“Zazpi-zortzi urterako bermea dauka talde honek; oso gaztea da”

“Zazpi-zortzi urterako bermea dauka talde honek; oso gaztea da”

Unai Zubeldia

Jaioterrira bidean ospatu zuen Kike Suarezek (Las Palmas, Kanariak, Espainia, 1964) Espainiako Ohorezko Mailarako igoera. Lehen denboraldia izan du Donostiako Atletiko belar hockey taldearen entrenatzaile karguan, eta multzoaren “gaztetasuna eta proiekzioa” goratu ditu. Hiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta lehen postua dauka begiz jota.

Zein gorputzaldirekin zaude hiru jardunaldi falta direla maila nagusira igo berritan?

Bagenekien asteburuan igo gintezkeela, bi puntu falta zitzaizkigulako eta, itxuraz, irabazteko moduko partida geneukalako etxetik kanpo, Benalmadena azken sailkatuaren aurka. Berdindu besterik ez genuen egin azkenean, baina igo zitekeen hurrengo taldeak, Pozuelok, oso partida zaila zeukan, Egara hirugarren sailkatuaren aurka. Haien porrotari gure puntua gehituta, igo gara dagoeneko. Aste Santua izanda, oporretan joan dira jokalari batzuk, trenean Donostiara itzuli ziren beste batzuk, Kanarietara etorri naiz ni… Ez dugu ospatu talde gisa, baina erabateko poza nabari zen partida amaieran.

Denboraldi hasierako helburua lortu duzue orduan, ezta?

Taldea Ohorezko Mailatik jaitsi berria izan arren, klubak ez zidan zehaztu igoera helburu gisa. Arrazoi ekonomikoak direla medio, ziurrenik, taldea eraberritu egin da, gaztetu, eta denboraldi-aurrean ez ziren iritsi ohiko hiruzpalau fitxaketak. Harrobiko proiektua nahi zuen klubak, baina hori oso zaila izaten da lehen denboraldian. Kosta egin zitzaigun hasieran, ideia berriekin iritsi nintzelako ni ere; baina, zorionez, ondo uztartu dugu gazteenen eta beteranoenen ekarpena. Hala ere, sailkapenari begiratuta dirudien baino zailagoa izan da igotzea.

Bere txarrean, etorkizuneko proiektua sortzen hasteko balio izan zuen mailaz jaisteak, ezta?

Zalantzarik gabe. Oso gaztea da taldea. Ia denboraldi guztian gazte kategoriako hiru jokalarirekin aritu gara, eta, hiru jokalari salbu, 17-23 urtekoak dira gainerakoak. Entrenatu dudan talderik gazteenetakoa da, eta pozgarria da hori.

Klubaren garairik larrienetako batean onartu zenuen Atletiko entrenatzeko erronka, Ohorezko B Mailara jaitsi berritan.

Eskozian igaro nuen azken denboraldia, eta etxe ingurura itzultzeko gogoa neukan. Kanarietan daukat semea, 5 urtekoa, eta bidaiatzeko beti da errazagoa gertuago egotea. Ezagutzen nuen taldea, eta banekien igotzeko aukera zeukala, bere egituran oso jokalari gutxi izan arren. Lehenago ere batetik edo bestetik deitu izan didate horrelako egoera zailetan, eta niretzat ez zen erronka ezezaguna. Klubak eta nik neuk, biok egin genuen apustua, eta emaitza ona izan du, zorionez.

Zer aurkitu zenuen Donostian?

Jokalari batzuk ezagutzen nituen; beteranoenak, batez ere. Baina, beste talde batzuekin alderatuta, Donostian belar hockeyko giroa erabat bestelakoa zela nabaritu nuen. Gainerako kluben aldean, Atletikon oso jokalari gutxi zeudela ikusi nuen. Terrassan, esaterako, 300-400 jokalari inguru dauzkate klubaren egituran, eta Atletikok 50-60 besterik ez dauzka. Jokalari kopuruak harritu nau gehien, eta harrobia landu ahal izateko kirol arloko hainbat lege arrarok ere bai. Arazoak arazo, ordea, oso gogotsu zegoen talde batekin topo egin nuen, konpromiso handiko multzo batekin. Peio Azkoaga kapitainak, esaterako, hamabost bat urte egin ditu Ohorezko Mailan jokatzen, eta den-dena emateko eta gazteenei gauzak irakasteko borondate handia dauka.

Norbaitek edo zerbaitek harritu al zaitu?

Espainiako 16 urtez azpiko selekzioan ezagutu nituen jokalarietako batzuk, eta ordutik jada banekien zer emateko gai izan zitezkeen. Horiek ez naute harritu. Baina hainbesteko kalitatea izan zezaketela ematen ez zuen jokalari batzuek bai, horiek harritu naute, oso ondo aritu direlako entrenamenduei eta eguneroko lanari esker. Garatzen ari diren jokalariak dira %70, oso gazteak, eta hori dauka alde klubak.

Behin igotzea lortuta, sailkapeneko lehen postua da erronka?

Bai, bai. Jokalariek badakite oso entrenatzaile lehiakorra naizela, eta titulua eskatu nien hasieratik, igoera bermatuko zigulako horrek. Azken lauzpabost denboraldietan laugarren eta bosgarren sailkatuak ere igo izan dira Ohorezko Mailara. Ez da gauza bera lehen postuan amaitzea edo hainbat kluben bigarren taldeen atzetik sailkatzea. Pena izan da asteburuan puntu bat galdu izana. Lehen baino urrutiago daukagu titulua, baina dena emango dugu.

Denboraldi baterako kontratua sinatu zenuen. Zertan da zure egoera?

Epe luzerako proiektua da Atletikorena, baina denboraldi amaieran hitz egitekotan gelditu ginen. Kirol arloan buru-belarri sartuta egon naiz orain artean, eta kontu horiei ez diet eman buelta askorik. Ezin dut ezer esan, ez daukadalako argi; lasai eseri eta hitz egin beharreko gauzak dira horiek. Pozik nago egin didaten harrerarekin eta kirol emaitzekin, baina hitz egin beharreko gauzak daude tartean.

Egungo multzoa lehiakorra izan daiteke Ohorezko Mailan?

Oinarri garrantzitsua eduki dezake, baina fitxaketaren bat beharko genukeela uste dut, golegileren bat. Igota, diru laguntzaren bat edo beste jaso dezakegu, eta erasoa indartzeko aukera izango dugu, agian. Garrantzitsua izango da, alde handia baitago Ohorezko Mailaren eta Ohorezko B Mailaren artean.

Jokalarien asmoak ikusita, zenbat hutsune espero dituzu?

Gazteenek, oraingoz, ez didate ezer esan, eta guztiek jarraituko dutela uste dut. Inork ez du aipatu ikasketen konturik edo bestelakorik. Beteranoenak, Peio Azkoaga eta Ivan Llorente, esaterako, oso sasoi onean daude Ohorezko Mailan lehiatzeko; beste denboraldi batzuetan baino are sasoi hobean ari dira amaitzen. Ez dut uste hutsunerik egongo denik, eta aurrealdeko jokalariren bat fitxatzea espero dut.

Zer egin beharko luke klubak taldea sendotu eta mailaz jaisteko arriskuari ihes egiteko?

Donostian belar hockeyak ez dauka beste hiri batzuetan daukan indarrik. Hori da errealitatea. Horregatik, haurrak erakartzeko plan orokor bat egin beharra dauka klubak, kosta ahala kosta jokalarien kopurua handitzeko. Niretzat, hori da funtsezkoa oraintxe. Bitartean, oso multzo ona daukagu esku artean, eta zazpi-zortzi urterako bermea daukagu. Horrez gain, entrenatzaile multzoa indartu beharrean da kluba. Sasoi honetan, kirol arloan, ni aritu naiz bakar-bakarrik, eta Ohorezko Mailan ia ezinezkoa da hori; laguntzaileren batzuk behar dira. Gogoa badago, borondatea ere bai, baina eseri eta oinarriak zehaztea falta da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.