Bizkar emanez konponbideari

Bizkar emanez konponbideari

E. Goenaga Lizaso

Ezin da ukatu. Hogei urtean asko aurreratu dugu, asko hobetu da egoera. Eta hori gure lorpena da. Ez dugu lortu gure helburua, alardea mistoa izatea, baina asko egin dugu”. Izaskun Larruskainek aurten utzi dio Hondarribiko Jaizkibel konpainiako kapitain izateari, eta txilibitua hartuta dabil entseguan, pozik, festa giroan. “Duela hogei urte, hau ezinezkoa zen. Entseguetara ez genituen umeak ekartzen, beldur ginelako, eta ez soilik irainen beldur”. Hogei urte bete ditu aurten Jaizkibel konpainiak; hogei urte, alardean soilik kantinera izatetik emakumeek gizonen ondoan desfilatzeko pausoa eman zutela. “Lehen urteetan, desfilatzen ere ez ziguten uzten, eta entseguak herrigunetik kanpo egiten genituen”.

Astelehena da, eta jai giroa da nagusi Hondarribian. Alardeko konpainia guztiak dabiltza herrian, eta txilibitu eta danbor hotsa entzuten da nonahi. Festak ez dira hasi, baina hasi direla dirudi. 19:45ean, Bitoriano Juaristi kaletik abiatu dira Jaizkibelekoak. Oihana Etxebarrieta kapitaina dute buru, eta, haren aurretik, kaleko jantzitako bi ertzain. Larunbateko entseguan, San Pedro kalean, Jaizkibel konpainiari bidea oztopatzen saiatu ziren, ibilbidean taberna bateko mahaiak eta aulkiak jarrita. “Gaur berriro gertatzen bada, isunak jarriko dituztela ohartarazi dute ertzainek”, azaldu du Larruskainek.

Hondarribiko Arma plazan jendetza bildu da. Dozena erdi konpainia pasatu dira bertatik, baita udal musika banda ere —bandako zuzendaria emakumea da, baina alardean ez da ateratzen—. Jendeak txaloka hartzen ditu gizonek osatutako konpainiak, baina txalo zaparrada handiena kantinerak jasotzen du. Bat-batean, jendea mugitzen hasi da; batzuk erretiratu egin dira, beste batzuk hurreratu, bakarren bat bizkarrez jarri da, eta horrela jarraitu du Jaizkibel konpainia pasatu denean.

Txalo hotsa ez da beste konpainiek entzundakoa bezain ozena, baina jasotako txaloei irribarrez erantzun diete desfilatzen ari direnek. Arma plazan atseden hartu, eztarriak busti, eta 21:00etan jarraitu dute aurrera. San Pedro kalera abiatu dira, duela hogei urte zapaltzea ere bururatuko ez zitzaien kalera.

Jendetza bildu da kalearen bi aldeetara, ilara txukunean, konpainiei txalo egiteko prest. Gizonak desfilatzen ari dira, eta nabarmena da begira jarrita dauden gehienak emakumeak direla, neska gazteak asko. Pasatu da konpainia bat. Txaloak. Beste bat, txaloak berriro ere. Banda igaro da gero, eta ozenagoa izan da txalo zaparrada.

Pixkanaka, zurrumurrua nagusitu da, eta apurka-apurka neska gazte asko bizkarrez jarri dira. Urrutira, danbor eta txilibitu hotsak entzun eta txapela gorriak ikusten dira. Badatoz Jaizkibelekoak. Bizkarra emanda jarri diren neskak gazteak dira, gehienak ez dira 18 urtera iristen, eta aurreko egunean mahaiak eta aulkiak jarri zituzten tabernaren parean bildu dira gehienak. Deialdiren bat egin dutela ematen du, ez dirudi kasualitatea; aurretik eta ondoren, bizkarra emanda jarri direnak gutxi batzuk izan baitira. Bigarren lerrotik, gizonezko batek galdera egin die neskei:”Ez al duzue ikusi behar?”. “Ez, baina gure iritzia ematen ari gara”, erantzun dio neska batek. Aurrean jarri zaio gizona. “Aizu, 18:00etatik gaude hemen, eta honetarako etorri gara”. Kasurik ez.

Iritsi dira Jaizkibelekoak, eta ikusi dituzte bizkarra emanda jarri diren herritarrak. Baina, batez ere, txaloak entzun dituzte, asko baitira San Pedro kalera Jaizkibel animatzera joandakoak ere. Kontrako oihurik ere ez da entzun, eta festa giroan amaitu dute entsegua.

Beti hitz egiteko prest

Pena ematen dio Larruskaini hain neska gazteak jarrera horretan ikusteak, ez zaio ulergarria iruditzen, baina argi du hori ez dela oztopo bat izango. Gaur, alardean, Jaizkibeleko neskek eta mutilek elkarrekin desfilatuko dute; festa giroan, eta, batez ere, ospakizun giroan egin nahi dute. Gainerako konpainiak ordu berean eta elkarrekin irtengo dira, baina Jaizkibelek bere aldetik egingo du desfilea. “Gure helburua da berriro ere betiko alardea egitea; betiko alardea, udalak antolatzen zuena, eta denek batera egiten zutena. Baina, noski, emakumeak desfilatzen onartuko dituena. Hori lortzeko giltza udalak du, beste inork ez”.

Udalari, ordea, ez dio konponbiderako borondaterik ikusten, ezta soilik gizonezkoena den alardea antolatzen duen Alarde Fundazioari ere. “Hemen konponbiderako urratsik inork egin badu, Jaizkibel konpainiak egin du. Gu beti egon gara eseri eta hitz egiteko prest, baina beraiek ez dute gurekin eseri ere egin nahi”. Elkarrekin behin bakarrik eseri direla dio Larruskainek, eta orduan Jaizkibel konpainiaren desfileari manifestazio izaera ez ematea onartu zutela nabarmendu du. “Ez geunden denok ados, baina onartu genuen, eta beraiek esan ziguten plastiko beltzik ez zutela gehiago jarriko gu igarotzean. Guk bete genuen hitza. Beraiek, ez”. Plastiko beltzekin, edo plastiko beltzik gabe, Jaizkibelek bere bidea egingo du gaur, eta helburua lortu arte bide egiten jarraituko dutela berretsi du Larruskainek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.