Helburuak izango dira aurrekontuen oinarria

Helburuak izango dira aurrekontuen oinarria

Ikerne Zarate

Helburuetan oinarritutako aurrekontuak egin nahi ditu Errenteriako Udalak, eta, horri begira, lankidetza proiektua jarri du martxan Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU). Udalaren helburuak ardatz hartuta egin nahi dituzte aurrekontu horiek, eta adierazle batzuk finkatuko dituzte horretarako, egindako inbertsioen betetze maila egokia den ebaluatzeko. Dirua zertan gastatzen den, eta, aldi berean, inbertitzen den horren eraginkortasuna zenbatekoa den neurtu nahi dute garatu nahi duten sistema berriarekin. Hala azaldu du Jon Txasko Errenteriako Udaleko Ogasun zinegotziak. “Inbertitzen den dirua zertan erabiltzen den azter dezaten sustatu behar dugu. Aldaketa erraza dela pentsa badaiteke ere, orain arte ez dute asmatu plazaratutakoa teoriatik praktikara eramaten”.

Esperientzia pilotua da, beraz, Errenteriako Udalaren proiektua. “Gipuzkoan ez da egin halakorik, eta, nik dakidala, beste inon ere ez”. Inbertsioetara bideratutako diru zatia hartu eta zertan gastatuko den erabaki izan da orain arte, eta, hemendik aurrera, helburuak hartu, adierazle batzuk gaineratu —”helburu zehatza lortzeko zein bide edo proiektu egin behar dugun erakutsiko digutenak”—, eta balorazioa txertatuko diete aurrekontuei: “Garrantzitsuena ez da aurrekontua izango, helburua baizik. Betez doazen neurrian, adierazleak aztertu beharko ditugu, eta ebaluazio horrek esango digu lanean ondo ari garen edo ez. Ez bagara ongi ari, helburua lortzeko bideak egokiak ez badira, aldatzeko aukera izango dugu proiektu hori egingarri egiteko”.

“Auto azterketa” egunero

Txaskoren esanetan, gardentasunean eta hurbiltasunean sakontzeko balioko du sistema berriak. “Eta guretzat berebiziko garrantzia dute bi ezaugarri horiek”. Ogasun zinegotziak gaineratu du politika arloa kontuan hartuta “beldurra” eman dezakeela udalak abiatu duen proiektu berriak: “Sistema berriarekin automatikoki agerian geldituko delako funtzionatzen ez duen hori. Horrek, noski, zalantzan jar dezake proiektu edo helburu jakin bat”. Txaskok gaineratu duenez, halako egoeretan “aldatzeko” aukera emango du sistema berriak. “Eta positiboa da hori, funtzionatzen ez duen hori aldatzeko aukera emango digulako. Guretzat oso positiboa da aurrera egiteko eta hobetuz joateko”.

Praktikan jarritako sistema eraginkorra izatea lortzen badute herritarrentzat onuragarria izango dela uste du Ogasun zinegotziak. “Euren dirua askoz modu egokiagoan kudeatuko dugulako. Erakundean, egunerokoan, auto azterketa egitearen parekoa izango da, eta ondo ari garen edo ez erakutsiko digu horrek”. Sistema berria garatzeko, Txaskok ezinbesteko jo du udal teknikarien inplikazioa. “Inplikaziorik gabe ezinezkoa delako horrelako proiektu bat aurrera ateratzea. Hala ere, parte hartzeko eta eredua aldatzeko prest eta gogotsu gaude gehienak, eta eskertzekoa da hori”. Udal langileek aste honetan bertan egin dute lehen saioa EHUko ikerlariekin: “Prestaketa saio dezente egingo dituzte. Une honetan, esaterako, kodifikazio berriak prestatzen ari dira”.

Luze joko du prozesuak. Ondo bidean, 2018ko ekainean hasiko dira helburuetan oinarritutako aurrekontuak lantzen: “2018ko aurrekontuekin hasi behar dugu berehala, eta orain arteko sistema erabilita egingo ditugu horiek. Aldi berean, helburuetan oinarritutako aurrekontuak diseinatuko ditugu unibertsitatearen laguntzarekin. Landuz joango gara, zuzenketak eginez, eta datorren urtean, garai honetan, 2019ko aurrekontuekin hasiko gara lanean, sistema berrian oinarrituta”.

Txaskok argitu du udalak “ilusio handiarekin” hartu duela erronka. “Itxaropentsu gaude, eta ikusiko dugu emaitzak onak diren edo ez”. Onak badira, Errenteriako esperientzia Gipuzkoako gainontzeko udalen esku jarriko dute. “Nahi duenak erabil dezan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.