Arsuagaren unibertsoa

Arsuagaren unibertsoa

Rebeka Calvo

Naturaren eta denboraren hauskortasuna, eta bizitzaren zein margotzearen inguruko hausnarketak, ideia horiek bildu nahi izan ditu Mariano Arsuaga margolariak (Irun, 1954) Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ganbara aretoan ikus daiteke Lorategiak airean, baina erakusketa bakan bat baino gehiago da. Izan ere, Gasteizen eta Iruñean egongo da ikusgai ondoren. Horietan, baina, lan gehiago ere ikusi ahal izango dira; proiektua osatzeko hamabost karpeta biltzen dituen katalogoa prest izango du ordurako. “Hurrengo bi hirietarako banatu ahal izango dugu katalogo hori”, azaldu du artistak berak. “Nire lan egiteko moduaren isla da katalogoa. Egunerokoek osatzen dute lanaren zati handi bat; egunerokoetan ikus daiteke nire sormen lana nolakoa den; eta erakusketa honen muina hori ere badenez, katalogoan hori ere islatu nahi nuen”.

Koloretsuak dira Arsuagaren lanak, geometrikoak ere bai batzuetan. Lorategiak airean erakusketan 2010etik 2015era arteko hogei bat lan ikus daitezke, baita azken urtean egindako lan batzuk ere. Denboraren iragankortasunaren ideia nabari da lan guztietan, baina, horren inguruko hausnarketa hutsa egiteaz harago, ikuslea xaxatu nahi izan du margolariak, pentsatzeko gonbita egiteko eta sentsazioak areagotzeko.

Margotu aurretik idazten eta marrazten dituen egunerokoak ditu abiapuntu, eta erakusketan hartzen duten tokiarengatik ere antzeman daiteke eguneroko horien garrantzia. Sartu eta berehala ikus daiteke margolan bat osatu aurretik egin beharreko lan guztia; txukun sailkatuta, karpetetan banatuta eta irakurtzen dituen liburuen aipuez beteta. “Nik beste autore eta idazle batzuen aipuekin osatzen ditut egunerokoak. Horregatik diot beti giza kate baten katebegi bat besterik ez naizela, bai bizitzan eta baita margolanetan ere”. Hain zuzen ere, margotze prozesu horretako zati hori ere erakutsi nahi zuen egileak. “Eguneroko batzuk daude erakusketan, eta baita margotze prozesuan erabiltzen ditudan koaderno batzuk ere. Kolore probak dira marrazki batzuk; bukatuta dauden margolan batzuk ere badaude; bozetoak ere bai… Prozesu guztia ikus daiteke lehen beiratean”. Lau beirate ditu erakusketak. “Koadroak daude batetik, eta beirateak bestetik. Egunerokoak lehenengoan daude, eta denboraren inguruko hausnarketa pausatuago bat egiteko baliatu dut bestea”.

Margolariaren ustez, zoriak berebiziko garrantzia du bere bizitzan, eta erakusketan horrek ere badu indarra. “Aurretik eginda neukan serie bat da Lorategiak airean. Izenburu bat behar zuen erakusketak, eta lanei zentzu bateratu bat emateko bilketa lanean hasi nintzenean konturatu nintzen Lorategiak airean izenarekin bat egiten zutela guztiek. Erakusketa bat bezala, barruti hesitu bat da lorategi bat ere, eta mundu oso bat erakuts daiteke bertan. Nire bizitzaren eta margolanen zati handi bat dago lorategi honetan, eta, gainera, lorategiek ere badute efimeroaren eta hauskortasunaren ideia hori. Haziz doan alaitasun hori ikus daiteke, eta momentuekin lotuta dago hori. Bizitza oso polita da, baina edozein momentutan eten daiteke”.

Artistak mugitu ezinik igaro zuen une luze baten ondorioz iritsi zen bizitzaren iragankortasun horren inguruko hausnarketa. Eta hori da, hain zuzen, erakusketa ireki eta ixteko erabili duen ideia ere: mugikortasunik ezak sortutako erretiro ideiarena. “Hausnarketarako bide gisa erabili nuen erretiroaren ideia”, azaldu du. “Espetxeko barratzarrak diruditenak ikus daitezke erakusketaren lehen lanetan. Denbora horretan bakarleku bat-edo bilatu behar nuela pentsatu nuen. Hori baita ziega, ez bakarrik espetxeko ziega, baita bakarlekurako tokia ere”.

Bizitzaren igarotzearen inguruan hausnartzen hasi zen garai ilun hartan eta lanetan ere nabari da hori; ia mugitu ere egin ezin zenean sentitutako estutasuna nabari da lehen lanetan, eta espazioak irekiz joaten dira pixkanaka, eta koloreak, bizituz. “Bukaeran ikus daitezkeen elementu bertikalekin aurrez aurre jarrita daude hasierako ziega horiek, baina irudi bertikal horiek zuhaitzetako adarrak edo enborrak izatera pasatu dira. Argi gehiago dute paisaia horiek; nire bizi igarotzearen isla dira”. Arsuagak ez ditu marrazten paisaiak bere horretan, baina Koldo Mitxelenan ikus daiteke horietako bat. “Berastegirekin edo inguruarekin gehiago lotzeko balio zidan ia mugitu ezin nintzeneko garai hura ageri da bertan. Parean nuen paisaia ere margotu behar nuela iruditu zitzaidan, eta horregatik erabaki dut lan hori ere jartzea”. Berastegiren isla da paisaia hori, bertan bizi baita azken 25 urteotan.

Bisitaria, koadroan sartuta

Arsuagarentzat jarduera askea da margotzea. “Baina etengabe hartu behar izaten dira erabakiak”. Horren guztiaren inguruko hausnarketa egitera gonbidatu nahi du ikuslea. Artistaren ustez, leihoak dira koadroak, eta bisitariek leiho horietan barrena begiratu, galderak egin, eta denboraren inguruko hausnarketa egitea nahi du egileak. Lan horretan laguntzeko, ikuslea bere koadroetako batean sartuko du Ganbarara sartu eta berehala. “Koadroan barrena paseatzea da helburua, koloreekin blai egitea…”. Eta lortu du. Ganbaran sartu eta lurrera begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko; konturatu gabe, Mariano Arsuagaren unibertsoan sartuko da ikuslea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.