Plaza hartzeko erronka

Plaza hartzeko erronka

Maialen Etxaniz

Euskal Herriko hainbat herritako emakumeek elkartzeko ordua jarria dute biharko, maiatzak 27, Azpeitian: emakumeen arteko kirol erronka. Hala, goiz osoan herriko plaza hartuko dute adin guztietako dozenaka lagunek, kirola eta festa uztartuko dituen jaialdian. Helburua ondo pasatzea bada ere, egingo dituzten kirol probetan erabiliko duten materiala ikusten eta probatzen aritu dira azpeitiarrak azken egunotan. Ezin jakin hori abantaila izango den edo ez, baina materiala eta ondo pasatzeko gogoa, behintzat, plazara eramango dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiko kideek.

Maiatza amaitzear dela, edo ekaineko aurreneko egunetan, jaialdia antolatzen du urtero Azpeitiko Emakumeen Mahaiak, ikasturte osoan ikasitakoa herriratzeko. Aurtengoa ikasturte berezia izan da, ordea, bost urte bete baititu Emakumeen Txokoak. Hori aitzakia hartuta, era guztietako ekintzak egin dituzte urte osoan, eta ikasturteari “bukaera borobila” eman nahi diote orain. Edurne Aranbarri Azpeitiko Udaleko Parekidetasun teknikariak azaldu duenez, Emakumeen Txokoaren bosgarren urtemuga ospatzen ari diren honetan, ikasturtea agurtzeko jaialdi “berezia” prestatu nahi izan dute. “Buruari bueltaka hasi ginen, eta ikusi genuen emakumeak kirol munduan murgiltzera animatzeko hainbat egitasmo jarri izan direla martxan azken urteotan: Emakumea pilotari edo Zuk ere ahal duzu! egitasmoak, esate baterako”. Emakumeak korrika egitera animatzeko egitasmoa da azken hori.

Aldarrikapen eta festa eguna izango da biharkoa, eta testuinguru horretan kirol erronka antolatzea “koherentea” iruditu zitzaien Emakumeen Mahaiko kideei. “Kirol munduan aurrerapauso handiak ematen ari gara, baina gauza asko gelditzen zaigu, oraindik, aldarrikatzeko; pauso asko ditugu emateko”, esan du Aranbarrik. Urratsak egiten hasi eta mahaiaren bueltan jarrita, emakumeen arteko kirol erronka antolatzea “polita” izan zitekeela pentsatu zuten. Ondoren, ideia bat zena gorpuzten hasi, eta erronkan parte hartzeko deia egin zieten Euskal Herriko hainbat txokotako lagunei. Gipuzkoako Emakumeen Jabetze Eskolen sarean murgilduta daude Azpeitiko Jabetze Eskolak ere, eta, abiapuntu gisa, sare horretako kideei bota zieten erronka. “Eibarko, Hernaniko eta Arrasateko lagunei deitu genien, baina, pixkanaka, sare horretatik kanpoko beste hainbat herritako emakumeei ere zabaldu diegu Azpeitira etortzeko gonbidapena”, azaldu du Izaskun Egiguren Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. Horrez gain, beste gauza batzuekin alderatuta kirolak “aukera handia” ematen du emakumeek kalea eta espazio publikoa hartzeko eta bertan presentzia izateko; hala azpimarratu du Egigurenek.

Emakumeen Txokoaren bosgarren urtemugaren balorazioa egin zutenean, “aurrerapauso handiak” eman zituztela ondorioztatu zuten azpeitiarrek. Ahalik eta emakume gehienengana iritsi nahi dute, baina egiten dituzten ekintzak herriratzea eta jendeak horien berri izatea dira dituzten beste erronketako batzuk. “Emakumeek kalea eta espazio publikoa berreskuratzeko prozesuak sustatzen diren lekua da Emakumeen Txokoa”, adierazi du Aranbarrik. Horregatik, han egiten dituzten hainbat egitasmo kalera ateratzen dituzte ondoren. “Ahalik eta egitasmo gehiena kalera eramaten saiatzen gara. Batukada tailer bat egiten badugu, kalera ateratzen gara ondoren, eta jendeak gustura hartzen du”, adierazi du Egigurenek. Bestalde, Sanagustin kulturgunean edo Soreasu antzokian ere hainbat ekintza egin dituztela azaldu du Parekidetasun teknikariak, eta azpimarratu du emakumeen ikasturte bukaerako jaialdia plazan izateak “garrantzi berezia” duela.

12:30ean hasiko da emakumeen kirol erronka, Azpeitiko plazan, eta lan hau egin beharko dute parte hartzaileek: lokotx bilketa, txingak eramatea, sokatira, gizaproba eta zaku eramatea. Amaitzean, bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean, eta parte hartu nahi duten emakumeei dei egin diete prestatutako ekitaldietara joateko.

Kirola eta bertsoa, eskutik

Kirolaren plaza ez ezik, bertsolaritzarena ere izango da Azpeitia bihar. Izan ere, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalaren aitzakian, pilota eta bertsoa uztartuko dituen egitasmoa antolatu du Azpeitiko Emakumeen Mahaiak: bertso-pilota saioa. “Bi egitasmoek bat egingo dutela-eta, bertso-pilota antolatzea finalari keinu egiteko modua zela pentsatu genuen”, azaldu du Egigurenek. Hala, 11:00etan hasita, Patri Espinarrek eta Alaitz Badiolak indarrak neurtuko dituzte Maddi Mendizabal eta Eneritz Arrietaren kontra. Haiek pilotan jokatu bitartean, Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña bertsotan ariko dira, Azpeitiko frontoi txikian.

Bost urte egin ditu Azpeitiko Emakumeen Txokoak, eta emakumeak plazara eta kalera ateratzea da orain arte zerrendatuta dituen helburuetako bat. Erronka horrekin bat egiten dute Euskal Herriko Emakumeen Txoko guztiek, eta xede hori lortzeko bidean urratsak egiten jarraituko dute beste hainbat egitasmo antolatuta. Iaz Testurak egitasmoarekin egin zuten moduan, ekainean jakinaraziko dute zein izango den aurten herriz herri zabalduko duten proiektua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.