“Errege dekretuak sekulako ahalmena eman die enpresei”

“Errege dekretuak sekulako ahalmena eman die enpresei”

Urko Etxebeste

Zamaketariak borrokaldian. Euskal Herrian, Pasaiako eta Bilboko portuetakoak. Horren arrazoia da sektorea liberalizatzeko errege dekretua onartu berri duela Espainiako Diputatuen Kongresuak. Hori enpresen mesedetan egin dutela adierazi du Joxean Izquierdo Pasaiako Portuko Zamaketarien Batzordeko presidenteak (Donostia, 1963). LAB sindikatuko kidea da. Espainiako Estatuan Cetm sindikatua enpresaz enpresa negoziatzen hasi zen herenegun, eta bertan behera gelditzen hasi dira greba deialdi batzuk. Pasaiakoa, oraingoz, ez.

Maiatzaren 13an onartu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak zamaketarien lana arautzeko errege dekretua. Zertan da orain gaia?

Finean, errege dekretu horrek botere handiagoa ematen die enpresei. Horregatik, enpresekin negoziazio mahai bat jarri dugu abian. Orain arte, Espainiako Estatuko portuetan zamaketarien beharra zutenean, enpresa guztiek tokian tokiko portuko lan poltsen gisako batera jotzen zuten; zamaketari guztiak daude langileen poltsa horretan. Orain planteatzen dena da enpresa bakoitzak bere langileak izatea. Orduan, hori jakinda, gure eskaera nagusia da enpresak zamaketariak zuzenean kudeatzen hasten direnean egungo langile guztiek lana izatea. Lanpostuak berma daitezela subrogazio bidez. Batzarrak egin ditugu, eta oraingoz ez dago akordiorik. Patronalaren eta enpresen asmoa da portuetan banan-banan azterketa bat egitea ea zenbat langile behar dituzten.

Zamaketariak sobera daude?

Portu bakoitzaren araberakoa litzateke hori. Espainiako Estatuko portu bakoitzean ikusi beharko litzateke ea zein behar dauden, eta horiei aurre egiteko zenbat langile beharko liratekeen; baina enpresen araberakoa izango da hori. Portu jarduera bakoitzerako zenbat pertsona behar diren aztertuko dute, eta horren araberako erabakiak hartuko dituzte.

Hortaz, zuen nahia da lanpostu guztiak berma daitezela.

Estatuko negoziazioa da abian dagoena, nahiz eta egun geldirik egon. Gure nahia da zamaketari guztien lanpostuak bermatzea, eta, horren arabera, karga eta deskargetarako lantaldeetan aldaketak egin beharko balira, horiek aztertzea. Baina lanpostuak mantenduz beti.

Kontua ez da ontzi trafikorik ez dagoela; hau da, zamaketarien sektorean ez dagoela lanik. Alderantziz: Espainiako Estatuko portu komertzialetan salgaien trafikoa haziz joan da azken urteotan, baita krisialdiaren garairik latzenean ere. Lana badago. Baina sektorea liberalizatzeko egin nahi dute erreforma hau, birmoldaketa hau; horretaz ziur gaude. Eta ontzi enpresa handien desioei erantzuteko egiten ari dira hau guztia. Horrek ekarriko luke: lan baldintzak okertzea, langile gutxiagorekin egun egiten duguna egitea, segurtasun neurrietan murrizketak izatea, ordutegi askoz malguagoak izatea… Ordutegi aldetik malgutasuna badugu, portuek funtzionamenduan jarraitu behar dute ordua edozein dela ere; baina, erreformarekin, erotzeko modukoa izango litzateke ordutegien gaia.

Zamaketarien sektoreaz hitz egitean, zenbat lanpostu hartu behar dira kontuan?

Espainiako Estatuan 6.300 bat daude kontratu mugagabearekin. Pasaian, 95 bat gara kontratu mugagabea dugunak, eta 70 bat dira behin-behineko kontratua dutenak [bi zerrendatan daude]. Maiztasun handiarekin lan egiten dute behin-behinean daudenek, nahiz eta azkenaldian Pasaian gorabeherak izan.

Akordioa nahi duzue. Baina orokorra? Tokian tokikoa? Nolakoa?

Espainiako Estatuan zabalik dago negoziazio mahaia. Baina gure aldarrikapenen artean dago Eusko Jaurlaritzak har dezala portu komertzialen kudeaketa; Pasaiakoa eta Bilbokoa. Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari transferentzia egin diezaiola, alegia. Esparru lokala landuko genuke orduan. Baina hori ez da egungo egoera, eta elkarlanean ari gara, Espainiako Estatuko sindikatuekin batera, akordio globala lortzeko bidean.

Mobilizazioak egiten ari zarete, lanuzteak eta egun osoko grebak tartekatuz. Zamaketarien %100ek egin dute bat horrekin. Zein balorazio egiten duzu?

Pasaian bakarrik ez, Espainiako Estatuan erabatekoa izaten ari da langileen erantzuna. Zamaketariok, borrokaldian sartu izan garenean, oro har, erantzun bateratua eman izan dugu beti. Errege dekretuak eragin zuzena izango du lan baldintzetan, enpresei sekulako ahalmena eman die, eta lanpostu asko arriskuan daude. Zamaketariek ulertu dute hori, eta horregatik haien inplikazioa mobilizazioetan.

Pasaian, adibidez, aspaldi egin gabe geunden gisa honetako mobilizaziorik. Eta poztekoa da langileek lanuzteekin bat egin izana. Ordubeteko lanuzteak egiten ari gara, txandaka. Gainera, joan den astean 48 orduz egon ginen geldirik. Aste honetan, txandakako mobilizazioekin ari gara. Hurrengo astean, akordiorik ez bada, areagotu egingo ditugu mobilizazioak.

Lortuko al da akordiorik enpresekin?

Gure lehen baldintza da lanpostuak subrogatu daitezela. Eta, ondoren, azter dadila lanpostuen banaketa nola egin. Enpresek ez dute hori onartu oraindik.

Ezinegona daukazue?

Bai. Azken 30 urteotan martxan izan den lan sistema aldatu nahi dute. Langileak zamaketari guztiak dauden poltsa batetik hartu beharrean, poltsa horiek kendu nahi dituzte, baina esan gabe zein izango den langileak kontratatzeko eredua. Eta oso garbi dugu: prekaritatea ekarriko du enpresek euren langile propioak izateak. Akordio orokorra egingo balitz, ondoren Pasaian negoziatu nahiko genuke guk lan baldintzen gaia, bertako enpresekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.