Artelanak azaleko mihisean

Artelanak azaleko mihisean

Maialen Etxaniz

Gaur egun, edozein pertsonaren azalean aurki daitezke artelanak.Ikus daitezke animaliak, pertsonen aurpegiak, paisaiak edota esaldiak. Izan daitezke handiak zein txikiak, koloredunak ala ilunak. Baina marra gris batekin hasten dira ia guztiak, grey line delakoarekin. Izen hori jarri zioten Julen Muñoz (Zumaia, 1990) eta Pablo Hernandez (Zumaia, 1992) tatuatzaileek beren estudioari, duela bi urte. Tatuajeen eta sortzaileen munduan murgilduta dabiltza gaur egun.

Biek gogoan dute haurrak zirenean “edozein lekutan” margotzeko joera zutela, etxean, eskolan zein kalean. “Amak erakutsi zidan pintatzen; hark piztu zidan arterako grina”, azaldu du Muñozek. Baina, zaletasun bera badute ere, “ama, tatuatzailea izan nahi dut” esatean hark “ideia hori burutik kentzera” gonbidatu zuela gogoratu du. Hernandezek, berriz, arte arloko ikasketak ditu eginak; batxilergo artistikoa aurrena, eta ilustrazioa gero. Baina gaur egun bidaide duen lagunak hurbildu zuen tatuajeen mundura: Muñozek. Amaren etxean egin zituen aurreneko tatuajeak Muñozek, haurra zeneko logelan. Ondoren, bere etxean gela bat egokitu zuen horretarako. Hernandezek, berriz, ganbaran muntatu zuen estudioa; komunik ere ez zuela gogoratu du: “Pentsa: tatuatzera etortzen zirenak etxeko komunera eramaten nituen, eta ama aho zabalik gelditzen zen”, gogoratu du, barrez.

Aurreneko urratsak eginda, trebatzeko ordua izaten da. Tatuatzaile ona izateko, formakuntza “ezinbestekoa” dela uste dute Greylineko mutilek. Hala, une oro horretan ari direla nabarmendu dute; izan ere, haien aburuz, ikasteko materiala “esku-eskura” dago gaur egun.

Errealistak, xehetasun handikoak dira bi zumaiar gazteek egiten dituzten tatuaje gehienak. Haien iritziz, errealismo kutsu hori da beren lanen bereizgarri nagusia. “Erraza da gustatzea, argazkien itxura handia izaten dutelako. Koadroekin gertatzen den gauza bera gertatzen da tatuajeekin ere. Koadro hiperrealista bat errazago sartzen da begietatik abstraktu bat baino”, dio Hernandezek. Eta arazo bat ikusten du hor: “Nik uste dut arazoa dela jendeak garrantzi handiegia ematen diola tatuajearen errealismoari. Nahi duguna da jendeak tattoo-aren mundua ezagutzea, tatuaje mota ezberdinak daudela jakitea —tradizionalak, ez-tradizionalak…— eta horiek guztiak baloratzea”. Konposizio ilunak egiten dituzte bi gazteek, eta “estilo bera baina, aldi berean, desberdina” dutela diote. “Tinta beltz asko” erabiltzen dute, eta, batzuetan, kolore zertzelada batzuk ere sartzen dizkiete marrazkiei. Hernandezek gorria erabiltzen du, eta Muñozek, berriz, berdea. Biek ala biek garezurrak marraztea atsegin dute, eta baita pertsonen aurpegiak ere. Hernandezek azaldu duenez, “testura eta kontraste handiko erretratuak” egitea gustatzen zaio gehien: aitona zaharrenak, kasurako. “Oro har, tatuaje ilunak atsegin ditut”, dio. Muñozek, berriz, “nesken aurpegiak, animaliak eta pixka bat makarrillak direnak” atsegin ditu. Hala ere, mota guztietako lanak egitea egokitzen zaie, bezeroen eskariaren arabera. Nahiz eta biak tatuaje handien zaleak diren, tarteka lan txikiak egitea ere atsegin dute, “handiekin ez aspertzeko”.

Gero eta jende gehiagok egiten ditu tatuajeak, eta ez da arraroa bi pertsonari azalean marrazki berbera ikustea. Irudi horiek, gehienetan, Interneten bilatutakoak izaten direla adierazi dute. Baina Greylineko artistak beti saiatzen dira beren diseinuak sortzen. “Gure irudimenetik abiatuta diseinatzen ditugu irudiak, eta saiatzen gara jendeari estilo ezberdinak daudela erakusten. Hori bai, bezero bakoitzari berak soilik izango duen tatuaje bat sortzen diogu”, azaldu du Muñozek. “Halere, marrazki guztiek dute beren istorioa, eta denak hartzen ditugu gustura”.

Bien eskuekin osatutako tatuajeak ere egin dituzte. Ordu luzez egon izan dira estudioan sartuta, pertsona baten bizkarra tintaz betetzen, azaleko mihisean arteari lekua egiten. Sei lan egin dituzte elkarrekin, eta “oso gustura” aritzen direla diote.

Bidaiatuz, ikasten

Munduko hainbat txokotako tatuajeen erakusketetara joaten dira Hernandez eta Muñoz. Indian, Mexikon, Zaragozan eta Bartzelonan izan dira, besteak beste, eta datorren udaran ere Berlinera joango dira. Uneotan, gonbidapenez gainezka dute posta elektronikoa, eta halako azoketan egotearen garrantzia nabarmendu dute biek: “Expo-etara ez gara lanera soilik joaten; hori hemen ere egiten dugu. Oso garrantzitsua da jendea ezagutzea eta kontaktuak egitea. Asko ikasten dugu besteen lanak eta lan egiteko modua ikusita. Horregatik da garrantzitsua bidaiatzea eta erakusketetara joatea. Ondoren, haien estudioetara joateko gonbita jasotzen dugu, eta guk, noski, Greylineko ateak zabaltzen dizkiegu interesa dutenei”.

Gazteak dira oraindik Julen Muñoz eta Pablo Hernandez, baina hasi berri duten bidaian esperientziaz betetako motxila daramate bizkar gainean. Azaletik jauzi egin behar dutela diruditen marrazkiak egiten dituzte biek, eta ez zaie falta ikasten jarraitzeko gogorik. Hala ere, argi dute: “Gure asmoa ez da izugarri hobetzea eta horretan itsutzea. Egiten dugunarekin gozatzen jarraitu nahi dugu, eta jendeari hori helarazi”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.