Gure ume hilak

Leire Narbaiza

Orain laurogei urte, beste lau mila umerekin batera, gure aita ebakuatu zuten Frantziara Goizeko Izarra itsasontzian. Hiru urte zituenez, eta anaia txikiago bat, amarekin joateko suertea izan zuen. Horregatik, bera eta osaba ez dituzte inon gerrako umetzat aitortzen, lagunduta joan zirelako Frantzia aldera.

Beste bost izeko-osaba ere eroan zituzten Belgika, Ingalaterra eta Frantziara. Amamak zortzigarren bat ere bazeukan, baina hemen laga behar izan zuen, Gorlizko ospitalean, gaixorik zegoelako poliomielitisak jota. Ezin dut imajinatu zer izan behar den ama batendako halakorik bizi behar izatea: umeak Europan barreiatuta, gerra baten erdian, jakin barik berriro ere ikusiko zituen; eta hala fortunatuz gero, noiz eta zelan. Latza, oso latza.

Hala ere, sufrimenduak sufrimendu, denak itzuli zituzten Euskal Herrira. Argi dut, abaro eman zieten herrialdeetan borondate hori izan ez balitz, gutako asko ez ginen jaio ere egingo. Hala da! Horregatik, ezin dut ulertu zelan ez dioten behingoz konponbidea ematen errefuxiatu eta migratzaileen tragediari. Aylan Kurdi Turkiako hondartza batean itota agertu zenetik ez dira urte bi pasatu, eta kalkulatzen dute mila eta bostehun hil direla Mediterraneoan; berrehun, aurten. Gure familiakoak bezala gerratik ihesi, bizimodu lasaiago baten bila, hazteko, jolasteko, eskolara joateko.

Gure gobernuek eta Europar Batasunak beste alde batera begiratzen duten bitartean, komunikabide askok fokua jarri dute beste ume hil batzuengan, Manchesterkoengan, alegia. Hogeita bi hildako Ariana Granderen kontzertuan bonba bat lehertu zutelako. Biktima hauetako hamaika hogei urtetik beherakoak ziren. Euren izen-abizenak, aurpegiak, zaletasunak ezagutu ditugu. Zenbait komunikabidek “gure haurrak” deitu die britainiar txiki hauei. Aylan baino gureago, antza.

Egia da, zirrara eragiten duela gaztetxo horien zerrenda ikusteak, baina “gureak” direla esatea larregi iruditzen zait. Aurreko batean idatzi nuen moduan, Siriako umeen begirada ikusten dudanean, Goizeko izarra eta Habana itsasontzietan partitutako senideen begi beltzak ikusten ditut, neure-neureak, gureak, berba batean.

Gureak, diogu, kanpoko ume hil horiez jardutean. Biolentzia jasandakoak, gerra eta mundu injustu honek eraildako haurrak. Baina Mediterraneoan itotakoak edo Manchesterren zartatukoak benetan dira urrunekoak. Gure herrian, Euskal Herrian ere hil dira eta. Ez dira ihesean itsasoan ito, ez die inork bonbarik jarri. Pobreziak eta marjinazioak hil ditu Bilboko Zorrotza auzoan ume bi eta gurasoak. Suak kiskali die etxe zaharra.

Neure buruari galdetzen diot ea inork bilbotar txiki horiengatik “gure umeak” esango duen. Ziur nago ezetz. Etxea zona degradatuan zegoen, orain ia bi urte Bilboko Udalak konpromisoa zuen hartuta bertako desegituratze soziala aztertzeko eta beharrezko neurriak hartzeko. Baina berba bete barik etorri da desgrazia eta familia oso baten heriotza.

Bilboko ume horien izenik eta erretraturik ez dugu ikusiko komunikabideetan. Horregatik, ziur nago ez dela dolu ekitaldi masiborik izango, etxe degradatuetan bizi diren umeek gutxi inporta dutelako, oro har. “Gure umeak” dioten titularrik ez dugu ikusiko, bertakoak izan arren.

Batzuetan, gure hirietako auzo pobreak Manchester baino urrunago daude, zoritxarrez!

Leave a Reply

Your email address will not be published.