Lana euskalduntzeko lanak

Lana euskalduntzeko lanak

Eider Goenaga Lizaso

Eskualde euskaldunenetan ere agerikoak dira lan mundua eta harreman sozioekonomikoak euskalduntzeko zailtasunak. Lan mundua ez ohi da inguru euskalduna, langileak zein enpresako zuzendaritza hala izan arren. “Harreman informalak, langileen artekoak, euskaraz izaten dira, modu naturalean; baina harreman formalak, bilerak eta, batez ere, idatzizko komunikazioa gazteleraz dira, hori ere modu naturalean”, azaldu dio Hitza-ri Iker Salaberria Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkariak. Hori irauli nahi du Kontseiluak, eta 2013tik ari dira horretan, Lan Mundua Euskalduntzeko Konferentzia egin zutenetik. Horretarako, eragileak identifikatu zituzten lehenik (enpresak, langileak, bezeroak eta administrazioa), eta lan ildoak zehaztu zituzten. Orain, lau eragileak lanean batera jarri nahi dituzte, eta Urola Kosta hautatu dute esperientzia pilotu bat abiatzeko.

Kontseiluak lau urte egin ditu eragileekin gaia lantzen, baina arlo bakoitzak bere aldetik egin du bidea: enpresen arloan, adibidez, Euskaragileak taldea osatu dute euskalduntzean aitzindari diren hainbat enpresarekin (Batz, Fagor, Cikautxo, Goizper, Mondragon Korporazioa, Ekin, IMH, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Elay, Irizar, Orkli eta Elkar); eta bezeroei dagokienez, berriz, Baduzu euskal kontsumitzaileen kluba sortu dute, non zerbitzua euskaraz eskaintzen duten 4.000 establezimendu dauzkaten identifikatuta.

“Langileei dagokienez, ikusi genuen ELA eta LABekin bazegoela bide bat jorratzeko modua”. Haiengandik heldu zen, zerbait zabala eta orokorra egin ordez, eremu mugatuago bat hartu eta esperientzia hori, gero, beste tokietara zabaltzeko proposamena. “Urola Kosta proposatu zuten. Batetik, gehiengo sindikala dutelako eskualdean; bestetik, inguru euskalduna izanik, urratsak egiteko baldintzak daudelako”.

Salaberriaren arabera, euskara langileen eskubide gisa ikusi eta landu nahi dute bi sindikatuek. “Lan munduaz aritzen garenean, normalki, zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenez aritzen gara, horiek eragin biderkatzailea dutelako. ELAk eta LABek esaten ziguten hori ulertzen dutela, baina beraiek azpimarra jarri nahi ziotela langileak euskaraz lan egiteko duen eskubideari”. Beraz, hizkuntza eskubideak, langileen beste edozein eskubide bezala, ekintza sindikalean txertatzeko lan egingo dute Urola Kostako egitasmo honetan.

Akatsa da euskalduntzearen zama soilik langileen bizkar utzi eta langileak euskaldunduz laneko hizkuntza besterik gabe aldatuko dela pentsatzea; hori izan zen Kontseiluak sindikatuen aldetik jasotako beste ideia nagusia. “Gizartean frogatu den bezala, ezagutza ez da nahikoa; lan munduan ere ez. Enpresak bermatu behar du lan harreman eta prozedurak euskaraz egiteko modua”.

Hala, eskualdeko hamabi enpresa aukeratu, eta esperientzia pilotu honen barnean ELA eta LABeko ordezkariek elkarlana abiatu dute, enpresa horietan harreman guztiak —informalak zein formalak— euskaraz izan daitezen. Enpresetan Adosgune izeneko taldeak sortuko dituzte, bi sindikatuetako ordezkariek osatuta, eta, eskualde mailan, Adosgune handi bat osatuko dute, lan ildo bateratua eramateko. Salaberriak argitu du ez direla enpresak esperientziara batu direnak, enpresa batzordeetako kideak baizik.

Kontsumitzaileak

Bezeroen arloan, Kontseiluak eskualdeko euskalgintzako eragileekin egingo du lana. “Kalitatezko kontsumoaren gaiak gero eta pisu handiagoa du, eta guk bilatzen duguna da kalitatezko kontsumoaren parametroetan euskara sartzea”. Euskara irizpide izango duten kontsumo taldeak eratzea da Kontseiluaren eta euskalgintzako eragileen helburuetako bat. “Establezimenduei begira, bi arlo jorratuko ditugu. Txikien kasuan, zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenak identifikatu, saritu eta balioa eman nahi diegu, euskalduntzea besteentzako ere erakargarri izan dadin; eta gune handiagoei dagokienez, gure helburua da presioa egitea, horiek badituztelako aukera eta baliabideak, zerbitzua euskaraz eskaintzeko”.

Administrazioen atalean, Urola Kostako Mankomunitateak bat egin du egitasmoarekin —Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa ez daude bertan—. “Beraiek ere ari dira lanean bezero eta merkatariei begira, eta gure proposamena begi onez ikusi dute. Enpresa munduari begira, proposatzen diren neurriak aztertu eta laguntzeko prestutasuna agertu dute”. Azkoitiko Udala egitasmotik at geldituko da, gaia bere kasa lantzen ari delako. “Baina Azpeitiko Udalak ere bat egin du egitasmoarekin, eta Zestoako Udalak ere interesa du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.