Unean sortutako antzezlanak

Unean sortutako antzezlanak

Aitor Biain

Unean uneko sorkuntza lana da; bat-batekoa. Ez dute gidoirik, ez aurrez buruz ikasitako ezer; bakoitzaren irudimena ez besterik. Agertokira igo eta momentuan bertan, ikuslearen aurrean asmatzen dituzte istorioak Supituki antzerki taldeko kideek. Inprobisazio hutsa da, taldearen izenak dioen moduan. Hori baita antzerki inprobisatua, antzerkia egiteko “beste modu bat”, Itziar Arkauz, Josu Zubia, Ariane Telleria eta Egoitz Aizpuru oñatiarrentzat. “Bat-bateko sorkuntza lanak eragiten duen zirrarak erakartzen gaitu. Inoiz ez dugu jakiten zeri buruz ariko garen agertokian; gu geu ere harritu egiten gara askotan. Emanaldi bakoitza bakarra bilakatzen da”, aitortu du Telleriak.

Norberaren irudimena eta agertoki erdian kokatuta dauzkaten lau aulkiak baino ez dituzte lanabes Supituki taldeko kideek. Inprobisazioari ekin aurretik, baina, oinarri bat, abiapuntu bat behar izaten dute antzezlanak sortu ahal izateko. Telleria: “Ikusleari hitz bat, esaldi bat, edo buruan duen ideia hori idazteko eskatzen diogu emanaldia hasi aurretik. Edozer izan daiteke. Hori da gure inprobisazioaren hari muturra. Hari horretatik tira eginez sortzen ditugu piezak ondoren”. Ikuslea bera, antzezleekin batera, obraren egile bilakatzen da honenbestez.

Hasiberriak dira, urtebete baino ez da lau gazteek inprobisazio taldea eratu zutela. Hilabete batzuk lehenago sortutako Irazan Antzerki Gunearen proiektu batean ezagutu zuten lehenengoz inprobisazioaren mundua. Eta orduan ereindako haziaren fruituak jasotzen ari dira orain. “Irazan Antzerki Gunea sortu berria zen Oñatin, eta herriari aurkezteko zerbait egin beharra geneukan. Bada, inprobisazio gala bat egitea erabaki genuen kide guztion artean. Guk geuk ere ez genekien zer zen orduan. Baina lortutako emaitza onak jarraitzera animatu gintuen, eta inprobisazioa lantzen hasi ginen laurok”, azaldu du Aizpuruk.

Ez dira aktore adituak, zaletasun soilik dute antzerkia; denbora-pasa, eta autoformakuntza dute oinarri. Aizpuru: “Interneten ikusten ditugu bideoak ariketa asko nola egin ikasteko. Nik neuk ere ikastaro bat edo beste egin dut Madrilen, eta han ikasitakoa taldekideei erakutsi diet ondoren. Elkar elikatzen saiatzen gara”. Antzerkia formatu horretan euskaraz egiten duten bakarrak dira, nahiz eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere inprobisazioa lantzen den. Kide berriak erakarri nahi dituzte orain, “taldea handitu”, eta emanaldiak eskaini han eta hemen.

Unean bertan eta bat-batean sortzeak ez du esan nahi aurrez ezer prestatu ezin daitekeenik. Alderantziz, inprobisazioak ere aurretiazko lanketa bat behar baitu. Horregatik, entrenamendu hitza erabiltzen dute oñatiarrek entsegu hitzaren ordez. Astean behin egin ohi dute, gutxienez. “Oinarrizko gauzak lantzen ditugu entrenamenduetan. Agertokian, antzezteko orduan, beharrezko izango ditugun teknikak, batez ere: onarpena, entzumena, espazioa, objektuen manipulazioa… Oso garrantzitsua da hori guztia ongi definitzen jakitea agertokian inprobisatzen hasi aurretik”, adierazi du Telleriak. “Finean, antzerkia baita egiten duguna”.

Taldekideen arteko harremana lantzea ere ezinbestekoa da, ondoren oholtzan aktoreak bide beretik ibil daitezen. “Elkarren arteko arau batzuk zehazten ditugu taldekideon artean inprobisazioa modu berean lantzeko. Guk, esaterako, kideari ez aurre egitea adostu dugu. Hau da, kideak pertsonaia jakin bat dela erabaki badu, adibidez, nik ez diot kontrakorik esango. Bere proposamena onartu eta inprobisazioa elikatzen jarraituko dut informazio horretatik abiatuta”. Hala ere, batez ere “emozioetan” oinarritzen dituzte inprobisazioak oholtzan dauden unean, eta hori praktikan jartzea ere komenigarria izaten da. “Askotan, momentuko emozioak izaten dira gure inprobisazioen oinarriak. Horregatik, entrenamendu emozionalak ere egiten ditugu noizean behin”, azpimarratu du Aizpuruk.

Etengabe, amildegi ertzean

Hain zuzen, horrek desberdintzen du antzerki inprobisatua eta bertsolaritza Aizpururen hitzetan. “Bertsolaritza ariketa erabat mentala da. Buruari bueltak eman eta ideia guztiak ordenatu egiten ditu bertsolariak, esan nahi duen horri forma, neurria, errima eta doinua gehituta. Erabat kontrakoa egiten da inprobisazioan. Momentuko egoerak baldintzatuta izandako lehen burutazio edo ideia hori atera egin behar da, eta inola ere ez baztertu”. Etengabe amildegi ertzean egotearen sentsazioa eragiten du horrek, beraz, aktorearengan. “Edozein ideia edo gertakari aukera bilakatzen da honenbestez; eta akatsa bera ere aukera da inprobisazioan”.

Edonola ere, antzerki inprobisatuaren mundua “oso zabala” da Telleriaren esanetan, eta “zati txiki bat” baino ez dute lantzen beraiek. “Ez dakigu ezer honen inguruan. Inprobisazioa mundu bat da, eta ikasten ari gara oraindik. Jolas txikien formatua lantzen dugu guk, gehienetan ikusleak umorera eramaten duena. Baina ez dago zertan hala egin. Lantzen dugun hori erakutsi nahi dugu guk, besterik ez”. Herritik kanpo egingo duten lehen emanaldia izango dute gaur iluntzean, Mendaroko San Agustin kulturgunean. Zeri aurre egin beharko dioten jakin gabe, datorrena onartu eta di-da, berehala, bat-batean, supituki ekin beharko diote bertan ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.