Ehun urtez Kontxari begira

Ehun urtez Kontxari begira

Imanol Saiz

Pasai San Pedro, 1917. urtea. Honako hau idatzi zuen Joaquin Luis Fachado herriko kronistak: “Eta dueluaren eguna iritsi zen. Herritarrak kalera jaisten ziren, goiz-goizetik. Gizon, emakume eta haurrek, presati, itsasoa nola zegoen galdetzen zuten. Garaiko autobus gutxi horietan batzuk kapitalera bideratzen ziren; besteak, berriz, menditik edota karreteratik oinez. Bat-batean, ahots batek, herriko punta batetik bestera entzuten zen ahots zoratu batek zera zioen: ‘Lehenengoak, lehenengoak!’. Garrasiak, girlandak eta garaipen arkuak nonahi. Orduan, lehenengo mezulari eta herriko telefono bakarretik azken ordukoa baieztatu zen: ‘San Pedrok Kontxako Bandera irabazi du’. Suziriak, musika eta jai algara portuan”.

Mende osoa pasatu da jada mezu hura Pasai San Pedroko portura iritsi zenetik, baina herriko helduenek oraindik ere gogoan dute Kontxako Bandera hura eta beste asko irabazi zituen San Pedroko lemazainik ezagunena: Manuel Arrillaga Arzak, Aita Manuel.

Aita Manuelek, patroi lanetan, egun hartan irabazi zuen Kontxako Bandera lehenengoz, 1917ko irailaren 16an. Lehena izan zen, baina ez azkena. Orduz geroztik, sanpedrotarrak izugarrizko ibilbidea izan zuen Libia ontzian, eta ehun urtez Kontxari begira jartzeko aukera eman zion barrutiari. Patroiaren ibilbidea herritarrei kontatzeko eta garai hartara jauzia egiteko asmoz, Badator Aita Manuel Eguna antolatu dute biharko Pasai San Pedron.

Herrian, oraindik ere, Aita Manuel ezizenez da ezaguna Manuel Arrillaga Arzak patroia. Jose Luis Elortegi sanpedrotarrak argitu bezala, aurten hirugarren urtez egin diote aitortza patroiari. Hala ere, Kontxaren mendeurrena dela eta, ospakizun egun “berezia” antolatu dute aurten.

Historia luzeko kirolaria da Manuel Arrillaga. Sanpedrotarrak gazte hartu zituen lema eta arrauna, orain ehun urte, hain zuzen ere. 1945ean hartu zuen erretiroa, Kontxako hainbat bandera irabazita. Egun, Arrillaga bera da San Pedroko herritarrik loriatuena.

“Patroiaren irudia goratzea”. Elortegiren hitzetan, hori da biharko ekitaldiaren helburu nagusia. “Ibilbide oparoan lorpen ikaragarriak izan arren, herrian, egun, ez da oso ezaguna patroiaren irudia”. Sanpedrotarrak gaineratu duenez, helduak dira pertsonaia ezagutzen duten herritarrak. “Eta gazteek, orokorrean, ez dute ezagutzen”. Baina sanpedrotarrek aitzakia aparta dute bihar Kontxako Bandera gehien irabazi duen herrikidea ezagutzeko. Goiz-goizetik gauera bitarte, hamaika ekitaldi prestatu dituzte herrian, itsasoaren usainean azken mendeari errepasoa egiteko.

09:00etatik aurrera, ez da ezer faltako herrian: diana, meza, danborrada, kalejira, bazkariak, txarangak… Ez da faltako ez musikarik, ez dantzarako, jateko eta edateko motiborik. 1917ko Kontxako Bandera irabazi zuten arraunlarien senideak izango dira ekitaldi horietan guztietan. Hala nahi dutenek ehun urtez atzera egiteko aukera izango dute, beraz. Azken bi urteotako aitortza egunetan egin duten bezala, antzezlanak eta garai hartako irudiak ikusteko aukera izango da. Mende osoa pasatu ondoren, Aita Manuel, egun batez, San Pedroko portuan izango da berriz ere.

Hamabostetik, bederatzi

Historian atzera eginda, San Pedroko arraunlariek hamabost aldiz irabazi dute, orain arte, Kontxako Bandera. Datu garrantzitsua gogorarazi du Elortegik: “Sailkapenari begiratuta, Kontxako Bandera gehien irabazi duten herrietan bigarrena da gurea, Orioren atzetik”. Aita Manuelek egindako lana ezagutzea beharrezkoa da more koloreko taldearen ibilbidea ulertzeko. Arrillaga tartean zen aipatutako hamabost bandera horietatik bederatzitan; lemazain lanetan irabazi zituen zortzi, eta arraunlari gisa bestea.

Datu horiek guztiak kontuan hartuta, Elortegiren ustez ezin da ahaztu Aita Manuelen irudia: “Eta, horregatik, bere lehen bandera garrantzitsua irabazi zuenetik ehun urte bete direnean, gogora ekarri nahi dugu San Pedrorentzat hain garrantzitsua izan den pertsonaia”. Sanpedrotarrak gogoan dauka garai hartako arrauna: “Beste edozein arrantzale bezala, arraunlariak ere euren lanetan aritzen ziren orduan”. Elortegiren hitzetan, “sanpedrotarren egunerokoaren zati” da arrauna. “San Pedron, arrauna ez da arrauna soilik, bizitzeko modu bat da”.

Egun bakarra falta da San Pedrok, egun batez, mende oso bat atzera egiteko. Bihar, arrantzale janzteko deia egin dute herritarren artean, baita balkoiak eta herria kolore morez apaintzekoa ere. Pasai San Pedroko arraun historiaren aita presente izango da, beste behin ere, bere lekurik kutunenean: San Pedroko portuan, itsasotik gertu. Badator Aita Manuel.

Leave a Reply

Your email address will not be published.