Hainbat datu

Zortzi herri

Gipuzkoan eta Bizkaian. Gipuzkoan egon arren, Gipuzkoako sei herriri eta Bizkaiko biri eskaintzen die zerbitzua: Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikuri, Gipuzkoan; eta Mallabia eta Ermuari, Bizkaian.

78.000 biztanle. Mendaroko ESIak 78.000 biztanleri eskaintzen die osasun arreta.

ESI. Erakunde sanitario integratua (ESI) da Mendaro, 2011ko abendutik. Horrek esan nahi du arreta sanitarioko bi maila edo esparru nagusiak bakarrean uztartzen direla. Mendaroko ESIak, hain zuzen, zortzi herrietako lehen mailako arreta zentroak —zazpi osasun zentro eta hiru kontsultategi— eta erietxea bera hartzen ditu. Eibarren ospitalea irekitzen dutenean, ESI berean sartuko da.

Langileak eta baliabideak

Langile kopurua. Mendaroko ESIaren egiturazko langile kopurua 676koa da; baina ohiko langile kopurua 800 inguruan ibiltzen da —medikuak, erizainak, erizain laguntzaileak, emaginak, zeladoreak, fisioterapeutak, administrazioko langileak, teknikariak…—.

Baliabideak. 119 ohe, bost kirofano eta lau erditze gela ditu Mendaroko erietxeak. Erradiologia atala eta TACak egiteko eskaner bat ere baditu. Horrez gain, kontsultetarako 39 lokal, larrialdi zerbitzua, etxean ospitaleratzeko zerbitzua, erreanimaziorako unitatea eta ebakuntza osteko eguneko ospitalea ere baditu.

Jarduera datuak

7.000 ospitalizazio inguru. 2016an 7.300 ospitalizazio senda-agiri eman zituzten, eta kirurgia handi zein txikiko 7.000 ebakuntza inguru egin zituzten. Kirurgia txiki anbulatorioan, egunean bertan etxera joan ahal izan ziren 1.800 gaixo ingururi egin zieten ebakuntza.

641 erditze. Iaz, 641 ume jaio ziren Mendaroko erietxean. Emaginaren kontsultak 20.000 inguru izan ziren.

340.000 kontsulta lehen mailako arretan. Erietxean 136.000 kontsulta inguru izan ziren iaz, eta, lehen mailako arreta zentroetan, 340.000. 62.000 izan ziren pediatrian, eta 300.000 erizaintzan. Osasun zentroetako larrialdietan 54.000 lagun artatu zituzten, eta, ospitaleko larrialdietan, 32.000.

Leave a Reply

Your email address will not be published.