Gurpilak puztuta, garraio ohiturak piztu

Gurpilak puztuta, garraio ohiturak piztu

Imanol Saiz

Egun, edozein herri eta hiritan ikus daitezke autoak. Lanerako zein aisialdirako dezenteko ohitura dago autoa erabiltzeko. Baina autoen masifikazio horren aldean bada bizitza estilo horri bira eman diezaiokeen kutsadurarik gabeko bestelako garraio garbi bat: bizikleta.

Txirrindularitzarekiko zaletasun handia dago Euskal Herrian; baita Errenterian ere. Jesus Mari Erzibengoa Errenteriako Udaleko Kirol teknikariak azaldu du azken urteotan ekintza ugari egin dituztela herrian bizikletaren erabilera bultzatzeko helburuarekin. Emakumeen Birak, esaterako, arrakasta handia izan zuen joan den maiatzean. Eta urtero irailaren bigarren astean antolatzen duten martxa da beste adibide on bat. “Haurrek eta helduok buelta txiki bat ematen dugu herriko errepideetan barrena, autoari lekua kendu behar diogula helarazteko”, esan du teknikariak. Hiria “autoz beterik” dagoela salatu du, ordea. Argi du horri buelta eman behar zaiola, espazio horiek “errekuperatu” behar direla.

Errenteriako Udalak beste urrats bat egin du ohitura horiei bira ematen hasteko; txikia itxuraz, baina esanahi handikoa: Matxaingo zubian bizikleten doako puzgailu publikoa ipini dute. Herriko txirrindularitza elkarte eta taldeen iradokizunak entzun, eta herritarrei bestelako aukera bat eskaini diete, haien artean garraio eredu berri bat hedatzen hasteko asmoz. Ia udalerri guztiak zeharkatzeko aukera ematen du egungo Gipuzkoako bidegorri sareak; funtsean, herritarrek ez dute beharrik bestelako garraioak erabiltzeko —kasu jakin batzuetan izan ezik—.

Udalaren azken proposamena da doako puzgailua, baina ez da lehena izan. Gazteen artean batik bat, bizikletaren erabilera sustatzen ari dira herrian. Kirol teknikariak esan bezala, Eskola Kirolean duela bospasei urte hasi ziren bizikletaren erabilera sustatzen. Teknikariak nabarmendu du “bidegorri sare ona” dagoela larunbatero Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenterian haurrek jokatzen dituzten partidetara joateko, eta guraso eta haurren artean partidetara bizikletan joateko mezua zabaltzen dutela.

Udaleko arduradunek, gehienbat, “sedentarismoaren aurka borrokatzeko” ekin zieten bizikleta sustatzeko proiektuei. Lekualdatze egokienak “oinez edo bizikletaz” egiten direnek izan beharko luketela argitu du teknikariak, bide hori bultzatu nahi dutela. “Autoa da gure etsaia; pertsona bat, auto bat ohitura”. Gutxienez, “autoa partekatuta” bidaiatzea gomendatzen dute udaleko arduradunek. Kirol saileko ordezkarien ustez, “bizikleten gasolindegi” gisakoa da Matxain inguruan kokatu duten puzgailu berria. Autoen antzera, bizikleten beharretarako geldiunea izango da, gurpilak puztu eta bidean jarraitzeko intentzioarekin sortua.

Teknikariaren esanetan, bizikletan ibiltzen den jendea elkartzeko “gune aproposa” izan daiteke Matxaingoa. Berezko ezaugarriak ditu puzgailuak. Ez da ohiko puzgailua, harago doa. Gurpilak puzteaz gain, presio egokia jartzeko aukera ematen du. Gainera, gurpilak puzten diren bitartean, bizikleta zutik mantentzeko mekanismoa du, prozesua errazteko. “Nahi den guztietan erabili ahal izango da; herritarrentzat izango da”, gehitu du teknikariak: “Harrera ona izan du, eta baikor gaude”.

Bidegorri sare berria

Puzgailu berriaz gain, herrian bi gurpilen garraioa berpizteko proiektu gehiago ere badirela gogorarazi du errenteriarrak. Hartara, bidegorri sarea osatzea du helburu udalak. Gaur egun, herri ingurua zeharkatzeaz gain, beste eremu batzuetara ere iristen da bidegorria, baina ez guztietara. Kiroldegiarekin eta hainbat auzorekin loturak egin nahi dituzte etorkizun hurbilean, jendearen joan-etorria errazteko. Puzgailu eta bidegorri sare berriak eskaintzeaz gain, bizikleta gordetzeko aparkaleku aproposak ere eraiki nahi dituzte udaleko arduradunek. Kirol teknikariaren hitzetan, hitzartuta daukate hori Eusko Jaurlaritzarekin: “Errenteriara ekarri nahi dugu Donostiako topo geltokiko bizikleten aparkalekua”. Bi aparkaleku eraikiko dituzte: Galtzaraborda auzoan bata, eta Gaztañon bestea.

Gipuzkoan aitzindari

Erzibengoak azpimarratu du horrelako ezaugarriak dituen puzgailu publikoa jartzen lehendabiziko udalerria izan dela Errenteria. Hala eta guztiz ere, beste herri batzuek ere eman dituzte antzeko pausoak. Donostiak eta Oñatik ere, esaterako, jarri dituzte puzgailuak herritarren eskura. Hori bai, garaje moduko batean daude, eta ordutegi zehatz batzuetan soilik erabil daitezke. Errenteriako puzgailu berria, berriz, denen eskura dago, egunez eta gauez, 24 orduz. Arriskuak alde batera utzita, “aukera ona” da bertatik egunero pasatzen diren ehunka txirrindularientzat. Teknikariaren hitzetan, “gune estrategikoan” dago puzgailua, bidegorrian bertan, Oiartzunera joateko bidean.

Teknikariarentzat “beste pauso bat” da eman berri dutena, garraio ohitura berrien aldeko pausoa. “Zenbat eta jende gehiagok erabili bizikleta edo oinez joan, eta zenbat eta jende gutxiagok hartu autoa, orduan eta hobeto guztiontzat”. Horretarako, “gero eta bidegorri sare handiagoa” dagoela nabarmendu du Erzibengoak. “Aukera politak eskaintzen ari gara”. Errenteriatik Gipuzkoa osora pausoa emanda, eskura jartzen ari diren baliabide horiek guztiak herritarrek erabiltzea da erronka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.