Joan den mendean geldituta

Joan den mendean geldituta

Eider Goenaga Lizaso

Renfe konpainiaren aldiriko trenek 30 geltokitan egiten dute geldialdia Gipuzkoan. Horietako askotan, Eguzki talde ekologistak salatu duenez, “egoera oso eskasa” da. Salaketa ez da berria. 2008an egin zuen gai horri buruzko txostena Eguzkik. Ia hamar urte geroago, txostena berritu dute, eta, Jesus Mari Beldarrain Eguzkiko kideak dioenez, “hobekuntza gutxi batzuk kenduta, egoera apenas aldatu den”. “Renfeko geltokiek joan den mendekoak dirudite, edo orain dela bi mendekoak”, esan du.

Garraio publikoa sustatu behar bada, kalitatezko zerbitzua eskaini behar zaio erabiltzaileari, eta horregatik egiten du neurketa Eguzkik. Hainbat faktore hartzen dituzte kontuan horretarako. “Guretzat, arazo larriena irisgarritasun falta da. Bai geltokira iristeko, eta bai trenera igotzeko. Erabiltzaileak garraio publikoa erabili behar badu, lehenik aukera eman behar zaio, eta, egungo egoeran, jende askorentzat trenean bidaiatzea ez da aukera bat”.

Irisgarritasuna

Geltokirako irisgarritasunari dagokionez, 2008an zeuden 29 geltokietatik —Intxaurrondokoa berria da— hamahirutan egoera “txarra” zela salatu zuen Eguzkik. Hamabitan eskailerak igo behar ziren nasara heltzeko. “Denbora honetan, Hernani erdialdeko geltokian jarri dute igogailu bat [95 eskailera igo behar ziren lehen], eta egoera ona da orain. Dena den, nabarmendu behar da hobekuntza hori ez duela Renfek edo Adifek egin, obraren zati handiena Hernaniko Udalak ordaindu duela, beheko auzoetako herritarrentzako zerbitzua ere badelako”. Andoaingo erdigunean ere jarri dute beheko pasabidea eta geltokira iristeko igogailua. Gainerakoetan, egoera 2008ko bera da.

Trenera igotzeko oztopoak ere kezka iturri dira. “Noski, garrantzitsuena geltokira iristea da, geltokira iritsi ezin dena ezin baita trenera igo. Baina, hainbat tokitan, eta batez ere Tolosa erdialdeko geltokian, izugarria da trenetik nasara gelditzen den zuloa; edozeinek ezin du hori gainditu, eta arriskutsua da”. Eguzkiko kidea Renfeko erabiltzailea ere bada: egunero hartzen du trena Donostiatik Tolosara. “Nik zulora eroritako bi gizoni lagundu behar izan diet ateratzen. Eskerrak gidariak egoeraren jakitun diren eta irten aurretik begiratzen duten. Adi ibiltzen dira”. Jende gehien igarotzen den Gipuzkoako seigarren geltokia dela dio Eguzkiko kideak: egunean mila bidaiari inguru igarotzen direla.

Beldarrainen arabera, Renfeko geltokien egoera txarrari buruzko kezka ez da Eguzkirena bakarrik. “Jende guztiak daki hau nola dagoen; eztabaidaezina da egoera penagarria dela, eta kezka orokorra da”. Horren erakusle, orain dela hilabete Gipuzkoako Batzar Nagusietan aho batez onartutako mozioa, Renferi exijitzen ziona Tolosako geltokian berehalako konponketak egiteko. “Eta 2010ean, Arartekoak txosten potolo batean jaso zituen EAEko tren zerbitzuen gabeziak; bertan esan zuen Renfeko Gipuzkoako linean muturrekoa zela irisgarritasun falta”.

2008tik egindako berrikuntzetako bat tren egokituak jartzea izan dela dio Beldarrainek. “Tren berriak zirela esan zuten, baina ez dira tren berriak, egokitutakoak baizik; eta ez dira tren guztiak, tren bakar batzuk baizik. Tren horietan, bagoi bakar bateko ate batean, arrapala mekaniko bat zabaltzen da, gurpil aulkiak igotzeko. Baina zertarako, gurpil aulkiak 25 eskailera igo behar baditu geltokira iristeko? Zertarako, arrapala irekitzen denean nasaren mailan gelditzen ez bada?”.

Segurtasuna

Irisgarritasunari bezala, bidaiarien segurtasunari erreparatzen dio Eguzkik. 2008an, hemezortzi geltokitan ez zegoen errailak gurutzatzeko pasabide alternatiborik; 2017an, hamazazpitan jarraitzen dute bidaiariek trenbidea gurutzatzen beste nasara igarotzeko. Hainbat geltoki, gainera, ikuseremu txikiko bihurguneetan daude, eta bereziki arriskutsua da trenbidea gurutzatzea. Martutene, Urnieta, Alegia, Itsasondo eta Ormaiztegi dira Eguzkik arriskutsu gisa jotakoak, eta bost horietan ez da ezer egin egoera konpontzeko. “Hor paradoxa bat dago, gainera. Pasabidea duten geltokietan, megafoniatik ohartarazten dute debekatua dagoela trenbidea gurutzatzea; besteetan, berriz, derrigor pasatu behar duzu trenbidea. Eta ez ahaztu urtean bizpahiru pertsona hiltzen direla horrelako tokietan trenak harrapatuta”.

Geltokien egoera

Talde ekologistaren txostenean, geltokien egoera orokorra ere aztertzen da: bidaiarientzako estalpeak, komuna badagoen edo ez, txartelak saltzeko leihatilarik badagoen, euskararen erabilera… “Geltoki batzuetan penagarria da jendeak non itxaron behar duen; markesina batzuetan, euria ari badu, toki guztietatik bustitzen zara”. Legorretako egoera bereziki larritzat jo du, nasa batean ez estalperik ez aulkirik dagoelako.

Geltoki nagusiak kenduta —Irun, Intxaurrondo, Donostia, Tolosa, Beasain eta Zumarraga— Renfeko geltokiak “abandonu egoeran” daudela esan du Beldarrainek, eta 2008tik egin den inbertsio bakarrenetako bat txartelak erosteko makinak jartzea izan dela. “Eta, hain justu ere, inbertsio hori ez da bezeroari begirako inbertsio bat, Renfek diru gehiago eskuratzeko inbertsioa baizik”.

Euskararen erabilerari dagokionez, aurrez grabatutako mezuak euskaraz eta gazteleraz zabaltzen dituztela dio Eguzkiren txostenak; baina, momentuko gertakari edo atzerapen baten berri emateko bada, mezua gaztelera hutsez zabaltzen dutela. “Eta bezeroari begira lan egiten duten guztien artean, kontrolatzaileak zein txarteldegietan daudenak, bakar batek egiten du euskaraz”.

2008tik egindako hobekuntzak hutsaren hurrena dira, Eguzkiko kidearen aburuz. “Eta niri ez dit balio Adifek eta Renfek esatea ez dagoela dirurik; AHTa eraikitzeko munduko diru guztia dute, ezin dute horren zati txiki bat erabili hainbeste jendek [eguneko, batez beste 25.000 lagun] erabiltzen duen tren zerbitzua hobetzeko?”. Beldarrainen arabera, AHTa egiteko erabiltzen ari diren diruaren hamarren batekin urtebetean amaituko lirateke Irun-Brinkola linean egin beharreko obra guztiak.

Adifen proiektuak

Renfek eta Adifek Hitza-ri adierazi diote etengabea dela trenbide eta geltokien hobekuntza. Adifek emandako informazioaren arabera, irisgarritasuna hobetzeko lau proiektu idazteko enkargua eman zuen iaz; Andoain, Urnieta, Errenteria eta Ordiziako geltokietan, trenbide azpiko pasabidea eta nasara igotzeko igogailuak jarri asmo dituzte. Obra horiek gauzatzeko datarik, ordea, ez du eman Adifek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.