“Ez izan beldurrik”

“Ez izan beldurrik”

Unai Zubeldia

Partida asko jokatzen dira astero, eta ia inoiz ez da gertatzen ezer. Oso gertakari bakana da hau”. Azken hamasei urteotan Gipuzkoako Epaileen Elkarteko presidente lanak egiten ari da Emilio Navas (Irun, 1959), eta harrituta dago joan den astean epaile batek Eibarren jokoan zen zazpiko futbol lehiaketa batean jasan zuen erasoak izan duen oihartzunarekin. Gertakariak euren elkartearekin zerikusirik ez daukala argitu du irundarrak. “Jaien aitzakian antolatutako lehiaketa bateko partida bat ari zelako zuzentzen epailea. Ez zen partida ofiziala, eta gazte hori ez dago federatuta epaile gisa”. Hori bai, Navasek gogor salatu du joan den asteko gertakaria.

Ekainaren 14an izan zen erasoa, Eibarren, Unbeko kirol instalazioetan. Sobras Crew eta La Roita Elgoibarko taldeen arteko partida zuzentzen ari zen Aritz Iriondo, 18 urteko elgoibartarra, eta penaltia adierazi zuen ordu laurdena igaro berritan; penaltia eta txartel gorria. Kanporatutako jokalariak ez zuen kirol legez hartu erabakia, eta, epaileari txartela lurrera bota ondoren, hura makurtuta zegoela baliatu eta ostikada eman zion aurpegian. Une batez kordea galdu ondoren, Mendaroko ospitalera eraman behar izan zuten Iriondo. Han igaro zuen gaua, baina etxean da jada, osatuta. Ostiralean bertan jarri zuen salaketa ertzain etxean.

Navasek azaldu du “urte asko atzera” egin beharra dagoela Eibarren izan zen erasoaren gisakoren batekin topo egiteko. “Azken urteotan, zorionez, ez da izan inolako gertakaririk; ez, behintzat, anbulantziek, udaltzainek eta gainerakoek tartean sartu behar izan dutenik”. Ekainaren 14ko erasoari dagokionez, ertzainen euren deia jaso zuen Gipuzkoako Epaileen Elkarteko presidenteak. “Epaile hura ea gure elkarteko kidea zen galdetu zidaten, eta ezetz erantzun nien”.

Epaileen Elkartean ikastaroa egindakoa da Iriondo. “Eta infantil mailako hiruzpalau partida ere zuzendu zituen. Baina epaile lana uztea erabaki zuen gero, ez zegoelako gustura”. Horregatik, Navas “harrituta” gelditu zen partida hura zuzentzen nor ari zen esan ziotenean. “Beti egoten da erasoen arriskua, baina horrelako partidetan are zailagoa izaten da egoera kontrolatzea, lehiaketa bereziak izaten direlako”.

Epaileen segurtasuna sarritan izaten da hizketagai. “Baina gurasoen jarrera egoten da, gehienetan, eztabaida horien atzean”. Eskola kirolean eta formakuntza garaian “denetik” ikusten dela aitortu du irundarrak. “Tentsio handiagoa egoten da haurren mailako partida batean herrialdekoetan baino, eta oso tristea da hori”. Partida guztiek “Txapeldunen Ligako finalak” ematen dutela salatu du Navasek. “Irabazteak besterik ez du balio gaur egun; balio horiek erakusten zaizkie gaztetxoei. Sinestezina da”.

Errealitateari argazkia aterata, federazioaren barruko lehiaketetan, maila apaletan, “aspalditik” ez dira joaten ertzainak epaileei babesa ematera. “30 urte baino gehiago izango dira jada. Gertakari larriren bat gertatu izan denean, orduan bai, baina, arau gisa, ertzainak aspalditik ez dira joaten futbol zelaietara, beharrik ere ez dagoelako”.

Amaitu berri den denboraldian, 330 epaile aritu dira Gipuzkoan partidak zuzentzen. “Eta beste hainbat izena emanda daude bide horri ekiteko. Gipuzkoan inoiz ez da egon hainbeste epaile”. Eskualdeei dagokienez, arazo handi samarra daukate, hala ere. “Epaile asko dauzkagu inguru batzuetan, Andoain eta Irun artean, esaterako. Eta Eibar inguruan ere dezente daude”. Baina ia bakar bat ere ez dago beste hainbat gunetan. “Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Azkoitia, Azpeitia…”. Ohiko asteburu batean, epaileak behar dituzten 400 partida inguru jokatzen dira Gipuzkoan. “Garai batean, epaile bakoitzak bost partida ere zuzentzen zituen, agian, baina orain bi zuzentzen ditu gehienez, eta bakarra zuzentzea izaten da normalena”.

Prestaketa zorrotza

Gipuzkoako Epaileen Elkartean dauden epaile gehienak aldi berean “jokalari eta epaile” direla azaldu du irundarrak. “Eta, ondorioz, ezagutzen dute maila horietan harmailetan egoten den giroa. Ez dituzte ezustean hartzen”. Epaile izan nahi duten guztiek hasieran ikastaroa egiten dutela azaldu du Navasek. “Eta asteroko klaseak ere izaten dituzte denboraldian zehar. Horrez gain, gero eta gehiago zaintzen da arlo fisikoa ere. Prestatzaile fisikoarekin lan egiten dute astearte eta ostegunetan”.

Gipuzkoako epaileak “kalitate onekoak” direla azpimarratu du presidenteak. “Hala izan daitezen saiatzen gara, behintzat”. Denbora gutxian oso gora iritsi den epaile baten adibidea jarri du mahai gainean: “Alain Ojedak, 18 urterekin, Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketa bat zuzendu zuen orain gutxi”.

Epaile izandakoa da Navas bera ere. Espainiako Bigarren Mailaraino iritsi zen —2001eko ekainaren 10ean zuzendu zuen azken partida: Tenerife-Lleida—. Garai hartan epaile izatea “gogorragoa” zela azaldu du. “Zelaiak hobeak dira orain, taldeen arteko tentsioa baretu egin da…”. Erasoak eraso, euren bidean jarraitzeko dei egin die epaile izan nahi duten gaztetxoei. “Beldurrik gabe, jarraitu ametsak betetzen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.