Herrikideez harro

Herrikideez harro

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoan bizi diren kataluniar gehienek —bertan erroldatuta daudenek, behintzat— ez zuten igandeko erreferendumean bozkatzeko eskubiderik. Horrek, ordea, ez du esan nahi orain arteko prozesua eta, batez ere, igandeko gertakariak urrunetik bizi izan dituztenik. Bozkatzeko eskubidea izan ala ez, asteburua jaioterrira itzultzeko baliatu zuten askok, eta ezin izan zutenek hedabideei eta sare sozialei begirik kendu gabe egin zuten jarraipena.

Bartzelonako San Antoni auzoko eskola txiki batean eman zuen eguna Dani Lopezek (Bartzelona, 1974); etxean, telebistari begira hasi zuen eguna Antoni Pijoanek (Reus, 1971). “Poztasun handiko eguna” izan zela esan du Lopezek, nahiz eta San Antoni auzoko bozkalekuan tentsio uneak bizi izan zituztela aitortu. Pijoanek “emozioz eta pena handiz” bizi izan zuela dio. “08:00etarako komunikabideei begira hasi nintzen, eskolak nola irekitzen ziren-eta ikusteko. 10:00etarako, iristen ari ziren irudiak ikusita, hedabideetatik deskonektatzea erabaki nuen. Ezin nuen gehiago. Han daude nire gurasoak, nire familia osoa, nire lagunak. Kezka handia zen; ezin izan nuen gehiago”.

Begotxu Olaizola (Donostia, 1964) ez da kataluniarra; baina lotura handia du Herrialde Katalanekin. Valentzian bizi izan zen hainbat urtez. “Eta hor hasi zen lotura. Hizkuntza ikasi, eta valentziarzaleak ziren lagunak egin nituen”. ANC sortu zenean, Valentziako ANCko kide egin zen; eta, gero, Euskal Herriko ANC sortu zenean, koordinatzaile izatea proposatu zioten. “Kataluniarekin lotura izatea garrantzitsua zen, baina baita euskaraz jakitea eta Euskal Herrian mugitzen jakitea ere, konplizitateak lortu ahal izateko”. Bartzelonan pasatu zuen igandea: “Batera eta bestera, Galesko telebista baterako interprete lanak egiten. Ikusten zutena ezin sinetsita zeuden galestarrak. Halako irudiak Katalunian, Europan, XXI. mendean ikustea ez zuten espero”.

Duintasuna

Kataluniako herriak erakutsitako jokabidea azaltzeko garaian, duintasuna, ardura, lasaitasuna… halako hitzak erabiltzen dituzte hirurek. Baina, guztiaren gainetik, “harrotasuna” sentitu zutela esan dute. “Harrotasun sentimendu handi bat gelditu zait, harro nago katalana izateaz. Azken finean, nire herrikideek agerian utzi dutena da demokrazia defendatzeko irten direla kalera, herri bat irten delako kalera, bere borondatea zein den agertzera”, dio Pijoanek.

Lopezen aburuz, “izugarria” izan zen jendeak erakutsitako jarrera. “Oztopo guztien gainetik, botoa eman nahi zuen jendeak; denbora luzez itxaron behar izan zuten, poliziaren oldarraldiak izan ziren, baina pazientzia eskatu zitzaien, eta jendeak eutsi egin zuen; eutsi egin zuen botoa eman arte, baina baita gero ere”. Botoa ematera lagundu zion 88 urteko emakume baten kasua aipatu du Lopezek. “Botoa eman ondoren, etxetik ekarritako aulkitxoa atera zuen, eta hantxe eman zuen egun osoa, eserita. ‘Hau nire auzoa da, eta nik nire auzoa defendatuko dut’, esaten zuen, harro”. Kataluniako herriak “duintasun lezio ikaragarria” eman duela uste du Lopezek.

“Ze herri duina”, goraipatu du Olaizolak: “Kataluniako gizartearen eta herriaren garaipen sekulakoa izan da igandekoa”. ANCko kidearen aburuz, gainera, “helburuak eta estrategiak konpartituak direnean gauza asko egin daitezkeela, edozer dela posible” erakutsi dute.

Erreferenduma

Katalunian bezala, Gipuzkoan bizi diren kataluniar guztiak ez dira iritzi berekoak erreferendumari eta independentziari buruz. Pijoanek “nazionalista eta independentista” gisa definitu du bere burua, baina prozesuarekin eta erreferenduma egiteko moduarekin ez zegoen konforme. “Ez zait gustatu nola egin diren gauzak. Katalanak gutxiengoa gara Espainiako Estatuan, eta ez zait ondo iruditzen gutxiengo horrek libreki erabakitzen duena betetzeko modurik ez izatea; baina, aldi berean, Katalunian ere badaude beste gutxiengo batzuk, eta horiek ere errespetatu behar dira, eta irailaren 6 eta 7an, Kataluniako Parlamentuan, ez zen errespetatu”. Aldi berean, azpimarratu du Kataluniari beste biderik ez zaiola gelditu. “Ez zegoen alternatibarik. Joko arauak zein diren ikusita, Kataluniak inoiz ezingo ditu arau horiek aldatu herritarrek erabakitzen dutena gauzatu ahal izateko. Zerbait egiten den bakoitzean, Auzitegi Konstituzionalak atzera botatzen du, eta eztabaida bera eragozten du. Zein da, orduan, bidea?”.

Erreferenduma egingo zela jakin zuen eguna gogoratu du Lopezek. “Ordutik gertatutako guztia sekulako ilusioarekin bizi izan dut. Hainbeste denbora pasatu dugu egun hori iristeko zain…”. Ildo horretan, eztabaida autodeterminazio eskubidearen, demokraziaren eta eskubide zibilen ingurukoa izan dela uste du. “Independentziaren defentsa baino gehiago, herritarrek egin dutena demokraziaren eta eskubide zibilen defentsa izan da”. Espainiako bandera gerrira lotuta bozkatzera joan zen gaztearen irudia jarri du mahai gainean Lopezek. “Jendeak txalotu egin zuen, bakoitzak bere iritzia libreki adieraztea zelako helburua; hau ez zen soilik baiezkoaren erreferenduma”.

Antolaketak txunditu zuen Olaizola. “Gobernuak mandatu bat zuen, eta bete egin du; oztopoak oztopo, botoa eman ahal izatea bermatu du: boto paperak, hautetsontziak eta sistema informatikoa, dena prest zuten”. Oztopoak aurreikusita zeudela nabarmendu du, eta Ipar Katalunian gordetako boto kutxen adibidea jarri du. “Sekulakoa. Guri ere erakutsi digute hau dela bidea, egin daitekeela, aurrean Espainiako Estatua eduki arren. Hori bai, zenbat gauza ikasi behar dugun… zenbat sare sortu, zenbat baliabide tekniko jarri, zenbat jende elkartu…”.

Independentzia

Zailtasunak zailtasun, erreferenduma egin izana pauso handia dela diote hirurek. Emaitzen inguruan ere, zalantzarik ez. “Datuek esaten dutena oso argi dago, agerikoa da emaitza. Boto batzuk gorabehera, argi dago kataluniarrek zer esan duten”, dio Pijoanek. “400 hautesleku itxi dituztela, 800.000 herritar botoa emateko tokirik gabe utzi zituztela eta Poliziaren erasoa izugarria zela kontuan hartuta, izugarria da bi miloi herritarrek baino gehiagok parte hartzea”, gehitu du Olaizolak.

Herritarrek hitz egin dutela, eta orain aurrez zehaztutako bideari eutsi behar zaiola uste dute Olaizolak eta Lopezek. “Gobernuak aurrera jo behar du, kasu egin behar dio Kataluniako herriak erabaki duenari. Oso argia izan da; beraien mandatua zen bukaeraraino iristea, eta Kataluniako errepublika aldarrikatu behar da. Ez dago atzera martxarik. Gainera, ezin da negoziatu hitz egin aurretik mahaian armak jartzen dituenarekin”, dio Lopezek. Negoziatu nahi bazuten aurrez zazpi urte izan dituztela ohartarazi du.

“Nik uste dut erreferenduma gauzatu izanak berak eskubide guztia ematen diola Kataluniari estatu izateko”, esan du Olaizolak. Haren hitzetan, argi dago orain zein den bidea, hala baitago jasota Kataluniako Parlamentuak onartutako legean: aldebakarreko independentzia aldarrikatu; hauteskundeetara deitu eta parlamentu berri bat aukeratu; parlamentu horrek Kataluniako Konstituzioa idatzi, eta herritarrek konstituzio hori bozkatu.

Pijoanek zalantza du bide horri dagokionez. “Hemen gatazka bat dago, eta, gatazka guztietan bezala, konponbideak negoziatua izan behar du. Bestela, pantaila batetik bestera igaroko gara, eta gero beste batera, eta gatazkaren konponbidea gero eta zailagoa eta konplexuagoa izango da”. Ildo horretan, ez du uste egun dauden ordezkari politikoak —ez Carles Puigdemont eta, gutxiago, Mariano Rajoy— negoziazio horretarako pertsona egokiak direnik, eta ezkor begiratzen dio bide horri.

Bide orria bete egingo dutela eta epe laburrean independentzia aldarrikatu dutela uste du Pijoanek, baina beldur da horrek ez ote duen “indarkeria areagotzea” ekarriko. “Nire iritziz, Kataluniak autonomia handiagoa beharko du, ezin dugu daukagun autonomia estatu honetan jarraitu. Espainiako Estatuaren barruan, Katalunia singularitate bat da; hori onartu egin behar zaio, eta ez zaio onartzen. Beraz, ez dakit Kataluniaren irtenbide bakarra independentzia den, baina bai estatu propio baten sorrera; izan liteke estatu libre elkartua, edo beste edozein formula, baina aukera eduki behar du Espainiako Estatuarekin parez pare hitz egiteko”.

Gobernuaren estrategia

Espainiako Gobernuaren estrategia ere izan dute hirurek ahotan. Dani Lopezek dio independentista dela betidanik, bere militantzia independentziaren aldarrikapenari lotuta joan dela beti, eta CUP inguruan mugitzen dela —EH Bilduko kide da, eta Tolosako zerrendan aurkeztu zen udal hauteskundeetan—. Horregatik, “eskerrak” eman nahi dizkio Espainiako Gobernuari, bere jokabide traketsarekin “independentistak sortzeko makina” bilakatu delako: “Igandean, 78 urteko emakume batek esan zidan ezezkoa bozkatzeko asmoa zuela. Baina, ikusitakoak ikusita, independentziaren alde bozkatu zuen. ‘Ez dut bizi nahi nire adineko emakumeak jotzen dituen estatu batean’, esan zidan. Jende askok aldatu du iritzia egun bakarrean”.

Pijoanen arabera, Espainiako Gobernuak utzi egin behar zuen erreferenduma egiten. “Nire ustea da erreferenduma egiten utzi izan balute, normaltasun osoz, ezezkoak irabaziko zuela. Eta, orduan, Kataluniaren arazoa desagertu ez, independentziaren aldeko mugimendu bat beti egon delako, baina bai desaktibatuta geldituko zela”. Are gehiago, bere garaian Kataluniako Parlamentuak onartutako estatutua atzera botatzea jotzen du Pijoanek egungo egoeraren abiapuntu. “Onartu izan balute, ez litzateke inondik inora ere gaur dagoen independentista kopurua izango. Soilik Rajoyren agintaldian %11tik %46-47ra pasatu dira independentziaren aldeko herritarrak”. Pijoan ziur dago, igandean gertatutakoarekin, kopuru hori are gehiago haziko dela.

Olaizolaren arabera, duela urte batzuk kataluniar askorentzat nahikoa izango zen autonomia pixka bat gehiago eskuratzea. “Estatutua onartu balute, beste urte pila baterako bake soziala bermatua egongo litzateke. Baina hemen, Katalunian, jendea ja nazkatuta dago; herritarren pertzepzioa da okerrago ezin dela egon, eta jada edozer eskainita ere, ez dute nahi, joan egin nahi dute”.

Nazioartea

Botoa eman besterik nahi ez zuten herritarren kontra Poliziak erabilitako indarkeriaren irudiek oihartzun zabala izan dute nazioarteko hedabideetan. Laguntza handik iritsiko den esperantza badute batzuek. Ez, ordea, Pijoanek. “Europako herrialde handiek ez dute begi onez ikusten Espainian sezesio bat gertatzea. Ez zaie interesatzen. Eta hortik ez dut espero gauza handirik. Europa teknokrazia handi bat da, eta bakoitzak bere interesei begiratzen die”. Irudi horiek hedabideetan sortu duten eskandalua eta zalaparta, bestalde, pare bat egun barru itzaliko dela uste du.

Itxaropentsuago hitz egin du Lopezek. “Belgikarrek eta iparraldeko beste zenbait herrialdetako kideek esan digute aurrera egiteko, onarpena gero etorriko dela. Ezin gara obsesionatu onarpenaren kontuarekin, jarraian etorriko da eta; badakigu nazioartean babesa badugula. Gertatzen dena da ezin dutela publikoki adierazi. Diplomaziak ezkutuan egiten du lan, eta nik uste dut sorpresa bat baino gehiago izango dela”. Artean, Kataluniak bide bat egin duela eta bide horri atxiki behar zaiola uste du Lopezek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.