“Dantzariak Pasaian bertan profesionalizatzea nahi dugu”

“Dantzariak Pasaian bertan profesionalizatzea nahi dugu”

Imanol Saiz

Azken 25 urteotan mundua hanka puntetan zeharkatu ostean, jaioterrira bueltatu da Iker Murillo Badiola dantzaria (Pasaia, 1978). Orain hiru urte, Uniqart Dance Company sortu zuen nazioarteko beste bost dantzarirekin batera. Irailetik aurrera, berriz, dantza eskola profesional bat irekiko du Pasai Antxon, balleta maite duten gazteei profesionalizatzen laguntzeko.

Zergatik erabaki duzu 25 urteren ondoren etxera bueltatzea?

Aspaldi hartu genuen erabakia. Duela bost urte, gutxi gorabehera, etxera nola bueltatu eta etorkizunean zer egin pentsatzen hasi ginen senarra eta biok. Aspalditik geneukan buruan eskola profesional baten ideia, eta unea iritsi zitzaigula ikusi genuen. Pasaiara etorri eta urte sabatikoa hartu dut familiarekin eta lagunekin egoteko. 25 urte etxetik hain urrun pasatu ostean, etxera bueltatzeko gogoa eta beharra nuen. Etorri eta berehala hasi ginen Pasaia inguruan lokal egoki baten bila, eta zorte ikaragarria izan dugu Pasai Antxon. Oso pozik gaude. Familia hemen dut, eta Pasaiakoa naiz ni. Itzulerak beti dira pozgarriak.

Zein ezaugarri izango ditu eskola berriak?

Irailean hasiko gara lanean, 4 urtetik gorako ikasleekin. Dantza eskola profesionala izatea da gure nahia. Bertan, noski, dantza klasikoak izango du indar handiena, baina garaikidea ere eskainiko dugu. Balleta oinarri hartuta, dantza mota gehiago ere jorratuko ditugu. Hemen muga bat egoten da profesionalki ikasten jarraitzeko, baina honako hau da gure ideia: ikasleei bertan profesionalizatzeko aukera ematea, atzerrira joan beharrik ez izateko. Ni 15 urterekin joan nintzen etxetik. Adin horrekin oso gogorra da eskola batean sartzea. Atzera begiratzen dudanean, oso gogorra izan dela ohartzen naiz. Bai dantzariarentzat eta bai familiarentzat. Eskolan izena emateko epea ireki dugu, murillostudio24@ gmail.com helbidean. Senarra eta biok izango gara irakasleak. Guk ere bertan entseatuko dugu, gazteak guri begira imitatzen hasteko. Gazte gehienek inoiz ez dute izan profesionalen bizipenik; diziplina hori falta zaie. Guk, txikitatik, balletaren munduan sartu nahi ditugu ikasleak.

Uniqart Dance Company sortu zenuten 2014an. Nolatan?

Hiru pertsonaren artean sortu genuen konpainia. Vitali Safronkin errusiarrak, Marsha Rodriguez Puerto Ricoko dantzariak eta nik neuk. Bejart Ballet Laussan konpainian geundela, pauso bat aurrera eman behar genuela ikusi genuen. Hasieratik argi geneukan konpainia klasikoetatik harago joan nahi genuela. Hortik sortu zen Uniqart izena: arte bakarra. Webgune bat sortu, eta horrela hasi ginen. Ez da batere erraza konpainia berri bat aurrera ateratzea. Sorreratik jende asko zegoen prest guri laguntzeko, eta, orduz geroztik, Letonian, Suitzan, Danimarkan, Turkian, Hego Korean eta AEBetan izan gara. Irailetik aurrera, Pasaiako gure eskola ireki bezain laster, emanaldi gehiago egiteko arazoak izango ditugu, ordutegi kontuak direla eta, baina ez dugu utziko alde batera Uniqart proiektua.

Antzokietatik atera eta kalera eraman duzue ikuskizuna. Zer dela-eta aldaketa hori?

Antzokietan dantzatu naiz azken hogei urteotan, eta gauza ezberdinen bat egiteko gogoa geneukan. Oraindik ere dantzatzen gara antzokietan, baina berritasunen bat behar genuen. Antzoki asko ditugu bihotzean, noski, baina beste zerbait eskaini nahi genion ikusleari. Ikuskizuna erabat aldatzen da antzokitik ateratzean. Antzokia ahaztu eta publikoak parte hartzen du kalean. Oso gertukoa da. Gure arnasa entzuten dutela esan digute askok. Publikoari berritasunen bat eskaintzea zen asmoa. Antzokiak alboratu gabe ere, inoiz dantzarako izan ez diren lekuetan dantzatu nahi dugu hemendik aurrera.

Dantza konpainia ugari daude Pasaia inguruan: Kukai, Haatik… Zer eskaintzera zatozte?

Oso ezberdina da gure estiloa. Kukaik eta Haatik-ek, adibidez, euskal dantzen pausoekin jarraitzen dute. Kukaikoekin dantzatu izan naiz, eta lagunak gara. Gure inguruan ez dago balleta nagusi den konpainiarik, eta hemen estilo hori falta zaigu askori. Zaila da Euskal Herrian ballet neoklasikoa sartzea. Garaikide asko dago, eta euskal dantza ere oso zabaldua dago, baina beste dantza mota bati bultzada ematera gatoz gu. Pentsaera aldaketa behar du dantzaren munduak, ballet neoklasikoa ere badagoela erakusteko. Hori bai, beti dantzatzen ditut arin-arina eta fandangoa; barruan daramat hori [barrez].

Euskal dantzetatik balletera egin zenuen jauzia. Bateragarriak al dira bi estiloak?

Bai, noski. Euskal dantzako pauso asko daude balletean; kabriolak, esaterako. Urratsa ez zen erraza izan, ordea. Euskal dantza edo balleta egiten baduzu, klasikoa da oinarria, eta klasikotik beste dantza guztietara egin dezakezu jauzi. Errenteriako Ereintza dantza taldean ibili nintzen gaztetan, eta Baionako kontserbatoriora joaten hasi nintzen aldi berean. Biak uztartzeko arazoak nituela ikusirik, pausoa ematea erabaki nuen: Madrilera joan nintzen. Pozik nago erabaki horrekin eta orain arte egindako lanarekin. Txikitatik euskal dantzan aritu den eta gure eskola berrian izena eman duen lezoar baten egoera dut buruan orain. Hark ere jauzia egingo du, eta ea beste dantzari askok ere jauzi berbera egiten duten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.