea komeni zaiolako—. Futbolak sustatu egiten ditu ezinikusi horiek, askorendako identitate ikur bakarra futbol ekipoa delako. Esperientziaz diotsuet: ia beti Bizkaian lan egin duen gipuzkoarra izanik, sarriegitan esan didate “aaaa, Reala, uuu!”. Nik aurpegian egin diet barre, jakina! Baina latzena futbolarien ukiezintasuna da. Messirekin gertatu da. Espainiako Estatuan bizi garen guztioi dirutza lapurtu digu —zergarik ez ordaintzea lapurtzea delako—, baina segitzen du normal-normal inongo lotsa barik jokatzen. Gainera, jendearen babesa du! Itzela.

Itzeletan itzelena, baina, Luna eta Enrich Eibarko jokalariena da. Imanol Epeldek bere blogean dioen legez, irakasleak balira aspaldian egongo lirateke kalean, lan barik eta beste inon lanean hasteko aukerarik gabe. Baina, futbolariak direnez, ez da ezer gertatzen. Edo Abasoloren moduan, indultatuta libre, sexu erasoengatik zigortua izan bazen ere.

Horiek dira gure umeen idoloak, eredu dituztenak. Gero hileta jotzen ibiliko gara belaunaldi gazteek ez dituztelako espektatibak betetzen!

Leave a Reply

Your email address will not be published.