Musikari berrien erakusleiho

Musikari berrien erakusleiho

Maialen Etxaniz

Euskal Herriko musikari berriei eta beren doinuei beste plaza bat eskaintzera dator Arkupehotsak egitasmoa. Azpeitiko Kulturaz kooperatibak jarri du abian proiektua, musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei “plaza duin bat” eskaintzea helburu.

2011n hasi zen Azpeitiko Sanagustin kulturgunearen hegaldia, eta, orduz geroztik, Kulturaz kooperatibaren —hark kudeatzen du kulturgunea— xedeetako bat izan da sortzaile berriei babesa ematea, bere baliabideak eskainita.

Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak azaldu du azken urteetan jorratzen ibili diren “bi osagai garrantzitsu” uztartu dituztela sormenaren erakusleiho berria izango den Arkupehotsak proiektua ontzeko garaian: “Batetik, gure nahia da, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzea, eta, kasu horretan, musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina egin dugu”. Bengoetxearen hitzetan, programazioaz gain, horregatik aritzen dira hizketan sentsibilizazioaz, sormen prozesuez, publiko berrien sustapenaz eta formakuntzaz. “Bestetik, Arkupea oholtza dugu baliabide gisa”.

Kulturazek 2015ean jarri zuen martxan Sanagustin kulturguneko oholtza txikia, Arkupea, formatu txikiko ikuskizunei eta sortzaile berriei tokia eskaintzea xede duena. Orain, agertokiari eta edukiari bultzada eta “forma” berria eman nahi diote Arkupehotsak egitasmoarekin.

Urtean bi deialdi zabalduko dituzte, Euskal Herriko sortzaileek beren lanak aurkez ditzaten. Deialdi bakoitzean, hamar-hamabi musika talde eta bakarlari aukeratuko dituzte. Horiekin osatuko da ondorengo sei hilabeteetan Arkupean izango diren kontzertuen programazioa. Gainera, urteko bi deialdietan aukeratuko dituzten 20-24 taldeetako bati diskoa grabatu eta 500 ale argitaratuko dizkio Kulturaz kooperatibak; aukeratutako taldeak disko berria badu, berriz, bitarteko profesionalekin bideoklipa grabatzeko aukera eskainiko diote. Hori ez ezik, Bengoetxeak azaldu du Arkupehotsaken parte hartzeko aukeratuko dituzten taldeetako batzuek, “gehienez bostek”, aukera izango dutela Sanagustingo agertoki nagusian talde ezagun baten aurretik jotzeko. “Arkupehotsak ez da lehiaketa bat, musikaren ibilbidean beste pauso batzuk ematen hasteko aukera bat baizik”, esan du Bengoetxeak.

Oraingoz, Euskal Herriko hainbat txokotako hogei talde batu dira proiektura, eta denetariko doinuak eskaintzen dituzte horiek. Flamenko fusioa, indie-folk, blues, triki-pop edo elektronika egiten duten sortzaileek eman dute izena beren ibilbidea Azpeitiko kulturgunean hasteko. Musika estilo aniztasun hori “oso positiboa” dela uste du Bengoetxeak, eta interesa duten musikari eta sortzaile guztiak animatu ditu egitasmoan izena ematera. Izen-ematea Kulturaz.eus atarian egin daiteke, uztailaren 16ra arte.

Kulturazek hainbat bidelagun ditu egitasmo berrian, hala nola Badok eta Musikazuzenean atari digitalak. Bi horiekin batera erabakiko ditu Kulturazek zein talde igoko diren Arkupeko oholtzara. Hala ere, erabakia hartzean taldea euskalduna izatea lehenetsiko dutela nabarmendu du Bengoetxeak. Hizkuntza ez ezik, aukeratzean kontuan izango dituzte “gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, askotariko musika adierazpenak eta parekidetasun irizpideak”.

Hartz Azkoitiko taldea eta Azpeitiko Erokomeri dira egitasmoan parte hartzera animatu diren taldeetako bi. Arkupehotsak musikari berrientzat “aukera paregabea” dela uste dute biek. Beñat Rodriguez Hartz taldeko kideak (Azkoitia, 1994) azaldu du Azkoitiko taldearentzat egitasmoa “oso ona” dela: “Urtebeteko bizitza dugunez eta hasiberriak garenez, gurearen gisako talde txikientzat zaila izaten da proiektuak ezagutzera ematea, eta, egitasmoari esker, egoera horri buelta ematea posible dela uste dugu. Gainera, bestelako musika proposamenak dituzten taldeak ezagutzeko aukera ere eskaintzen du”.

Erokomeri Azpeitiko taldeak ibilbide laburra du oraindik, eta Arkupehotsakek euren musikaren hedapenean lagun ziezaiekeela iritzita aurkeztu ziren proiektura. Aurkezpenera joan eta gustatu zitzaiela kontatu du Martin Altuna Erokomeriko kideak (Azpeitia, 1995): “Aukera eta baliabide gutxi dituzten taldeei plazara ateratzeko aukera eskaintzen dielako gustatu zitzaigun egitasmoa. Aurkezpenera joan ginen, ideia gustatu zitzaigun, taldean hitz egin genuen, eta animatu egin ginen. Batez ere, gure musikari hedapena emateagatik, Gaztea bezalako irratiek asko laguntzen baitute horretan”.

Kulturaren aterpea

Bizi-bizi dago kultura Azpeitian, eta, horretaz jabetzeko, kultur agenda ikustea besterik ez dago. Arkupehotsak Sanagustin kulturgunean gauzatuko da, eta horrez gain, Soreasu antzokia eta Dinamoa Sormen Gunea ere badaude, eta denetariko edukiz betetzen dira astero: antzerkia, musika, literatura, dantza…

Eneko Sagardoi aktore durangarrak duela hilabete batzuk esan zuen 2016an Donostia kulturaren hiriburu izan zen bezala, kultur herririk egon beharko balu, Azpeitiak izan behar lukeela. Horren inguruan galdetuta, Bengoetxeak aitortu du kultura “bete-betean” dagoela Azpeitian. “Orain arteko datuak oso positiboak dira, proiektu asko daude, eta gehiago etorriko dira, ziur. Horregatik, horiei guztiei bide ematen jarraituko dugu, gorpuzten eta orekatzen”. Hala, Azpeitiko Arkupea zabalik egongo da sortzaile berrien lanei aterpea eskaintzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.