Moriartik pozez eta “harrotasun pixka batekin” jasoko du Abadia saria

Moriartik pozez eta “harrotasun pixka batekin” jasoko du Abadia saria

Olatz Mitxelena

Loreak filma izan da orain artean beren ekoizpen ospetsuena, baina ez bakarra. 80 egunean euskaraz ondu zuten, eta baita bestelako hamaika film labur ere, Zarautzen erosi zuen, esate baterako. Orain dela hamabost urte sortu zuten Moriarti ekoiztetxea, eta sorreratik ekoitzi dituzte lanak euskaraz. Horregatik, urte hauetan guztietan ikus-entzunezkoen esparruan euskarari egin dioten ekarpenagatik jasoko dute Anton Abadia saria.

Euskarazko ikus-entzunezkoei nazioarteko bidea zabaldu izana ere bereziki aitortu nahi izan diete, eta Loreak Oscar sarietarako hautagaitzarako lehian izan zela nabarmendu dute haien hautagaitza bultzatu dutenek. Donostiako Zinemaldiaren historian ere ezarri zuen mugarria Loreak filmak, Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian euskarazko lehen filma izan zelako.

Euskararen alde eginiko lanagatik nabarmendutako pertsona edo elkarteak saritzen ditu urtero Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abadia sariaren bidez. Askotariko esparrutan aritutakoak izan dira orain arte sarituak, eta, aurten, ikus-entzunezkoetara joan da saria. Gaur egun, Jon Garañok, Xabier Berzosak, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Atxak eta Jorge Gil Munarrizek osatzen dute Moriartiko lantaldea. Sei zinemagileek ostegunean jasoko dute saria, 19:00etan, aldundiaren egoitzan.

Moriartiko kideak ezustean harrapatu ditu erabakiak, baina behin “albistea digerituta” oso pozik daudela aitortu du ekoiztetxeko kide Jon Garañok: “Egia esan, lehenengo sentsazioa harridura izan zen, beti pentsatzen duzulako zuk baino gehiago merezi duen jendea egongo dela. Baina hurrengo sentsazioa poza izan da, eta baita harrotasun pixka bat ere”.

Epaimahaiak Moriarti saritzeko erabakia aho batez hartu izanak ere “lasaitua” eman die: “Egia esan, denok ados zeudela jakiteak lasaitua eman zigun, denak ere esparru oso desberdinetan aritzen diren profesional kontrastatuak direlako eta beraiek gu saria emateko modukoak ikusteak, horrek ere ematen diolako balio bat”. Arantxa Urretabizkaiak, Maite Artolak, Iban Arantzabalek, Jone Miren Hernandezek eta Kike Amonarrizek osatu dute epaimahaia.

Moriartik sari dezente jaso ditu orain baino lehen, baina Abadia sariak badu ekoiztetxeko kideentzat zerbait berezia, batez ere euskarari eta ibilbideari lotzen zaiolako. Hala iritzi dio Moriartiko kide Aitor Arregik: “Lan bat euskaraz egiten duzunean badakizu ekarpen bat egiten ari zarela, baina, batez ere, ez dagoelako euskarazko ikus-entzunezkoen aparteko biltegi bat”. Edonola ere, istorioak euskaraz kontatzea “era naturalean” erabaki izan dutela zehaztu du Arregik: “‘Zergatik hau egin?’ galderak bestela beharko luke: ‘Zergatik ez?'”.

Gaur egun euskarazko zinema garai goxoan dagoela iritzi dio Arregik, baina orain arteko bidea gorabeheratsua izan dela dio, eta uste du erabateko normalizaziorako bidean oraindik badela zereginik:”Jaialdietan-eta oraintxe ikusten dira euskarazko lan ugari, baina oraingo kontua da”.

Euskal ikus-entzunezkoetan “ikuspuntu desberdinak batzen dituen sektoretxo bat” sortzen ari dela uste du, eta sektore horretan Moriartik bere ahotsa duela gaineratu, baina oraindik badela zer egin: “Jendeak beldurra galdu dio euskaraz zinema ikusteari, eta hori ona da. Baina egoera, normalizatua baino gehiago, normaltzeko bidean dela esango nuke”.

Urtero, euskaraz pelikula bat edo bi estreinatzen dira egun. Igelak estreinatzear da, eta Moriartiren Aundiya izango da hurrena. Moriartik datorren udarako prest izango du Altzoko erraldoiaren istorioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.