“Jokalari hauek merezi dute”

“Jokalari hauek merezi dute”

Unai Zubeldia

Seinale ona da denak deika aritzea”. Baina ezohiko astea ari da izaten Iker Bueno Iraurgiko entrenatzailearentzat (Azpeitia, 1988). Espainiako Urrezko LEB ligara igotzeko kanporaketak jokatzea zen azpeitiarren erronka. “Liga bigarren amaitu genuelako aurreko denboraldian, eta lehen kanporaketan kolpe handia hartu genuelako gero, lehen partida galduta”. Minez ekin zioten sasoiari, eta egin berri dutena barneratzeko lanean ari dira oraindik. “Joan den igandean, Avilan, eromena bizi izan genuen, baina uste dut ez dugula sinetsi oraindik”. Carrefour El Bulevar 45-60 mendean hartuta, Urrezko LEB ligako taldea da Iraurgi. “Larunbatean, etxean, lagunekin, zaleekin eta familiako kideekin ospatu nahi dugu igoera”. Ligako azken partida izango dute azpeitiarrek bihar, Alcazarren aurka (20:00).

Ospakizunei helduta, dena ere ezin kontatu, noski. “Baina inoiz ahaztuko ez ditugun momentuak igaro genituen autobusean, etxerako bueltan. Dantzan, saltoka, garagardoak edanez… Gehiegi pasatu gabe, baina behar bezala ospatuz”. Gaizki hasitakoa gaizki amaitzen omen da askotan, baina, denboraldi guztiko borroka etengabearen erakusgarri, igandean ere behetik gorako lana egin zuen Iraurgik. “Auto-pilaketa handia zegoen Madril inguruan, eta 50 minutu berandu iritsi ginen kantxara”. 17 puntuz galtzen ere joan ziren. “Baina oso onak izan ziren azken bi laurdenak. Asko sufritu dugu denboraldi guztian, partida gutxi irabazi ditugu alde handiarekin, eta antzeko zerbait gertatu zitzaigun igandean ere. Momentu garrantzitsuetan sufritzen badakigula erakutsi dugu”.

Azken urteotako bilakaeraren azken koska izan zen joan den igandekoa. Iraurgik 13. postuan amaitu zuen 2008-2009ko denboraldia, EBA ligan; bigarren postua eta igoera lortu zituen 2009-10ean; Zilarrezko LEB ligan 15. amaitu zuen hurrengo denboraldian; bederatzigarren 2011-12an; zortzigarren 2012-13an; hamargarren 2013-14an; hamabigarren 2014-15ean; seigarren aurreko denboraldian; eta, lehen postua lortuta, handikiro igo berri da Urrezko LEB ligara.

“Izugarrizko meritua daukate jokalariek. Aurreko denboraldian taldean zeuden Ibon Guridi, Gaizka Maiza, Pablo Arenaza, Lander Segurola… Urtebete geroago begira zer lortu duten”. Buenok onartu du inork ez zuela espero Urrezko LEB ligara igotzea. “Ezta neuk ere!”. Baina kantxan hitz egin du taldeak. Kirol arloan egindakoa nahikoa izango ote da bulegoetan ere pausoa emateko? “Auskalo. Gozatu egin behar dugu orain, eta pazientzia izan. Badakigu saskibaloi taldeetan luzeak izaten direla udak”. Buenok ez dauka asmorik larritzeko. “Oinak lurrean izan behar ditugu. Lehen postuan amaitzea, hori zen lor genezakeen erronkarik handiena, eta lortu dugu. Hurrengo denboraldian non egongo den taldea? Ez dakit. Lasaitasuna eta patxada behar ditugu orain”. Azpeitiarrak klubaren esku utzi du erabakia. “Ez dakit ekonomikoki zer-nolako eskaerak dauden Urrezko LEB ligara igotzeko. Ez dut uste alde handirik izango denik, eta jokalari hauek merezi dute aukera bat, kantxan erakutsi dutelako daukaten maila”.

Multzo honek gaitasunik ba al dauka Urrezko LEB ligan lehiakor izateko? “Jokalariren batzuk fitxatu beharko genituzke, baina zergatik ez? Orain ere egiten ditugu fitxaketak lehiakor izateko; Azpeitiko talde batean jokatzea zer den ondo barneratu duten lau atzerritar dauzkagu egun”.

Gipuzkoa Basketi begira

Duela urtebete, saskibaloia krisi sakonean sartu zen Gipuzkoan: ACB ligatik Urrezko LEB ligara jaitsi zen Gipuzkoa Basket, eta Zilarrezko LEB ligatik Urrezko LEB ligara igo ezinik gelditu zen Iraurgi. Denbora tarte txikian, ordea, bigarren koskara igo da Azpeitiko taldea, eta gaur iluntzean ACB ligako taldea izan daiteke Donostiakoa. Gipuzkoa Basketek nahikoa izango du Gaska pabiloian Leyma Coruña mendean hartzea (21:00). Sailkapeneko seigarren postuan daude galiziarrak. Gaur galduz gero, donostiarrek beste aukera on bat izango dute hurrengo ostiralean, Marin Peixegalego azken sailkatuaren kantxan jokatuko dutelako (21:00).

Buenoren ustez, Iraurgiri mesede egin diezaioke Gipuzkoa Basket maila nagusira igotzeak. “Talde bat indartzeko nahikoa lan daukagu Gipuzkoan, eta pentsa maila berean bi elkartuko bagina. Herrialdeko saskibaloiak mailaketa bat behar du, eta hobea litzateke talde bat ACB ligan egotea eta beste bat Urrezko LEB ligan”.

Hausnarketa osatzeko, emakumezkoen taldeei ere begiratu nahi izan die Iraurgiko entrenatzaileak. “Mailari eustea lortu du Iraurgik [Bigarren Mailan dago], eta maila nagusian oso denboraldi ona egin du IDK Gipuzkoak. Erokeriarik egin gabe, proiektuek oinarri ona izatea da garrantzitsuena; momentuko euforia giroarekin astakeriak egin gabe, etorkizuneko proiektuak gauzatzea”.

Urtebete eskasean beltzetik zurira igaro da Gipuzkoako saskibaloia. Joan den igandean lehertu zen festa Azpeitian, eta gaur iluntzean irits daiteke errematea Donostian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.