[Museora] Igartza Monumentu Multzoa. Bost gune, multzo bakarrean

[Museora] Igartza Monumentu Multzoa. Bost gune, multzo bakarrean

Eider Goenaga Lizaso

Beasainen, Erdi Aroan Europatik zetorren bidea bitan zatitzen zen tokian bertan eraiki zuten Igartzako dorretxea, XVI. mendean. “Orduko N-1 errepidea izango zena hemendik pasatzen zen, eta, zubian, bitan banatzen zen: San Adriandik barrena, Nafarroarantz; eta Leintz Gatzagarako bidea hartuz, Arabarantz. Toki estrategikoa zen jauntxoentzat, bide hori kontrolatu nahi zutelako”, azaldu du Igartza Monumentu Multzoko kudeatzaile Aitziber Makatzagak (Zerain, 1976).

Igartzako dorretxea da multzoa osatzen duten eraikinetan nagusi, eta jendeak gehien ezagutzen duena ere bai. Baina monumentu multzoaren bisitak beste lau gune ere biltzen ditu: XVI. mendeko egurrezko presa, errota hidraulikoa, burdinola eta Betleemgo ermita. “Guztien artean multzo bat osatzen dute. Berez, paraje zoragarria da paseo bat emateko, baina horiek bisitatzeko modu bakarra bisita gidatua egitea da, bestela itxita egoten baitira”, azaldu du Makatzagak.

Multzoaren ikur den jauregia zaharberritzen eta ingurunea atontzen hasi zen lehenik Beasaingo Udala. “Eta horrek beste elementu batzuk agertzea eragin zuen”. Ondoren berritu eta txukunduak izan dira, adibidez, burdinola eta egurrezko presa.

Egurrezko presaren aurkikuntza 1983ko uholdeei esker egin zela azaldu du Makatzagak. “Harrizko presa bat zegoen, eta hura eraitsi egin zuten. Urtebete geroago, 1983ko uholdeetan, lokatz artean agertu zen XVI. mendeko egurrezko presa hori. Piezak gorde egin ziren, aurrerago jendeak ikusteko moduan atontzeko asmoz, eta gaur egun justu jauregiaren azpian dago ipinita”. 2011n, Albaola itsas kultur faktoriak berreraiki zituen presaren zatiak. Presa hori monumentu multzoko gune “oso garrantzitsua” dela dio Makatzagak; egur ingeniaritzaren lekuko garrantzitsua da, eta ezaugarri bereko bakarrenetakoa da Europa osoan.

Multzoa osatzen duen beste elementu bat obra batzuen ondorioz azalarazi zuten. “Indar enpresa hemen zegoen garai batean, eta hura tokiz aldatu zenean eta inguru hau urbanizatzen hasi zirenean, Indar zenaren azpian burdinola bat agertu zen”. Ondarea berreskuratu eta hura ere ikusgai jarri zuten, Igartzako multzoaren parte gisa. Burdinolaren idatzizko lehen erreferentziak XIV-XV. mendekoak dira.

Bisitaren ibilbidea

Zubian hasten da Igartzako multzoaren bisita gidatua, bideak historikoki izandako garrantziaren lekuko. Gero jauregia bisitatzen dute, eta eraikinaren ezaugarriak azaldu eta dorretxeko hainbat gela erakusten dizkiote bisitariari: logelak, sukaldea, umeentzat atondutako ikasgela… “Euskal Herrian egurrez egindako jauregirik handiena da, erdiko patioa daukan bakarra, eta armatutako zurgintzan egindako galeria dauka airean”, dio Igartza Monumentu Multzoaren webguneak eraikinari buruz. “Klaustro moduko patioa ikusgarria da, eta egurrezko egitura oso ondo ikusten da”, gehitu du Makatzagak.

Jauregiaren ondoren, presa eta burdinola ikusten dira, eta bisita gidatuak errota hidraulikoan jarraitzen du. “Errota honetan orain dela gutxi arte bizi izan da jendea, eta oraindik martxan dago. Guk ez dugu erabiltzen garia ehotzeko, baina martxan jartzen dugu, bisitariek ikus dezaten. Uraren pasoa ireki eta mugimenduan jartzen dugu”. Bide ondoan dagoen errota bat izanik, bidaiarien eskariz harrizko labe bat eraiki zutela azaldu du Makatzagak. “Hala, errotaren funtzionamenduaz gain, ogi masa egiteko tresnak daude ikusgai, eta ogia nola egiten zuten azaltzen diogu bisitariari”.

Bisitaren azkeneko geldiunea Betleemgo ermitan egiten da. “Ermita XVII. mendekoa da, eta, bereizgarri moduan, aldare gaineko margolana erakusten dugu. Clara Gangutiaren koadro bat da, eta elementu bereziak batzen dira bertan: Murumendiko dama, Goierriko paisaia bat, suge bat, sega…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.