Plazara aterako da pilotalekua

Plazara aterako da pilotalekua

Unai Zubeldia

“Aitorpena egin nahi diegu pilotaren alde musu-truk lanean aritzen diren elkarteetako kide guztiei”. Andoni Lertxundi Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentearen hitzetan (Zizurkil, 1968), “elkargune” izan nahiko luke etzi Donostian egingo duten Gipuzkoako Pilota Egunak. “Bakoitza bere herrian aritzen da lanean, eta askok ez dute ezagutzen beste eskualdeetan egiten dena”. Guztiak elkarrengana bildu eta “ikusgarri” egin nahiko lukete pilota jarduna. “Pilota ez dela esku pilota soilik erakusteko. Ezker paretan, trinketean eta joko zuzenean modalitate desberdinak daudela irudikatu nahi dugu”.

Adin guztietako mila pilotari inguru elkartuko dira Donostian, eta 250 partida jokatuko dituzte, gutxi gorabehera. Atano III.a, Carmelo Balda, Gaskako trinketa, Gaskaren atzealdean dagoen pilotaleku irekia eta Ferrerias plazan jarriko duten pilotaleku mugikorra, bost gune horietan jokatuko dituzte partida guztiak. Anoeta estadioaren sarrera nagusiaren aurrean, berriz, eremu ireki bat jarriko dute, eta euskal pilotako joko zuzenen erakustaldi bat egingo dute.

“Antolaketa lan handia” eskatuko du egunak. “Eta, lanak aurreratze aldera, elkarte bakoitzari galdeketa bat bidali genion, euretatik zenbat joango ziren galdetuz”. Kopurua erabat ez dute zehaztu oraindik. “Baina erantzuna ona ari da izaten”. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin elkarlanean ari da Gipuzkoako Pilota Federazioa. “Elkarte bakoitzari jatetxe eta txanda jakin bat egokituko zaio; Ferrerias plazan daude lau, eta Arcco merkataritza zentroan dago urrutiena”. Guztiak karpa handi batean elkartzea zen beste aukeretako bat, baina proposamen hori etorkizunerako asmoen artean zain utzi dute oraingoz.

Partidak 10:00etan hasi eta 13:00etan amaituko dira. Pilotariak eta pilotazaleak elkartzeaz gain, ekinaldi solidario bati keinua ere egingo dio Pilota Egunak. Crohn-en gaitzak erasandako gaixoen elkartea Gipuzkoako Pilota Federazioarekin harremanetan jarri zen, elkarrekin egitasmoren bat egin ote zezaketen galdetzeko —gaur da Crohn-en gaixotasunaren nazioarteko eguna—. “Asteburu horretan, Donostian beti egiten dute lasterketa solidario bat, baina horren ordez pilota partidaren batzuk joka ote genitzakeen galdetu ziguten”. Parez pare sortu zen aukera.

“Barrene solidarioa”

Behin goizeko partida guztiak amaituta, 13:15 aldera hasiko da “barrene solidarioa”, esku huska, Olaeta plazan egongo den pilotaleku mugikorrean, eta irabaziak Crohn-en gaitzak erasandako gaixoen elkarterako erabiliko dituzte. “Borondatea eskatuko dugu, besterik ez. Dirua biltzea ez, Crohn-en gaixotasunaren inguruko sentsibilizazioa sortzea da helburua”. Futbol jokalari ohiak, pilotari profesional ohiak, bertsolariak… Pertsona ezagun dezentek parte hartuko dute barrene horretan.

Proposamen solidarioaren ondoren, guztiak txandan-txandan joango dira bazkaltzera, eta, hala nahi dutenek 15 eta 35 euro artean izango dituzte sarrerak eskura Atano III.ean arratsaldean izango den profesionalen jaialdirako. Besteren artean, Buruz Buruko Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida jokatuko dute Mikel Urrutikoetxeak eta Beñat Rezustak (17:00).

Antolatu beharreko gehiena antolatuta, Gipuzkoako Pilotaren Egunean parte hartzeko deia egin die Lertxundik “pilota maite duten guztiei”. Eguraldiak lagunduko duenez, “egun pasa zoragarria” izango den traza hartu dio presidenteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.