“Sasoia behar da, baina, gogoa izanez gero, dena da posible”

“Sasoia behar da, baina, gogoa izanez gero, dena da posible”

A. Vierbücher

Emakumezkoak mendi lasterketetara hurbiltzeko asmoz jarri dute abian Zuk badezakezulako kanpaina Beasaingo Udalak eta Ehunmiliak ultratrailaren antolatzaileek. Jon Aranburu prestatzaile fisikoarekin (Barañain, Nafarroa, 1970) izandako lankidetzatik atera dute ideia. Maiatz bukaeran aurkeztu zuten egitasmoa, Beasainen, eta lehenengo harria jarria dute jada. Ehunmilietako Marimurumendi mendi maratoiko 42 kilometroak hiru etapatan egitea da proposamena, lan saio modura. Joan den igandean egin zuten lehenengo saioa, eta hurrengo bi asteburuetan egingo dituzte beste biak.

Nola sortu da emakumeentzat entrenamendu saioak egiteko ideia?

Beasaingo Udalaren eta Ehunmiliak ultramaratoiaren antolatzaileen arteko bilera batean sortu zen ideia. Udalak sentsibilitate berezia du berdintasunaren gaiarekin, eta, bizitzako beste alor batzuetan bezala, kirol munduan ere kanpaina bat abian jar zitekeela erabaki zuten. Horrela, Ehunmiliak Beasainen distira handiena duen proba dela ikusita, kanpainaren muina hori izan zitekeela pentsatu zuten. Ehunmilien sortzaileetako bat da Mikel Valdivielso Valdi, aspalditik ezagutzen dugu elkar, haren entrenatzaile izandakoa naiz, eta, horrez gain, badira urte batzuk haien webgunean kirol entrenamenduen gaia jorratzen dudala. Gertutasun horregatik jakinarazi zidan asmoa, eta mendiko lasterketetan berdintasunaren gaia nola jorra genezakeen pentsatzen hasi ginen.

Horrela sortu zen Zuk badezakezulako kanpaina, ezta?

Bai. Gizonezkoekin alderatuta, mendi lasterketetan urria da emakumezkoen presentzia; horretaz jabetuta geunden. Azken urteotan kopuruak nabarmen gora egin badu ere, gizonezkoengandik oso urrun dago oraindik.

Zein urrats egin dituzue orain arte?

Lehenik eta behin, Ehunmilien webgunean emakumezkoei atal berezi bat eskaintzea pentsatu nuen, baina ideia horrek ez gintuen guztiz asebete. Beharrezkoa zen pauso handiagoren bat ematea. Horrela, eta Ehunmiliak probarako denbora gutxi falta zela kontuan izanda, emakumezkoentzat entrenamenduak egitea bururatu zitzaidan, mendi lasterketa bat gertuagotik ezagutzeko aukera emango zielako horrek.

Zehazki, zer proposatzen du kanpainak?

Marimurumendi mendi maratoiko ibilbidea aukeratu genuen entrenamendu saioak egiteko. Ehunmilietako proba laburrena da Marimurumendi, 42 kilometrokoa. Hiru etapatan banatu dugu ibilbidea; Beasaingo plazatik atera eta Mandubiara artekoa da lehenengoa. Hamalau kilometroko ibilbidea da. Joan den igandean egin genuen hori, hilaren 11n. Mandubiatik abiatu eta Arriaranen izango du helmuga bigarren etapak. Hori izango da luzeena, hemezortzi kilometrokoa. Dena den, etapa horrek dauka desnibelik txikiena. Larunbatean egingo dugu ibilbide hori [bihar]. Azkenik, hilaren 25ean egingo dugu hirugarren entrenamendua. Etapa laburrena izango da azken hori, hamar kilometrokoa.

Zer moduzko esperientzia izan zenuten lehen saioan?

Oso ona. Zazpi neska agertu ziren. Tartean zeuden Izaro Rubio eta Maider Gaztañaga Ordiziako korrikalariak. Bi horiek hasiera-hasieratik eman diote babesa kanpainari. Elena Calvillok ere parte hartuko du etapetako batean. Esperientzia handia duten korrikalariak dira hirurak, eta gainerakoentzat eredu izan daitezke. 08:00etan elkartu ginen Beasaingo plazan, eta, talde handia ez zenez, elkarrekin joan ginen denok, guztiontzako aproposa zen erritmoan. Usurben egin genuen lehenengo geldialdia. Hornidura gune bat jarri genuen han, jan-edanarekin. Mandubiara abiatu ginen gero; helmugara, alegia. Beste hornidura gune bat jarri genuen han. Parte hartzaileekin iritziak trukatu genituen amaieran, eta pozik zeuden; esperientzia asko gustatu zitzaiela adierazi zidaten.

Zein aholku eman ohi duzu horrelako proba baterako?

Beldurrik gabe etortzeko batez ere. Goiz erdi bat lagun artean igarotzeko eskaintza da hau. Oinarrizko aholkuak emango dizkiegu guk. Lehenengo aldia duenarentzat, probatu dezan gomendatuko nioke. Ez dago izan beharrik esperientzia handiko korrikalaria. Beharrezkoa da gutxieneko forma fisikoa izatea, baina, gogoa izanez gero, dena da posible.

Zein da emakumeek mendi lasterketetan ez parte hartzearen arrazoia?

Uste dut horrelako probek duten zailtasunagatik ez direla animatzen emakumezko gehiago parte hartzera. Kalean, gero eta neska gehiago ikusten dira korrika. Orain dela hamar urteko datuekin alderatuta, asko hobetu da egoera alde horretatik. Dena den, beste maila bateko probak dira mendi lasterketak, gogorragoak. Errepidean hamar kilometro egiten dituen emakume asko dago, baina oraindik ez dira animatzen mendi lasterketetan parte hartzera. Hesi hori hausten saiatzea da gure helburua.

Aukerarik badago falta diren bi saioetan parte hartzeko?

Larunbatean [bihar] izango da bigarren entrenamendua, eta nahi duenak Beasaingo plazan agertu besterik ez du, 08:00etarako. Bestela, mezu bat ere bidal daiteke kirola@beasain.eus helbidera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.