Lanak bukatzean, deskarga

Lanak bukatzean, deskarga

Eider Goenaga Lizaso

Apurka-apurka joan dira eraikitzen GI-632 errepidea; 1990eko hamarkadaren hasieran Beasain-Durango autobidea deitu zutena, eta pixkanaka geldituz, atzeratuz eta, tarteka, indarra hartuz joan dena. Errepidearen zati handiena egina dago, eta gaur egun asko murriztu da Beasaindik Bergarara joateko behar den denbora. Oraindik, baina, errepidearen zati korapilatsuenetako bat, Deskargatik Bergara artekoa, egiteke dago. Joan den asteartean Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zuen azken zati horren obrari ekiten diola, eta 2019an ipini zuen obrak amaitzeko data.

Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu zuenez, Antzuola eta Bergara lotuko dituen bost kilometroko saihesbidea amaitzen denean, gaitasun handiko errepideen sarea, Gipuzkoako biribilgunea deitzen dutena, osatuta geldituko da. “Eta Gipuzkoako biribilgunea amaitzen denean, gipuzkoar guztiek ahalmen handiko errepide bat izango dute 15 kilometroko tartean”.

GI-632 errepidea, gaur egun, Deskargako gainean amaitzen da, eta hortik Bergarara dauden 6,5 kilometroak errepide zaharretik egin behar dira. 4,8 kilometroko errepide batek ordezkatuko du bide hori, obrak amaitzen direnean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, “benetako ingeniaritza erakustaldia” egingo dute ibilbide horretan. Lur erauzketak egonkortzeko eta eusteko pantailak egin beharko dira, lubetak zimendatu beharko dira, eta Bergarako lotunean —AP-1arekin bat egingo du GI-632 errepideak— harri lubetak eta hormak eraiki beharko dira. “Aurreikusitako lanen artean, 11 lur erauzketa, bederatzi lubeta eta bost egitura erraldoi daude. Horietako batek 60 metroko garaiera izango du, 20 solairuko eraikin baten garaiera”, adierazi du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

Bi fasetan

Bi fasetan egingo dituzte lanak. Obrak eragingo dituen hondakinen eta mugitutako lurren kudeaketarako azpiegiturak prestatuko dituzte lehenik, eta lubeten nahiz egituren zimendatzerako baldintzak egiaztatzeko laginak eta prospekzioak egingo dira. Bigarren fasean, saihesbidea bera eraikitzeko lanei ekingo diete. Lehenengo lanak Igeribarerrota eta Ipurtikako zubibideak amaitzeko izango dira, obraren barruko lur mugimenduak bertatik egin ahal izateko, oraingo errepidea erabili gabe. “Horren helburua da egungo errepideari ahal den gutxien eragitea. Kamioiek obra barrutik egingo dute distantziarik handiena”, azaldu du diputatuak. Lurrak egonkortzeko lanak eta falta diren errepide zatien eraikuntza aldi berean egingo direla azaldu du, halaber, Oiarbidek. “Batera egin beharko dira bi gauzak, eta alde horretatik obren exekuzioa oso konplexua da, oreka bilatu behar delako”. Datu moduan, Oiarbidek aipatu du ateratako lurren mugimenduak eta lurren egonkortzeak eramango duela aurrekontuaren %40.

“Ezusteko handirik ez bada, esleipenean adostuta dago errepidea 2019ko udaberrian martxan jarri ahal izatea. Eraikuntza lanetan atzerapena onartzekotan, oso arrazoi inportanteak egon beharko dute tartean”, azaldu du Oiarbidek, errepidea eraikitzen ari diren enpresei jarritako baldintzei dagokienez.

GI-632 errepidearen eraikuntza prozesuan zati konplexuenetako bat da orain egingo dutena, baina Oiarbidek azpimarratu du obra osoa izan dela konplexua. “Errepide honen eraikuntza oso konplexua izan da bere horretan, Beasaindik hasi eta Bergararaino, eremu honen ezaugarriengatik eta orografiagatik. Kasu honetan, egia da zati honetan lurra oso ezegonkorra dela, eta obra egiteko garaian beste neurri batzuk hartzea eragiten du. Horretarako, geoteknika ikuspegitik proiektu askoz ere sendoagoa egin dugu”.

Bi urteko geldialdia

Deskargatik Bergarara arteko errepide zatia egiteko obrak 2015eko otsailean geldiarazi zituzten, eraikuntza lanek eragindako lur mugimenduen ondorioz. “Mendi magalak-eta erori egin ziren, lurren ezegonkortasun horren ondorioz. Horrek gainkostu batzuetara eraman zuen, eta aurreko gobernuak erabaki zuen bertan behera uztea”. Eraikuntza enpresarekin zuen akordioa eten egin zuen EH Bilduren foru gobernuak, gainkostua %10etik gorakoa zelako, eta obrak segurtasunez gauzatzeko proiektu sendoago bat egingo zuela iragarri zuen. Urte bereko maiatzean EAJk irabazi zituen hauteskundeak, eta foru gobernu berriak landu du proiektu berri hori. Markel Olanoren arabera, “obra hau legealdiko mugarri garrantzitsuenetakoa izango da”.

Deskarga eta Bergara arteko zatia eraikita, Gipuzkoako gaitasun handiko errepideen sarea osatuta geldituko da, eta horrekin lurraldeko errepide handien obrak amaitu egingo lirateke. “Sare hau AP-8, AP-1, N-1, A-15 eta GI-263 errepideek osatzen dute, eta, mapa batean jarriz gero, biribilgune moduko bat irudikatzen du, horregatik deitu izan zaio Gipuzkoako biribilgunea. Behin GI-263 errepideak AP-1 errepidearekin bat egiten duenean, biribilgune hori itxita geldituko da”.

Gipuzkoa barrura begira, zein Euskal Herriko beste lurraldeekiko loturari dagokionez, lurralde kohesioa eta oreka lortuko direla nabarmendu du Oiarbidek. “Herri guztiek izango dute 15 kilometrora baino gutxiagora gaitasun handiko eta kalitate eta segurtasun handiko errepide bat, eta hori garrantzitsua da oso”. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka N-1 errepidean hobekuntzak egitea litzateke, errepide horri kalitate eta segurtasun baldintza hobeak emateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.