Urrezko arotik tiraka sortua

Urrezko arotik tiraka sortua

U. Zubeldia

Hondarribiak izugarrizko urtea egin zuen 2015ean, hamahiru bandera irabazi, liga eskuratu eta Kontxako Banderan bigarren amaituta. Pena zen urte hartako kronika orokor bat ez egitea”. Eta itsasoko kontuak altxor preziatuenaren gisan gordetzea erabaki zuen Xabier Castrillonek (Miranda Ebro, Burgos, Espainia, 1955). “Lagunentzat bilduma bat egiteko helburuarekin hasi nintzen lanean”. Denboraldi hartako 25 estropada ofizialak hartu zituen hasieran. “Ligako hemeretzi, Kontxako Banderako hiru, eta Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketako hiru”. Eta bakoitzarekin fitxa bat egiten hasi zen.

“Irudiei garrantzi handia eman nahi nien”. Baina, irudi hutsean gelditu gabe, informazio baliagarria gehitu zuen fitxa bakoitzaren ondoan: “Estropada bakoitzeko eskifaia, eremuko marka zaharra eta berria, batez besteko abiadura, eremuaren luzera zehatza eta lehen hiru sailkatuen denborak”. Datu horiekin etsi gabe, ordea, Castrillonek 25 gai ere landu ditu Zorionak Hondarribia! liburuan. “Dopina, lesioak, klubeko egitura, filosofia, harremanak, estropaden analisiak…”. Hiru hausnarketa gehitu ditu fitxa edo estropada bakoitzarekin. “Testu motzak dira, baina oso mamitsuak”. Igor Makazaga, Jon Salsamendi, Jose Luis Korta, Mikel Orbañanos… horien guztien hausnarketak eta beste hainbat kirolarirenak txertatu ditu liburuan, eta baita barrutik ateratakoak ere.

Arrakastaren oinarria

2015eko lanak amaituta, Castrillon jabetu zen ontziak urte hartan jaso zituela fruituak. “Baina beste urte batzuetan egindakoaren ondorioa zen hura”. Eta, pausoka-pausoka, 2003raino iritsi zen. “TKE liga hasi zen urtera arte”. Urte bakoitzarekin 2015eko lana egiterik ez zeukala ikusita, Hondarribiaren garaipenak bakarrik bildu zituen 2003tik 2014ra. “Eta, dena amaituta neukanean, 2016ko datuekin ere bilduma egiteko eskatu zidaten”. Ezin ezetz esan, bada, eta baiezkoa eman zion hari ere.

Orain arteko 41 estropada eremuen fitxak, Hondarribian aritu diren 64 arraunlarienak… “Pasioz” egindako bilduma lana da Zorionak Hondarribia! —Hondarribiaren lehen taldean ari da Julen semea—. Liburua ez dago salgai. “Baina hala nahi duten guztiek ale batzuk eskura dauzkate, oraindik, klubaren egoitzan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.