“Kartzela barruko eta kanpoko eraldaketa bultzatzea nahi dugu”

“Kartzela barruko eta kanpoko eraldaketa bultzatzea nahi dugu”

Olaia Iraola

Hegaldi elkarteak Martutenen espetxeratuta dauden emakumeen alde lan egiten du, 1992. urteaz geroztik. Taldeak emakume presoei eta haien familiei laguntzen die, bai eta espetxean ez dauden eta arazo sozialak dituzten pertsonei ere. Emakume presoekin egindako lanagatik Gipuzkoako Foru Aldundiak taldea saritu zuen, 2010. urte amaieran.

Emakumeen elkarte horren sortzailea da Mamen Guimerans (Trintxerpe, 1952), eta herenegun 25 urte bete ziren Hegaldin lanean hasi zenetik. Emakumeen aldeko hainbat egitasmotan parte hartzen du Guimeransek. Asteazkenean, Emakumeen Nazioarteko Eguna zela tarteko, Ausarta antzerki elkarteak antzezlan bat egin zuen Martuteneko espetxean. Hegaldi elkarteko boluntarioentzat egun hori urtero berezia den arren, “emakumeen eguna egunero” dela argi utzi du Guimeransek.

Nolakoa da zuen egunerokoa Martuteneko espetxean?

Hegaldi elkarteak egiten dituen ekintzak aisiari lotutakoak dira. Astelehenetan eta ostegunetan eskolak edukitzen dituzte emakume presoek. Astelehenetan eskulanak egiten dituzte, eta ostegunetan adituak etortzen dira; bi astetik behin, ahalduntze eskolak edukitzen dituzte, eta, gainontzeko ostegunetan, komunikazioa lantzen dute genero ikuspegitik. Horrez gain, noizbehinka, kontzertuak, bisitak, antzerki emanaldiak… antolatzen ditugu. Noiz edo noiz, jende ezaguna ere gonbidatu dugu.

Zer gai lantzen dituzue eskoletan ?

Emakumeek duten egoeraz hausnartzea da ikastaroen xede nagusia. Gizon jaioko balira eta egoera berean baleude, berdin biziko al lirateke? Galdera hori egiten diegu presoei. Horren harira, emakumeak ahalduntzeko xedearekin, genero ikuspegitik lantzen ditugu gaiak. Horrela, pertsona bakoitzak bere burua ezagutzea nahi dugu. Hobekuntza pertsonalerako erreminta ezberdinak erakusten dizkiegu; kartzela barruan kontuan izan beharrekoak, baita kanpoan ere.

Zenbat boluntario aritzen zarete lanean?

Hegaldi elkartea hamasei kidek osatzen dugu. Duela 25 urte, Martuteneko espetxean bi lagun hasi ginen lanean, eta, egun, sei gara. Hazten ari gara, eta seinale ona da hori. Astean bi egunetan egiten dugu lan: astelehenetan eta ostegunetan.

Zure iritziz, ez dira berdin bizi emakumeak eta gizonak kartzelan?

Ez kartzelan eta ez kartzelatik kanpo. Emakumeen eta gizonen artean ezberdintasunak badaude kartzelatik kanpo, kartzelan nola ez dira egongo? Berdintasuna lortzeko bidean, kartzela barruko eta kanpoko eraldaketa bultzatzea nahi du Hegaldi elkarteak. Arau berdinak daude kartzelan emakumeentzat eta gizonentzat, eskubide berdinak dituzte, eta ez dago desberdintasunik. Dagoen ezberdintasun bakarra da emakume oso gutxi daudela kartzelan, gizonekin alderatuta.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Gure lehentasuna emakumeei behar duten guztian laguntzea da; haien eskariei erantzutea, hain zuzen.

25 urte atzera joanda, zer dela-eta sortu zenuten Hegaldi elkartea?

Guk ez genuen kartzelan laguntzeko elkarte bat sortu. Duela 25 urteko martxoaren 8an, Martuteneko kartzelara antzerkia egitera gonbidatu gintuzten. Bi lagun joan ginen; Ausarta antzerki elkarteko kide bat eta ni, Hegaldi elkarteko lehendakaria. Emanaldiaren ostean, eskolak emateko eskaera egin zidaten, kartzelan emakumeek ez zutelako ezer egiten. Egoera hori ikusita, ikastaroak ematen hasi nintzen. Donostiako Udalak laguntza bat eman zidan eskolak eman ahal izateko. Handik gutxira, Emakundek beste laguntza bat eman zidan, baita Foru Aldundiak ere. Gaur egun, hiru erakundeek laguntzen gaituzte.

Nolako bilakaera izan du elkarteak 25 urteotan?

Duela 25 urte ahalduntzea lantzen hasi ginen. Izan ere, garai hartan ez zen gaur egun bezainbeste hitz egiten gai horren inguruan. Zortzigarren urtetik aurrera, genero ikuspegia lantzen hasi ginen. Genero ikuspegia lehenengo aldiz landu zuen kartzela izan zen Martutenekoa. Zortzigarren urteurrenetik gaur egunera arte izan duen bilakaerarekin harrituta gaude. Hegaldi elkartea sortu aurretik, presoek ez zuten gai horren inguruan hitz egin ere egiten, eta, orain, berriz, oso gustura aritzen dira eskoletan.

Asteazkenean Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen. Zerbait berezia egin al zenuten?

Guretzat, egunero da emakumeen eguna. Martxoaren 8a urtebetetze egun baten modukoa da: gogoratzen gara zer egun den, eta ospatu egiten dugu. Baina egunero da gure eguna. Duela 25 urte moduan, herenegun, Ausartak taldekoen antzerkia izan zen Martutene espetxean, eta, ondoren, askaria egin genuen. Urtero legez, emakumeei babesa ematera etorri ziren Donostiako Udaleko, Emakunde elkarteko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak. Horiez gain, hainbat alderdi politikotako jendea ere etorri zen.

Zure lana nola aldatu da urte hauetan guztietan?

Lan guztietan bezala, urteak aurrera joan ahala, esperientzia eta jakinduria gehiago daukat. 25 urteek, kartzelako egoera aldatzeaz gain, neu ere aldatu naute. Asko ikasi dut urte hauetan guztietan. 1992an, ez nintzen gaur egun naizen modukoa. Nire lana gogorra da, eta, lan honetan, pertsona aktiboa izatea behar-beharrezkoa da. Ni halakoa naiz, eta horrek asko laguntzen dit.

Espetxean gauzak aldatu al dira?

Ez pentsa. Duela 25 urte zeuden antzera daude oraindik ere. Aldatu direnak pertsonak dira. Garai batean, esaterako, tratu txarrak egiten zuenik apenas zegoen; orain, berriz, ugari daude. Gaur egun, hemezortzi emakume daude preso Martutenen; 54 emakume zeuden ni hasi nintzen garaian. Hori oso seinale ona da. Gainontzean, askatasunik gabe bizi dira emakumeak espetxean, duela 25 urte bezala. Boluntarioei dagokienez, berriz, jende gaztearen beharra daukagu.

Zure lana gogorra dela diozu. Zerk motibatzen zaitu lanean jarraitzera?

Beti esan izan dut ni ez nintzela lan honen bila joan. Jendeak laguntza behar zuelako eskaini zidaten lana, eta haiei laguntzeko xedearekin hasi nintzen. Ez nuen inoiz pentsatuko 25 urte iraungo nuenik.

Oraindik zer aldatua badago; izan ere, emakumeek laguntza behar dute. Nire lana fruituak ematen ari dela ikusten dut, eta indarra ematen dit horrek. Horrek motibatzen nau lan honetan jarraitzera; jendeari laguntzeak, hain zuzen ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.