Udarako ajeei aurrea hartzen

Udarako ajeei aurrea hartzen

Eider Goenaga Lizaso

Udak baditu gaitz batzuk soilik udakoak ez izan arren batez ere urte sasoi horretan sortzen direnak. Jabier Agirre medikuak urte luzez artatu eta ikusi ditu udako “ohitura aldaketen ondorioak” kontsultan, eta, orain erretiroa hartuta egon arren, orduan ematen zituen aholkuak ematen ditu oraindik ere. Bere mediku jarduna, batik bat, pediatra gisa egin du Agirrek, eta nabarmendu du uda partean ere bereziki umeei jarri behar zaiela arreta, “umeei eta baita adinekoei ere”.

“Udak patologia berezia duela esaten bada ere, hori ez da guztiz horrela, beste urte sasoi batzuetan ere gaitz berak azaltzen baitira. Urte sasoi honetan, baina, tenperatura altuak maizago izaten dira, gure bizimoduan aldaketa batzuk egiten ditugu, eta aldaketa horiek eragiten dute gaitz batzuk maizago agertzea”. Agirrek ez du uste uda “bereziki arriskutsua” denik osasunari begira, “baina bai eskatzen du hainbat prebentzio hartzea, eta egoera batzuetan kontuz jokatzea”.

Agirreren arabera, prebentzio neurri sinpleak dira udan hartu beharrekoak; askotan sen onari jarraitzea nahikoa dela dio, eta inportantea dela, halaber, norberaren edo norberaren kargu daudenen ahulguneak ezagutzea eta horiei begira jardutea. “Denok ez dugu berdin erreakzionatzen igerilekuko kloroarekin; batzuei begiak segituan gorritzen zaizkie, eta horiek uretako betaurrekoak erabili behar dituzte; besteen kasuan, norberak sumatuko du noiz gorritzen zaizkion begiak, noiz hasten zaizkion azkura eragiten eta noiz behar dituen betaurrekoak”. Berdin belarrietako tapoiak jartzeko garaian. “Umeek Eustakioren tronpa motzagoa izaten dute, eta errazago izaten dituzte infekzioak, baina ume batzuek joera handiagoa dute, eta komenigarria da horiek tapoiak erabiltzea”. Gainerakoen kasuan, belarriak sikatzea eta gehiegizko hezetasuna saihestea nahikoa izan ohi dela dio.

Gernu infekzioa ere edozein urte sasoitan gerta litekeela dio Agirrek, baina uda garaian ugariago izaten direla. “Hezetasunaren ondorio izaten da hori; errazagoa da germenak iristea, eta neurri sinple batekin saihestu daiteke: nahikoa da uretatik ateratzean bainujantzi lehorra janztea. Emakumeek ibili behar dute adi horrekin, baina batez ere umeei aldatu behar zaie bainujantzia. Prebentzio neurri erraza da; nahikoa da beste bainujantzi bat eramatea”.

Deshidratazioa udako patologien ranking guztietan agertzen dela gaineratu du Agirrek. Tenperatura altuekin, giza gorputzak errazago galtzen du likidoa, izerdiarekin eta abar, eta garrantzitsua da orekari eustea. “Umeekin oso adi ibili behar da, maiz ez baitira ohartzen eta ez baitute urik eskatzen. Guk eskaini behar diegu ura maiz, eta edatera behartu. Adinekoekin ere gauza bera gertatzen da: eskaini egin behar zaie”. Deshidratazioaren sintomak azalaren lehortasuna eta buruko mina izaten direla dio, eta ondorioak sinkopeak eta zorabioak izan daitezkeela.

Aire girotua

Udako patologiak batik bat kanpoan ibiltzearekin, eguzkitan egotearekin, hondartza eta igerilekuekin lotzen direla azaldu du Agirrek, baina azpimarratu du badaudela etxe barruko gaitzak ere. “Neguarekin lotzen ditugu, baina aire girotuaren ondorioz faringitisak, laringitisak, bronkitisak eta katarroak ere izaten dira, eta horretan ere pertsona batzuek sentsibilitate handiagoa dute”. Behar baino gehiago ez erabiltzea, behar ez denetan ez piztea eta tenperatura aldaketekin kontu izatea garrantzitsua da. “Baina, etxea leihoak irekiz freskatu badezakegu, hobe aire girotua ez piztea. Gainerakoetan bezala, honetan ere sen onak lagunduko digu osasun arazoak saihesten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.