“Ongietorri polita jaso nuen Itsasondon, Harrera Egunarekin”

A. Vierbücher

Orain hilabete gutxi iritsi zen Itsasondora Ander San Jose (Lazkao, 1973). Azaroan egindako Harrera Egunean parte hartu zuen. Joan den urtean Itsasondon erroldatutako 28 biztanle berrien artean dago. Kanpotarren artean euskaldun bakarra da bera.

Noiz etorri zinen Itsasondora?

Urriaren hasieratik nago Itsasondon, eta pixkanaka-pixkanaka ohitzen ari naiz.

Non bizi izan zara aurretik?

Lazkaon jaiotakoa naiz, eta bertan bizi izan nintzen 8 urte bete nituen arte. 8 urterekin Donostiara joan nintzen bizitzera, aitaren lanagatik. Ondoren, Lleidan ere [Herrialde Katalanak] bizi izan nintzen bakarrik, eta baita Andoainen ere.

Nolatan erabaki zenuen Itsasondora bizitzera etortzea?

Bakarrik bizi naiz. Donostian etxebizitza eskuratzea oso garestia da; bai alokatzea eta baita erostea ere. Eta ez nuen etxea partekatzeko gogorik. Prezio onean egon daitezkeen etxebizitzak bilatzea zaila da, eta soldata bakarrarekin, zailago. Donostiatik kanpo aukerak bilatzen hasi nintzen, eta, horrela, Itsasondon aukera polit batekin egin nuen topo. Birritan pentsatu gabe etorri nintzen.

Gogoratzen al duzu Itsasondon igaro zenuen lehenengo eguna?

Etxean altzariak muntatzen aritu nintzen. Bukatu ez, koltxoia lurrera bota eta horrela egin nuen lo lehenengo gau hartan.

Irakaslea zara Gabiriako eskolan.

Bai, 3 eta 6 urte bitarteko haurren irakasle naiz. Itsasondora bizitzera etorri ondoren hasi nintzen Gabiriako eskolan lanean.

Aldaketa handia al da hiriburutik herri txiki batera bizitzera etortzea?

Bai, gauza batzuetarako bai. Igual 25 urterekin desberdina izango litzateke. Baina orain dudan ikuspuntuarekin erantzuna beste bat da. Orain ditudan beharrak, gazteagoa nintzenekoekin alderatuz, beste batzuk dira. Orain, bizitza lasaiagoa daramat, eta Itsasondo bezalako herri batek lasaitasun hori ematen dit. Horretaz gain, lana ere gertuan dut. Egia da Donostiak beste mugimendu bat duela, alde horretatik ezin dira konparatu. Lanetik etxera heltzerakoan aparkatzeko arazorik ez dut izaten. Egunero toki berean aparkatzen dut. Ziur gutxik esan dezaketela hori.

Itsasondoko Udalak antolatutako Harrera Egunean parte hartu zenuen.

Bai, udaletxetik deitu zidaten 2016an Itsasondon erroldatutakoei horrelako ongietorri bat egin nahi zigutelako. Udaletxean bildu ginen, eta guretzako informazio oso baliagarria eman ziguten; zeintzuk diren herrian dauden zerbitzuak, elkarteak, ekintzak… Ondoren, herrian barrena bueltatxo bat eman genuen.

Zein da horren inguruan duzun iritzia?

Ongietorri polita jaso nuen. Horretaz gain, sorpresa eraman nuen; Itsasondo herri txikia bada ere, herri mugimendu handia dago. Ez nuen hori espero!

Eta etorkizunera begira zer pentsatu duzu?

Oraingoz, hemen gelditzea da nire intentzioa. Etxea dut, lana dut, eta gustura nago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.