Azkena izateko desioarekin

Azkena izateko desioarekin

Unai Zubeldia

Aldarrikapenak eta jai giroak bat egingo dute bihar, egun osoz, Arrasaten. Hamabigarren urtez Elkartasun Eguna ospatuko dute herrian, euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien eskubideen defentsan. “Aldarrikapen zehatz bat izaten dugu urtero, baina nazio mailako mezua zabaldu nahi dugu aurten; denak etxean nahi ditugu”, azaldu du Aitor Urizar Elkartasun Eguneko antolatzaileetako batek (Arrasate, 1981). “Goiz eta arratsaldez kontzertuak izango ditugu herrian”. Eta, urtero bezala, manifestazioa izango da ekitaldi nagusia. 19:30ean abiatuko da, herriko plazatik, Euskal preso, errefuxiatu eta iheslari politikoen eskubideen defentsan leloarekin.

Berezia eta desberdina izango da aurtengo Elkartasun Eguna. “Orain artean egun bakarrean antolatu izan dugu jaialdia, baina arazoren bat edo beste izan dugu udaletxearekin, eta horregatik banatu behar izan dugu egitaraua bi egunetan”. Gaztetxean kontzertuak antolatu zituzten joan den larunbatean. “Eta oso giro ona izan genuen; arrakastatsua izan zen”. Drop!, Antiligent, Legen Beltza eta 5 Twisters taldeen emanaldiekin gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Bihar, berriz, 12:30ean hasiko dira goizeko emanaldiak, herriko hainbat tabernaren atarietan eta udaletxeko plazan —13:15ean izango da azken hori, Ain_1 taldearena, Kajoi eta Itzala tabernek antolatuta—, eta 17:00etan arratsaldekoak. “20-22 taberna animatzen ziren orain arte, baina zailtasunak izan ditugu aurten. Taldeak lotu behar izaten dira, kontzertu asko dira egun bakarrerako… Ez da samurra izaten dena ondo lotzea”.

Deialdiak, normalean, “oso erantzun ona” izaten duela azpimarratu du Urizarrek. “Eskualde guztiko jendea inguratzen delako Arrasatera”. Eta aurten ere antzeko bideari eustea espero du arrasatearrak. Musika talde asko dago herrian. “Zorte hori daukagu”. Baina Elkartasun Eguneko musika eskaintza ez da mugatuko herriko taldeetara. “Talde txikiak, hain ezagunak ez direnak ekartzen saiatzen gara beti, eta denetik izango da aurten ere; Arrasatekoak bertakoak, Aretxabaleta eta Oñatikoak, Gasteiz, Iruñea eta Gernika-Lumokoak ere bai…”. Antolatzaileen hitzetan, musika motari dagokionez ere “denetik” izango da entzungai: punk rocka, rock intimista, post hardcore melodikoa, ska-punka, punka, punk 77a, punk rock jostalaria, post rocka, punk Oi-a…

Eguerdian, paella erraldoia

Kontzertuez gain, etxeko txikienentzat eskaintza ere izango da Arrasaten. 11:00etatik aurrera umeentzako jolasak eta tailerrak izango dira Biteri plazan, eta hainbat material egongo da salgai gune horretan. 14:00ak aldera, berriz, bazkari herrikoia egingo dute. “Paella erraldoia prestatzen dugu 200 bat lagunentzat. Izugarrizko erantzuna izaten du beti bazkariak”. Erosi nahi dituztenentzat Basati, Monte eta Taupa tabernetan dagoeneko salgai daude tiketak, 13 euroan. “Baina egunean bertan ere erosteko aukera izango da gunean bertan”.

Urizarrek azaldu duenez, gaur-gaurkoz bi errefuxiatu eta zazpi preso daude Arrasaten: Unai Parot (27 urte espetxean, Josu Arkauz (25 urte), Aratz Gomez (17 urte), Premin Sampedro (15 urte), Txus Goikoetxea (15 urte), Kepa Arkauz (3 urte) eta Julen Mendizabal (3 urte). “Azken bi horiek epaiketa eduki berri dute Parisen, eta sei eta zazpi urteko espetxe zigorra jaso dute hurrenez hurren, ETAko aparatu logistikoko kide izatea leporatuta”. Epaileen zigorra beteta, berriz, Josu Arkauzek dagoeneko kalean egon beharko lukeela salatu du Urizarrek. Ondo bidean, hamabost urteren ondoren abenduan geldituko dira aske Sampedro eta Goikoetxea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.