Gorputzarekin hizketan

Gorputzarekin hizketan

Unai Zubeldia

“Gorputzarekin eta mugimenduarekin zerikusia daukaten ekintzen bidez, norberaren eta taldearen garapena bultzatzea da gure helburua”. Jaiki elkarteko arduraduna da Maier Etxebarria aretxabaletarra, eta ilusioz dago herrian prestatu duten astebeteko dantza egitarauarekin. Jolasaren eta dantzaren inguruan saioak egiten hasi zen “elkarte txiki bat” da Jaiki, 2003an sortutakoa, eta hirugarren urtez antolatu du Aretxabaletako Dantza Astea. “Duela lau urte antolatu genuen lehenengoz, 2013an”. Bi urtez geldirik egon zen gero. “Eta, iazko energia eta arrakasta ikusita, urtero egitea erabaki dugu jada”.

Bihar hasi eta maiatzaren 26ra arte, zazpi eguneko ekitaldi sorta izango da Jaikiri esker, eta egitarau horri Haur Dantzarien Eguna gehituko diote maiatzaren 28an, igandean, Leizarra Musika Eskolak antolatuta. Euskararen Eguna ere bada bihar Aretxabaletan, eta, ondorioz, jai giro polita sortuko da herrian. Kirol Etxea, Arkupea, Durana kalea, Kuartela, udaletxe zaharra, eliza ondoa eta plaza dantzarako agertoki bihurtuko dituzte astebetez.

Biharkoa izango da “egun handia”. Hainbat herrialde eta dantza diziplinari keinuka, kanpoko artistak eramango dituzte Aretxabaletara. “Arrakastatsua izan zen iazko diseinua, eta antzekoa prestatu dugu. Goizeko ikastaroak kalera atera genituen gero, bakoitzak berearen zati txiki bat eskaintzeko. Ondoren, Jam inprobisazio saioarekin amaitu genuen emanaldia”. Saio horretara animatu zirenek doan izan zuten bazkaria plazan. Aurten ez da izango Kontakt inprobisazio saiorik. “Baina goizeko ikastaroetan parte hartu dutenei eta Euskararen Egunaren aitzakian plazan daudenei gonbita egingo diegu Jam-Ñam egitasmoan parte hartzeko”. Inprobisazioa eta bazkaria elkartuko ditu saio horrek.

Aurretik, haur eta helduentzat hip hop ikastaroak, dantza sortzailea eta swing ikastaroa, Kontakids tailerra, eta dantza afrikarren ikuskizuna izango dira bihar goizean. Lehen eguneko leherketaren ondoren, urtean zehar dantza oinarri hartuta herrian izaten den jardun guztiaren ispilu izango da hurrengo astea. “Kalera eramango dugu dantzaren inguruan dagoen eskaintza zabala”.

Asteartean izango den emanaldi bati garrantzi berezia eman dio Etxebarriak, Habrá que ponerse cachas Ebi Soria eta Xabi Madinaren ikuskizunari. “Garun paralisia dauka batek, eta gurpil aulkian mugitzen da. Dantza integralaren inprobisazio lan zoragarria egiten dute bien artean”.

Herritarren erantzun ona

Hip hopa, swinga, oihal akrobazia, klakea, saloi dantzak, flamenkoa… Aste guztian diziplina asko elkartuko ditu Aretxabaletak. “Nik 21-22 urterekin deskubritu nuen gerria”, hasi du azalpena Etxebarriak. “Ordura arte euskal dantzetan aritu nintzen bereziki, baina gure adin tarteko asko ohartu ginen nekatuta geundela koreografia haiekin, eta askoz dibertigarri eta askatzaileagoa zela edozein estilorekin inprobisatzea. Horri heldu diogu guk”. Hain zuzen ere, ostiralean iritsiko da Jaiki elkartearen txanda. Antolatzaileek eliza ondoan egingo dute emanaldia, 18:30ean. “Eta Rueda cubana ikuskizuna izango dugu ondoren. Iaz, arrakasta handia izan zuen ekitaldi horrek; jendetza pilatu zen plazan”.

Eta herritarrak ere ondo ari dira erantzuten. “Umeen hip hop ikastarorako taldea osatuta dago jada, eta, itxaron zerrendaren arabera, beste saioren bat antolatuko dugu, agian”. Bihar arte egongo da gainerako ikastaroetan izena emateko aukera. Euria eginez gero, monjen konbentu zaharrean egingo dituzte kaleko ikuskizunak. “Hala nahi duten guztiek ikastaroei esker aukera polita izango dute gorputza pixka bat mugitzeko, eta gauza eder asko ikusi ahal izango dituzte dantza egitera animatzen ez direnek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.