Estatistiken izenean, alertak

Estatistiken izenean, alertak

Unai Zubeldia

Alerta egoera, alerta-aurreko egoera eta egoera normala. Urtegiek egunero igaro behar izaten dute azterketa zehatza. “Baina lehen argazkia besterik ez da izaten hori”, zehaztu du Josetxo Saizar Gipuzkoako Ur Kontsortzioko teknikariak. “Une jakin bateko zenbaki hotzak izaten dira horiek; ez daukate beste dimentsiorik”. Horregatik ageri zen joan den astelehenean Lareoko urtegia, Ataunen, alerta egoeran. “Egun horretan urtegiak daukan ur kopurua aztertu, eta batez besteko historikoarekin alderatzen delako datu hori”.

Lareoren kasuan, urtegia bere gaitasunaren %68,08an zegoen joan den astelehenean; egun berean, %100,10ean zegoen duela urtebete; %98,81ean 2015ean; %96,77an 2014an; %98,81ean 2013an… “Alderaketa horretan, ohi baino baxuago dagoela jakinarazten du alerta egoerak, besterik ez”. Egun horretako balioa batez besteko historikoa baino altuagoa bada, formula baten bidez 0,5 eta 1 arteko balioa ateratzen da. “Kasu horietan esaten dugu urtegiaren egoera normala dela”. Egun horretako ur kopuruaz gain, batez besteko historikoa, baliorik altuena eta baxuena hartzen dituzte kontuan datua zehazteko. 0,5etik behera hasten dira alerta kontuak. “Hiru fasetan: 0,3 eta 0,5 artekoa da alerta-aurreko egoera; 0,15 eta 0,3 artekoa alerta egoera; eta 0 eta 0,15 artekoa larrialdi egoera”.

Saizarren hitzetan, Lareoko urtegiak badauka azalpen zehatzagoa, gainera. “Ataungo 1.700 biztanleak urez hornitzea da urtegi horren helburu nagusia, baina Agauntza ibaira emari ekologikoa bidaltzeko baliatzen da zatirik handiena”. 2.230.000 metro kubo ur sartzen da Lareon.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren barne dauden zazpi urtegiak kontuan hartuta, joan den astelehenean alerta egoeran zegoen Lareoko urtegia, alerta-aurreko egoeran Barrendiola (Legazpi) eta Urkulu (Aretxabaleta); eta egoera normalean Aixola (Eibar), Arriaran (Beasain), Ibaieder (Azpeitia) eta Ibiur (Baliarrain). “Baina hurrengo irakurketa eskatzen du edozein alerta abisuk. Urkulun, esaterako, 0,34ko datua ageri da; alerta-aurreko egoera, beraz. Baina urtegi horretan ia 8.200.000 metro kubo ur dago gaur-gaurkoz, eta 2016an 5.600.000 metro kubo ur atera genuen denera”. Ondorioa? “Hain urtegi txikiak dauzkagu, berehala igarotzen gara alerta egoera larrietatik uholdeetara”. Pilaketa lan horretan, aste honetako euri zaparradek kalterik ez diete egingo Gipuzkoako urtegiei.

Eibarren kasuan, herrian bertan dago Aixolako urtegia. “Eta gainezka dago”. Iaz, urte guztian, milioi bat metro kubo ur bideratu zituzten Eibarrera. “Baina Urkuluko urtegitik. Ondorioz, lehorte handiren bat iritsiz gero, 11 milioi metro kubo ur edukiko genituzke Urkulun eta Aixolan, eta iaz seirekin aski izan zen leku guztietara iristeko”. Zenbaki hotzen atzeko azterketa sakonagoa eginda, “oso lasai” daude Gipuzkoako Ur Kontsortzioko arduradunak.

Añarbe, “egoera onean”

Añarbeko urtegitik iristen zaie ura Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Urnieta, Usurbil eta Astigarragako herritarrei, eta, Iban Zubeldia komunikazio arduradunak azaldu duenez, urtegia “egoera onean” dago egun. “Gaitasunaren %90etik gora dago; ondo beteta”. Añarben ez dituzte bidaltzen alerta abisuak Ur Kontsortziokoen modu berean. “Baina antzeko joera izaten dugu urtero. Udaberrian izaten dira baliorik altuenak, eta maiatz-ekain aldetik aurrera hasten da jaisten urtegiaren maila”.

Zubeldiaren hitzetan, “garrantzitsuak” dira alerta deiak. “Une jakin bateko egoeraren berri ematen dutelako. Baina ondo azaldu behar da unean uneko egoera zein den, herritarren artean gehiegizko larritasuna sor daitekeelako bestela”. Añarberen kasuan, joera berezi bat nabaritu dute azken urteotan: “Oso hilabete lehorrak eta oso euritsuak, kontrasteak izaten ari gara askotan”. Mutur guztietatik ihesi, hala ere, gaur-gaurkoz oreka jokoan egoera onean daude Gipuzkoako urtegiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.