“Denon eskubidea da odola jasotzea, eta denon ardura ematea”

“Denon eskubidea da odola jasotzea, eta denon ardura ematea”

Unai Zubeldia

18.000 odol emaile daude Gipuzkoan. “Eta 20.000ra iristea da erronka”, adierazi du Sabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko zuzendariak (Caracas, 1955). “Oso handia da kopurua, baina inoiz odolik eman ez duten herritarren %97 animatu nahiko genituzke”. Elkarteak larrialdi deia egin zuen Aste Santuaren jiran, eta herritarrek “ondo” erantzun dutela azaldu du Urzelaik.

Larrialdi deia egin zenuten Aste Santuko oporraldiaren atarian. Hain larria al zen egoera?

Tira… Odolari buruz hizketan hasi, eta odol gorria besterik ez zaigu etortzen burura, baina hiru osagai daude atzean: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Behin odola aterata, 42 egun irauten dute globulu gorriek, bost egun plaketek, eta urtebete plasmak. Aste Santuan, beraz, asteartean iraungita egongo ziren asteazkenean ateratako plaketak. Horregatik, ostegunerako deialdia egin genuen Gipuzkoan, eta 35 odol emaile etorri ziren. Bizkaian astebururako egin zuten deialdia, eta Araban larunbaterako. Horri esker eduki ditugu plaketak. Deialdia egin, eta erreserba igotzea lortu dugu, baina badakigu uztailean deialdia egin beharko dugula berriz ere.

Plaketena da, beraz, benetako arazoa?

Hala da, bai. Horregatik, une oro harremanetan egoten gara Kantabriako eta Nafarroako elkarteekin, baten batek beharra izanez gero, elkarri laguntzeko. Minbiziekin, leuzemia kasuekin-eta erabiltzen dira plaketak, eta inoiz ezin da jakin zenbatek beharko dituzten. Globulu gorriekin, gertatu izan da une jakin batean nahikoa ez edukitzea, eta transplante ebakuntza egin behar zioten herritar bati ordua astebete atzeratzea. Erabakia ez da ona, baina hain larria ere ez da. Leuzemia kasuetan, ordea, derrigor behar izaten dira plaketak.

Zer gertatuko litzateke larrialdi egoerak nahi adinako erantzunik izango ez balu?

Inoiz ez zaigu gertatu halakorik. Hiru larrialdi mota daude. Joera zaintzen dugu guk, eta, kopurua jaisten hasten denean, egutegiari begiratzen diogu, urte sasoiaren arabera badakigulako, gutxi-asko, zenbat odol emaile izango ditugun. Jaitsiera nabarmen hori opor garaia gertu dagoenean gertatuz gero, ordea, abisua eman behar izaten da; beharra oso larria denean, benetako larrialdi deia egin, eta egun bakarrean 200-300 pertsona etortzen dira odola ematera. Semaforoen gisakoa da gure lana. Ezin da egon zain odolik ez dagoen arte, eta horregatik bidaltzen ditugu abisuak aurretik.

Gaixoren bat gertu daukaten herritarrak joaten dira, normalean, odola ematera?

Denetik dago. Familiako kideren batek odola behar duen kasuetan, inguruko asko etortzen dira gurera. Baina kontzientziazio maila handia daukagu hemen; herritarrak badaki zenbateko garrantzia daukan odola emateak. Hori bai, 30-35 urteko gazteek ez dute ezagutu odol faltarik; lehen, ohikoa izaten zen ebakuntza egin aurretik familiak berak aurkitu behar izatea gaixoarekin bateragarria zen odola. Eskertzen ez den eta hunkitzen ez duen oparia da odola. Hor dago, eta kito. Pertsona bat hezur muinik ez dagoelako hiltzen bada, ez da ezer gertatuko; organorik ez dagoelako hiltzen bada ere, ez da ezer gertatuko; baina odolik ez dagoelako hiltzen bada, Rajoyk berak ere dimisioa emango luke. Eskandalagarria litzateke. Odola jasotzeko, ordea, eman egin behar da aurretik. Denon eskubidea da odola jasotzea, eta denon ardura, ematea.

Gipuzkoako datuak aintzat hartuta, alderik ba al dago eskualdez eskualde?

Garai batean, Aizarnazabal zen herritarrek, batez beste, odol gehien ematen zuten herria, eta, gaur egun, Legorreta izango da, agian. Jendea prest dago odola emateko, baina herri eta hiri handietan zailagoa izaten da kopuru handiak lortzea.

Askoren ustez, diruz ordaindu beharko litzateke odola ematea.

Ez nago ados. Bi arazo daude: batetik, odola ez dio ematen osasuntsu dagoen pertsona batek gaixo dagoen beste bati; norberak behar duenean eskura izateko egiten da odol ekarpena. Nolabait esateko, bakoitzak bere buruari egiten dio ekarpena, eta hori ez da diruz ordaindu behar. Kontzientzia hori sortu behar dugu. Eta, bestetik, dirua tartean egonez gero, arazoak sor daitezke, helburua ez delako izango odola ematea, dirua irabaztea baizik. Zintzotasuna gal daiteke.

Edonor izan daiteke odol emaile? Eta nahi duen guztietan?

Odola emateko borondatea daukatenen %95ek eman ahal izaten dute. Oso jende gutxi gelditzen da odola eman ezinik. Gizonezkoek, urtean lau aldiz eman dezakete, eta emakumezkoek, hiru aldiz.

Odol mota guztiak al dira emateko modukoak?

Bai. Baina batzuk besteak baino hobeak dira. Jasotzeko berdinak dira denak, baina emateko 0- da onena, edozeinentzat balio duelako. Ospitaleetan zenbat eta 0- gehiago eduki, orduan eta hobeto, oso odol ona delako larrialdiei erantzuteko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan biztanleen %12 batek daukate odol mota hori.

Zein bide egiten du herritarrak ematen duen odolak?

Odola atera, eta 22 gradutan gordetzen dugu ordu batzuez. Duela lau urtetik, Galdakaon daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erreserba guztiak, eta handik kudeatzen da dena. Odol poltsa bat eta bi tutu iristen dira hara, eta hepatitisaren, hiesaren eta sifilisaren azterketa egiten zaie. Makina batek hiru produktutan bereizten du odola: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Hozkailuan gordetzen dira, eta beharraren arabera hasten da kudeaketa guztia.

Beldurrak bere lana egiten du askotan; zein aholku emango zenioke odola emateko beldurrez dagoenari?

Beldurra izateko eskubidea daukala esango diot lehenengo, baina benetako beldurtia izan behar dela: ez du balio emateko beldurra izateak eta jasotzeko batere ez edukitzeak. Bihar odola nahi baduzu, gaur baten batek eman beharko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.