“Gutxietsita dago egiten dugun lana, eta ez zaigu aitortzen”

“Gutxietsita dago egiten dugun lana, eta ez zaigu aitortzen”

Ikerne Zarate

Hitzarmen duina nahi dute. 2012tik soldatak izoztuak dituzte Errenteriako udal eraikinen garbiketako eta Jesusen Bihotza zahar etxeko langileek, eta bost urte daramatzate hitzarmena sinatu gabe. Astelehenean ateren bat zabaldu daitekeela uste dute egoitzako langile diren Marian Gorjon LABeko kideak (Errenteria, 1961) eta Rosa Rojo ELAkoak (Errenteria, 1967). Egun horretan bilduko dira zerbitzua kudeatzen duten enpresekin.

Otsailean mobilizazioak hasi zenituzten udal eraikinen garbiketako eta Jesusen Bihotza zahar etxeko langileek. Hitzarmen kolektiboaren blokeoa salatu duzue. Zein da egoera?

MARIAN GORJON: Iazko urrian hasi ginen negoziatzen enpresarekin. 2013tik 2016ra soldata ez igotzea proposatu ziguten haiek, eta aurten eta 2018an %0,5 igotzea. KPIa kontuan hartuta, 2013tik 2016ra %2,2ko igoera eskatu genuen guk. Enpresaren proposamena ez zitzaigun nahikoa iruditu, eta mobilizazioekin hastea erabaki genuen.

ROSA ROJO: Telefonoz gauza bat eskaintzen digu enpresak, eta negoziatzera joatean, beste bat.

Bost eguneko greba amaitu berri duzue.

R.R.: Hala da, bai. Udaletxera deitu zuen enpresak. Esan ziguten udalak dirurik ematen ez bazuen enpresak ez zuela igoerarik aplikatuko eta ez zuela akordiorik sinatuko.

M.G.: Uni2 enpresa ez zen azaldu PRECOren barruan izandako azken bilerara [lan gatazkak konpontzeko prozeduren sistema]. Eulen joan zen bilerara, eta %1,5eko igoera eskaini zigun. Trukean, greba bertan behera utzi eta denbora pixka bat emateko eskatu zigun langileoi, urteko soldata garbiaren %1eko paga bat kudeatu ahal izateko. Esan ziguten azken hori ez zutela kontsolidatuko, eta ez genuen onartu. Horregatik jarraitu genuen greban.

Zein baldintza dituzue lanean?

R.R.: Enpresek aldaketa ugari egin dituzte lan erreformei helduta. Udalak ez du ezer esaten, eta enpresek dirua sartu dute poltsikoan. Gazte pila bat dituzte praktiketan, eta manipulatu egiten dituzte soldatekin eta ordutegiekin. 2009ko grebaren ostean, argi gelditu zen bi mailaketa zeudela. Laguntzaile gisa soldata plusa geneukan, baina sukaldean lapikoak garbitzen, gelak garbitzen eta laguntzaile lanak egiten edukitzen gintuzten. Gaur egun badaude zaintza lan batzuk egiten dituzten garbitzaileak, eta baita garbiketan aritzen diren laguntzaileak ere. Beste aldera begiratzen dute denek.

Lanean urte asko daramatzagunok badauzkagu egutegia eta ordutegia; ez, ordea, hamar urte behin-behinean lanean ari direnek eta kontratu finkorik ez dutenek. Horiek ez daukate soldata finkorik, eta ezinezkoa dute lana eta familia behar bezala uztartzea. Langile batzuek hamar urte daramatzate horrela. Lan erreforma baliatzen ari dira 20 urteko gazteak kontratatzeko. Horiei, enpresak soldataren %60 ordaintzen die lehen urtean, eta %70 bigarrenean; praktika kontratuekin daude, ez dute lanaldi osorik, eta postu horiek, gainera, eragina daukate behin-behinekoen zerrenda horretan.

Zenbat langile ari zarete lanean udal eraikinen garbiketan eta zahar etxean?

R.R.: 140 lagun. Bost gizonezko daude egoitzan; 20 eta 24 urte arteko gazteak dira. Mantentze lanetan ari dira beste bi, eta ikastetxeetan beste bat. Gainontzekoak emakumezkoak gara.

Langile guztiek egin dute bat protestekin?

M.G.: Ez. Behin-behinekoek eta praktiketan ari direnek ez dute parte hartu, beldur direlako. Langile finkoen %75 ari gara parte hartzen mobilizazioetan.

Aipatu duzun moduan, emakumezkoak zarete ia langile guztiak. Sektore feminizatuak dira zaintzarena eta garbiketarena. Zer eragin dauka horrek langileen kasuan?

R.R.: Gutxietsita dago egiten dugun lana, eta ez zaigu aitortzen. Pertsonekin ari gara lanean, eta pisua mugitzen dugu. Lan emozionala eta fisikoa egiten dugu, lotura sortzen delako pertsona horiekin. Minutuko 120 segundo egiten dugu lan. Emakumeok zaintzaile eta garbitzaile lanak egiten jarraitzen dugu oraindik. Guri dagokigun lana dela uste dute askok. Zertarako ordaindu gehiago orduan?

M.G.: Lehen, bokazioaz mintzatzen ziren zaintza lanak egiteko. Ez da bokazioa: profesionaltasuna da. Sektore feminizatua izanda, eta askotan beldurra izaten dugu gauzak eskatzeko. Alargunak dira batzuk, seme-alabak dituzten bananduak besteak… Horiek beldur dira borrokatzeko; dagokiguna eskatzeko. Oso lan gogorra da gurea.

Badirudi akordioa lortzeko aukera zabaldu zaizuela, ezta?

R.R.: Udalarekin hitz egin ostean, 2017 eta 2018rako %1,5eko igoera onartzeko prest daude; aurtengo soldataren %1eko paga emango omen digute, eta %0,5 kontsolidatu. Astelehenean izango dugu bilera enpresekin, eta asteartean elkartuko gara langileak. Beldur gara gauza bat agindu eta beste bat eskainiko ote duten.

M.G.: Enpresek telefonoz egindako azken eskaintza horri eusten badiote, langileek onartuko dutela uste dugu. Halere, datorren astean argituko da hori.

Zein egiteko dute erakundeek halako gatazketan?

R.R.: Eragiterik badutela uste dugu guk. Lehiaketa publikoa egiten dutenean, dena itxita dagoela esaten dute, eta hala da. Beste udaletan, ordea, diru ekarpena nola egin kudeatzen dute, edo alternatibak bilatzen dituzte. Pentsatzekoa da Errenteriako Udalak hori egin duela Eulenekin. Bizkaiko egoitzen egoera salatzen dute, baina ez dute babesten gure egoera; egin zezaketen guztia egin dutela diote.

M.G.: Herritarren babes handia sumatu dugu. Gazteak etorri izan dira protestetara, eta Duintasuna elkarteak eta Errenteriako talde feministak ere babestu gaituzte.

Adinekoek zer diote bizitzen ari diren egoerari buruz?

R.R.: 130-140 adineko daude egoitzan. Babestu egin gaituzte batzuen familiek, eta ez dute hain ondo hartu beste batzuenek. Adinekoei, berriz, borrokatzea tokatu zaie, eta gehienek animatu egiten gaituzte. Haiek onartzen dute aurreko belaunaldien borrokari esker lortu ditugula orain arteko gauza guztiak.

Hemendik aurrera, zer?

R.R.: Enpresak mahai gainean agindutakoa jartzen badu arazoa bukatuko dela uste dugu, greba ez baita inoren gustukoa. Gainera, langileok errudun sentiarazten gaituzte; adinekoak bazterrean uzten ditugula esaten dute, eta manipulazio horretaz baliatzen dira denak. Errespetuzkoa ez den eskaintzaren bat egiten badute, berriz, greba mugagabea egitea da langile batzuen asmoa. Ikusiko dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.