“Landa medikuaren jardunean bakardadea da gauzarik zailena”

“Landa medikuaren jardunean bakardadea da gauzarik zailena”

Miriam Luki

Ospitale handietan zein txikietan, kontsulta gela handietan zein txikietan… Leku askotan egiten dute euren jarduna medikuek, baina gune txikietan egiten duten lana da, beharbada, ezezagunena: eguneroko kontuak, trabak zein pozak, landa eremuen eraldaketaren gertuko lekukotzak, baliabideak eta erabiltzen dituzten erremintak… Medikuak eduki izan ditu familian Antxon Otegik (Tolosa, 1972), eta hura ere medikua da bokazioz. Landa eremura eraman du zoriak; baina, akaso, ez du zoriak soilik. Ezkioko kontsultaren kanpoaldean loratzen ari den zuhaitza erakutsi du amaieran. “Zuri-zuri egongo da aste gutxi barru”.

Zergatik mediku?

Gaztetatik izan dut besteei laguntzeko halako grina bat. Tolosako Eskolapioetan ikasi nuen, eta han bazegoen laguntza giro bat. Etxean, bestetik, medikuak izan ditut hiru osaba, eta baita ni baino helduagoak diren beste bi lehengusu ere. Kimika ikasketak egiten hasi nintzen, baina utzi egin nuen urtebetera. Hurrengo ikasturtean Iruñera joan nintzen medikuntza ikasketei ekitera.

Eta zergatik familia mediku?

Ikasketetan murgilduta nengoela, kirurgia eta familia mediku espezialitateek erakarri ninduten; bigarrenak, bereziki, arlo guztiak ukitzen dituelako.

Zumarragako ospitalean egin zenuen egoiliar etapa.

Ospitale handietan egoiliar asko egoten da hainbat espezialitatetan. Txikietan, berriz, familia medikuak bakarrik egoten dira egoiliar gisa. Ospitale txikietan estuagoak eta gertuagokoak izaten dira harremanak.

Zein bide hartu zenuen ondoren?

Saltoka ibili nintzen. Kontratu txikiak izan nituen, eta alde batetik bestera ibili nintzen lanean. Goierri aldean batean, Bortzirietan hurrengoan… Beste bailara bat da hura; Nafarroan egonda ere, Oiartzunen hurbiltasuna antzematen zaie bertakoei.

Ez zara atera herri txikietatik.

Ez. Egia da bizitzak bere bidea eginarazten dizula, baina norberak ere maneiatzen du zer edo zer, eta ni herri txikietan aritu izan naiz beti lanean. Lau urtez ibili nintzen Bortzirietan; Oñatin, hiru bat urtez; orain, Ezkion, Itsason eta Gabirian… Badut herri txikietarako berezko joera bat. Oñatin lanpostua lortu nuen arren, aldatu egin nuen Ezkioko aukera sortzean. 2009an etorri nintzen hona.

Nolakoa da zure ohiko egun bat?

08:00etan irekitzen dut Ezkioko kontsulta. Larrialdiren bat egonez gero, artatu egiten dut, eta 09:00etarako Gabiriara igotzen naiz. Kontsulta txiki-txiki bat daukagu han; bulegotxo bat bere itxarongelarekin. Eliza, eskola, udaletxea, haurren gunea eta medikuaren gunea daude Gabirian, 30 metro koadroan. 10:30ean Ezkiora jaisten naiz, berriz ere, eta 13:30era arte aritzen naiz lanean. Abisuen arabera, aldaketak izaten dira eguneroko martxan. Denbora bestela neurtzen da hemen, izugarrizko sakabanaketa dagoelako. Mandubiko Benta gurea da, eta Aztiria ere bai. 20-30 minutuko bidea daukat hemendik Aztirira.

Bisitak egiten al dituzu herritarren etxeetara?

Bai; nik eta erizainak. Erizaina bakarrik joaten da batzuetan, sendatzeko lanak izanez gero; kontrolak egitera joaten naiz ni. Dena mendi puntan dago inguru honetan, eta hori da, akaso, zailena. Hori, eta bakardadea. Beste familia mediku batzuen aldean, kopuru erdia daukat nik; 800 bat lagun dauzkat Ezkio, Itsaso eta Gabiria kontuan hartuta. Norbaitek pentsa lezake jende gutxiago izanda lana errazagoa dela, baina ez da hala; bestelako zailtasunak ditu gureak.

Bakardadea aipatu duzu…

Gure egunerokoan, herritarrekin batera zalantzak sartzen dira ate horretatik. Ona da lankideak ondoan izatea, zalantzak argitzeko eta zer egin argitzeko. Egun batzuetan, bost ordu ere igarotzen ditut segidan bakarrik, eta, hain zuzen ere, niretzat bakarrik lan egitea da zailena. Larrialdietan ere bakardadea ez da gozoa. Pentsa norbaiti bihotzekoa ematen diola… Leku handietan taldeka ibiltzen dira profesionalak. Gurean, ordea, bakarrik joaten gara batera eta bestera, eta, gehienez, erizainarekin.

Abisua jasotzen duzun unea da zailena, gaixoa ikusten duzun arte gauza asko etortzen zaizkizulako burura. Autoa hartu, eta harengana iritsi behar duzu. Baina, tira, badakit bidea bakarrik egin beharko dudala, eta luzerak ez nau horrenbeste kezkatzen.

Abentura bat baino gehiago bizi izango zenuen urteotan, ezta?

Nahiko gauza gutxi kontatzen dugu medikuok, baina jakina abenturak bizi izan ditudala. Herritarrak dei zaitzake, esaterako, behiak ostikoa eman diola eta hanka hautsita daukala esateko; erleei buruz ere aritzen gara hizketan kontsultan [estu dabiltza erle asiarrarekin]; udazken-udaberri partean orkatzen gorabeheran ibiltzen gara errepidean… Gustuko dut naturatik hain hurbil egotea.

Bertakoek eusten al diote garai bateko eskertzeko moduari?

Herriak bere garaian medikuari jarritako etxea da kontsulta dagoena. Lehen, bertako bizilaguna zen medikua. Adineko jendeak garai haiek bizi izan ditu, non oilorik onenak gordetzen zituzten apaizarentzat, medikuarentzat edo aguazilarentzat. Adinekoekin batera desagertuko dira ohitura haiek.

Ezkio, Itsaso eta Gabiria nolakoak dira medikuaren begietara?

Une latz batean iritsi nintzen ni. Bailara honetan autobidea egin zuten alde batean, eta abiadura handiko trena bestean. Nekazaritzari lotuta bizi dira hemen, eta desjabetzeak izan ziren lan handi horien harira. Bertakoek asko sufritu zuten lur mugak zirela eta ez zirela. Azken zortzi urteotan sekulako eraldaketa izan du Ezkiok. Gainek berdintsu diraute, baina etxebizitza berri asko egin dituzte errepide ondoko herrigunean. Nik, halere, nire kupoan ez dut sumatu demografia aldaketarik; ez gora, ez behera.

Eta nolakoak dira herritarrak?

Gorriak ikusitakoak dira hemengo adinekoak. Eutsi egiten diote, minari eutsi ere. Haitzen modukoak dira. Baserrian lanean aritu dira; kanpoan lan eginda ere, lanetik baserrira itzuli, eta lanean jarraitu dute atsedenik gabe. Izaera ere halakoa dute. Egin ahal dutenera arte egiten dute, baita osasunari dagokionez ere. Kolpe bat hartu, eta eutsi; bihotzekoak eman eta minari ordutan eusten diotenean sortzen da arazoa. Azkar asko jakiten dut zer edo zer badaukatela zer daukaten galdetu eta larri daudela edo tristura daukatela erantzuten badute. Hemendik ospitalera bidaltzen ditugunean, han jada jakiten dute zerbait egon badagoela. Antzekoa gertatuko da Gipuzkoako landa mediku guztien kasuan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.