Doan, ordaindu gabe!

Leire Narbaiza

Pasa den ostiralean lankide (eta lagun) batek artikulu baterako gaia proposatu zidan: euskara ikasteagatiko diru-laguntzetan zehar ez galtzeko gida. Nik esan nion artikulu bakarrarekin ez zela nahikoa, anabasa hori ulertu eta dominatuko zuenik oraindik ez delako jaio. Izan ere, txolopote ikaragarri honetan Eusko Jaurlaritzak, diputazioek (ez denek, eta ez modu berean) eta udalek hartzen dute parte! Gainera, udal bakoitzak berea du! Batzuek ez dute, beste batzuek osorik itzultzen dute dirua, beste batzuek zati bat… Imajina ditzakezuen barietate guztiak eta bat gehiago daude halakoetan. Labirinto esatea labur geratzea da. Guk, horren aurrean, doakotasuna aldarrikatzen dugu, jakina.

Hori ostiralean. Eta larunbatean gosaltzen goza eta gozo nenbilela, egunkari eta guzti, hara non Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeari (eta lankide ohiari) egindako elkarrizketan hauxe irakurri nuen: “Doakotasunarena erabilerari lotua dago: erabilera areagotzeko, jende gehiago behar da.[…] Maila gainditu behar da: diru publikoa delako, seriotasunez. Aprobetxamendua nahikoa dela diote batzuek, baina, euskaltegira joanda, lan apur bat eginda, gainditu daiteke. Arazoa da doakoa denean huts egiten hasten dela jendea”. Ejem! Ez dut ulertzen doakotasuna erabilerari lotuta dagoen kontu hori, baina, tira! Esango nuke Dobaranek aspaldi ez duela klaserik eman, B2rik ez zegoenetik, gutxienez! Azterketa ez da euli kaka, horratio! Azkarra izan beste erremediorik ez dirua jasotzeko!

Segi dezagun aurrera. Kazetariak galdetu dio ea nork ordainduko duen. Sailburuordearen erantzuna: “Bagabiltza negoziatzen. Erakunde guztien artean lortu behar da. Leku askotan badago: B2 arte doan ikas liteke euskara. Orain nahi dugu erakunde guztiek bat egitea, eta esatea: ‘Bermatuko dugu B2 arteko doakotasuna maila gaindituz gero, eta, hala ere, manten daitezke beste beka sistema batzuk'”.

Ai, ene! Doakotasun hitzari esanahia aldatu dio Euskaltzaindiak, ala? Ez, hala definitzen du: “Doakoa denaren nolakotasuna; doakoa izatea”. Tira, agian doako berba dago kanbiatuta. Ez, bada! “Ordaintzen ez dena” definitzen du Hiztegi Batuak! Urririk, dohainik, doan, debalde, musu-truk dena, alegia. Txakur txikirik jarri barik lortzen dena. Zuen doakotasuna ez da doan, aldez aurretik ipini behar delako dirua. Eta askok ezin dute dirua aurreratu; etorkizun batean, azterketa gaindituz gero, urte batzuetara, agian, aurretiaz jarritako dirua itzuliko dieten esperantzan. Tartean, aldaketa politikorik ez badago, diru barik gelditu ez badira… Hau guztiau gertatu da eta.

Baina irakurtzen segitu eta perla hau topatu dut, komunikabideei dagokienez: “Diru publikoarekin gabiltzanean, ikusi behar da eraginkorrak diren”. Apoteosia! Zer iradokitzen digu? Batetik, euskaltegietako ikasleak ganorabakoak direla, doan jarriz gero ez direlako joango. Eta, bestetik, komunikabide euskaldun batzuek ez dutela ezertarako balio! Ederki! Diru publikoa txukun kudeatzen du gobernu honek euskarari dagokionez. Baina zer gertatzen da gaztelaniarekin? Hor bai dirua gastatu, debalde baita gaztelania ikastea EAEn, eta Hezkuntza sailak ordaintzen du. Horiek joaten ote dira beti?

Egia esan, euskararekin beti dago aitzakia, beti delako dirua gastatzea eta ez inbertitzea. Gero hala doakigu. Tristea!

Leave a Reply

Your email address will not be published.